Aitaren ehorzketa

 

Ikusi zutenean

denek esan zituzten hitzak.

Ezer ez gehiago.

 

Pasatu zenean gorputza,

ixiltasun sorta bat

gelditu zen aidean,

odol usainez.

 

Dena geldi zegoen,

bapatean.

Itzal jendetza.

 

Pasatu zenean

ez nuen esan hitzik, nire barnean.

Bainan begiak itxi, bainan

begiak itxi...

Dena geldi.

Gero senti nintzen

hil gabe oraindik.

 

Bihurtu nintzen hilen herritik

bizien kanposantura.

Denak ixildu ziren,

ixilik zegoen harrezkero

kanpaia. Pausoak

zetozen nire ondotik.

 

Pasatu zen.

Gero: geldi zegoen.

Erabat geldi, etxean dena.

Dena geldi, eta berdin.

 

II

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia