Parco Celio

 

Arratsaldero sartzen naiz

langa honetatik arboladira.

Nolako bakea iturriaren ondoan,

pentsamentua, noizpait,

uraren doinuz loakartzen bada,

birjina batekin ohean bezala.

 

Zahar bi hor, aldean,

haruntzago enamoratuak.

Bi mila urteko irudi hausiak

lurrean.

 

Betiko lagun ixilok

ez dugu inoiz elkar ezagutuko.

Arbolak bai.

Arbolak adiskide dira.

 

Ixiltasunezko tenplo honetan

ez da hitz bat esan, mila urtez.

Betikoak gera gaur ere, zihur,

betiko aulkietan,

ez dugu inoiz elkar agurtu.

 

Iluntzean berriz joango da

bakoitza ekarri duen bidetik,

eta iturriak

bere ipuina hostoeri esaten

segituko du bihar arte.

 

Ni ba noa Alemania-ra.

Bihar, ausaz, beste norbait

egongo da hemen exerita.

Ta iturriak bere ipuina

darioke, betiko hitz gurietan,

goroldioa behera doala.

 

III

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia