Koblakariaren agurra
«A cada alma dolorida le
gusta cantar sus penas».
Martin Fierro
1
Urtien horma zaharraren
babes paketsuan
entzun zelan kantetan daben
agure honek bere penaren
kopla tristea
kanta igar samintsuan.
Zahartzaro zabal zabalean
akorduen enbor latzean jarririk,
kantari, nahi nituzke nik
penak, aideari abestean,
poz bihurtu
ta bizkarrean berriro nire memoriak
segi bidea ixilik.
2
Oi lurra! Oi bizitza! Oi denpora!
Nire ondoan dena ihesi ba doa,
errekea, eguzkia, zeruan lainoa,
eguna ta gaba, hiretargia, itsasoa.
Ta zeuen mailaz-maila gorago
ta urrunago, ni neu be ba noa.
Atzo nengoan lekuan gaur ipini deuste
oroigarri triste bat, igar ta sikua,
pena baten zapi baltzetan batua.
Besterik ez dago. Haurtzaro galdua,
gaztaroa... Dana dago zimeldua,
hodei arteko hiretargi lez bigundua.
Nire bizitzan arantzak, ilunpeak,
ta goizetik gaberainoko negarra.
Tristura triste baten belarra
arimaren soloan, ta bularra
kiskaltzen pekatuaren sugarra.
Nire arima, arima ustel zamarra!
Oi lurra, oi urteak, oi pozak!
Danak joan dira. Ta mundua
ilun daukat. Busti nire ingurua.
Non zarie amesak?... Ahaztua,
bihotz ondoraino jausita damua.
Penaren uretan kontzientzia mindua
barrean, ezin sofriturik pekatua.
Oi urtien pekatuak... Gure Aita betikoa,
parka arren nire bizitza zoroa.
Aita zara: parka semien semetza gaiztoa.
Ta zuk, Jesus, gure Erosle gozoa,
emostazu zeruan zure Amaren altzoa.
3
«Qué eternidad y horrible
la breve vida».
Duque de Rivas
Emostazue kopa bat handia:
ahoa erreten deust garrazki
gorroto birao zantarrak.
Busti gura dot eztarria
ta ardotan ito
pekatuaren tristura lodia.
Nik nahi barik daukot eta
daukot hemen barruan
pena ilun sakon bat.
Zer egin nei, lagunok?
Euskal Herria itxi nebala
malkoak dodaz begian:
itsasoz handik, hara Espainia,
ez baita lur hoberikan.
Kanta neban, ta itzuli barik:
agur Euskal Herri, agur
agur betiko Euskal Herri...
Berriz begitu nebala
ez zan ikusten herririk.
Bestien pozak tristeagotzen
nau beti geroztik.
4
Ba goiaz joan bide luzean
atzera begitu barik:
ondino gaua urrun dago-ta
eguna dago argirik.
Urrungo itzal paketsu harek
emongo deusku pakerik,
pentsetan dogu, pentsatu barik
inoiz hilgo gareanik.
Bidean ba da ostatu onik,
iturri garbi gozorik,
ba da laguntza, ba da grazia...
Bainan ez da denporarik.
Beti aurrerantz goiaz andaran,
ihesi Jainkoagandik.
Ba goiaz joan, bizi guztian
barrura begitu barik.
Joan ta joan beti joaten
grina gaiztoen bidetik,
kurtze batean hil zan Jesusi
ez deutsagula ardurarik.
Itzal, oi itzal!... Ez dakigula
zelan erdu gareanik,
ustekabean aurkitzen gara
heriotzean jausirik.
5
Zaharrak dinotsolako egia da.
Bainan kantan dinoelako,
eta moskor eta negarrez,
bi bider egia.
Gazte nintzanean
bizitzan laisterka ninoian:
guztiz urrun, ilunbe bat
sumatzen baineban.
Baporak portura legez
itzalera ninoian andaran.
Gaztien amesak: joan
beti urrun, urrunago,
han olgetako grinaz.
Etorri naiz eta...
heriotzea zan.
6
Bidean iatorkuk heriotza,
geugaz eta geldiro, bai.
Ixil-ixil... Geure itzalpean
etorrek beti geure zai.
Bardin praube ta aberatsak, bardin
triste bizi edo alai:
heriotzak, urtien haria
ebakiko deusku danai.
* * *
Aurrerantzako indarra
emoten deusku bihotzak,
indar honeik guztiok dauz
ebakiko heriotzak.
Amatauko dau betiko
gure munduko bizitza.
Hartuko deusku Jainkoak
danaren kontu zorrotza.
Zahar ta gazteok daukogu
hilgo garan kastigua:
geroan sartuko gara
itxirik geure mundua.
6
Maite ioat mundua, Mikel:
hildakoan lurperatu
nagik arbola ondoan,
arbola ondoan eta
iturri baten alboan.
7
Nire amesa joan iat
lorezko bide batetik.
Oin arinez, edo biziz,
eguzkiaren atzetik,
itsasoz beste aldera:
zeugatik, ames, zeugaitik
bide luze arinean
erromes naiz umetatik.
Zoroak lez bilatu dot
nonahi zorion eztia.
Ura lez atzaparretan
labaintzen iat poz guztia.
Eskuok hutsik daukodaz,
zertan erre dot bizia?
Besteak poztuz tristeagotzen
bizi da koblakaria.
8
Bainan arima nekatu
errekaren bazterrean
halan egur ustela
geratu zanean,
denboraren ibai zabala
aurrera zoan, aldean.
Sasi artean kabitu,
arima zaharra, motela
ez eban afanik
nagi geratu zan, geldi
ta ur bazterrean etzanik.
Bazterreko ur malsoan
arimari lotu iako
pats lizun berde ta
hosto eroririk... eta
geldotasun antsibaga.
Arima geixo geldoa:
urasetu, gitxien ustez
makal eta baldar
jausiko haiz ur ondora.
9
Bizi dan lez praube hilgo da
Nevada-ko olerkaria,
zeuen poz eta neure penen kantaria.
Nire negarrak emon dau alegrantzia:
nor izango da nire heriotza
kantatzeko koblaria?
Gauero kantetan dogu
herria itxi dogunok:
bainan zaldi ona be gaur
jatez ahazturik iagok.
Lehenago nire bertsuok
barre eragin deutsuez bainan
gaur negar dagigu danok.
Agur Euskal Herri maitea,
ta agur zeuek be, lagunok.
10
Hilda aurkitu dot koblaria:
lurrean etzanda,
izarrak begira,
bihotzean bala bat
ta ondoan, geldi, zaldia.
II
© Joxe Azurmendi