Ilargitara
Ilargi bidean
ez dago lamina gaur
bidaztiaren zain.
Bular zuriak
agirian zituena,
lamina ixila, gordin.
Basotik aide beltzak
begiratzen gaitu.
Behorren aska likits
hostoz erdi betean
egarria ito
nuen, bainan
ez zegoen lamina ixila
bidaztiaren zain.
Eta luze nuen bidea.
Ta bihotza geldi bezala
zebiltzan gogoetak
ilargitara
bideren baten bila.
Urrungo artzanorak
zaunga aspertu, motel bat
abandonatu zuten.
Ilargiak ez du pozik,
ta ibiltzeak ez atsedenik,
hilargitara gaur,
ze, arratsean, mendirako
aldatzaren hasieran
tiroka josi dute, moralki,
askatasuna.
Eta mendiak beltz daude,
ta lamina negarrez
iturri zaharrean
entzuten den arren
ez dago gaur
bidaztiaren zain
ilea jario zuen
lamina zuria.
II
© Joxe Azurmendi