Kulosaari
1
Hemen ez zaigu inor
Jainkoaz mintzatu.
Ihes egin nahi zuen
nire arimak
Sörnäinen-go fabrikartetik
norabait.
2
Baso arteko etxetxoetan
gelditu gera atsedeten.
Geldi, geldi, arboletan
neguaren ta eurite etengabeen
barneak zimeldutako pakea.
Mäyratie-rako auto-stop?
Ez, hobe da eguzki hau
hostoak kariziatzen.
3
Zubi luzea oinez ta nekez
eginda iritxi dugu
Kulosaari-ko bakarra.
Bai ordea kontent bihotza,
kantatzen ere nekatuta
zubipeko bateleri
oihu egin diegunean.
Zoro gaudela pentsatuko zuten!
Ta ez ote zen egia?
4
Kulosaari,
zubiaren txikotak
lurrari lotuta.
Kulosaari ttikia!
itsasora nahi huke hik
Suomenlinna bezain libre.
Nola zaituzte lotu,
Kulosaari?
Haur txiki bat zera zu oraindik...
5
Baina niri oparo
sartzen zitzaidan
moile zaharrez hesitutako
arimaren xokoraino
eguzki leuna.
Oi, Kulosaari!
Hik ez dakin zer den
pakez negar ta par egitea.
II
© Joxe Azurmendi