Argi ta itzalezko tenplo hau
nasai ta oskarbi
nizun nire bihotzean jasoa.
Eskultura zakarrak nizkizun ederrak
landu, harrizko hitz landuak
maitasunez,
beharbada zure bihotzean
ez ziren kabitzen.
Zergatik ez zinen konformatzen
ixiltasunez?...
Vidriera
hoen argi dardartiak
ta argizari xume honek
hainbat odol agertuko zizuketen
ixiltasunaren aldaretan opaldu.
Ahaztearen soroetan
zimeldutako orduen uzta oria
orain nire alboan dago,
Notre Dame-ko itzaletan,
ausaz zugandik iheska helduta.
Ta zuk orain parre algara egingo duzu
nork daki nun ta zeinekin.
Ta zure parrearen haizeak
penan ikaratzen du,
lotsaz ikaratzen du
nire bihotzeko kainaberartean
zure memoria.
II
© Joxe Azurmendi