«Arrizkoa zara, baiña
zure arrian...»
Gandiaga
Kantari jeixten zen iturria,
artzaiak, mandazaia,
enbata.
Denak doaz.
Hodeiak, neskatxak,
oroitzapen gozoak
arratsetan memoriaren apaletatik
astiro irakurberritzeko atereak,
hitzak.
Denak doaz.
Txikota askatzen zeuden marinelak
oinutsik, uhinak, aidea,
kaioak.
Maitasuna ta gezurra ere, doaz.
Bainan ni geldituko naiz.
Amesak, beste bihotzen atseden,
ahaztea bera, joango dira,
ta ni geldituko naiz.
Nigandik ihesean
itzalak, antsia
Itxaropena joan zen bezala,
ta ni geldituko naiz.
Ni, ni bakarrik.
Ta hesitzen nauen hutsaren barnean
zure Arantzazu harrizko imajina,
zure Andra Mari ixila,
eta harrizko elorria.
II
© Joxe Azurmendi