Via Appia
Quo vadis? Nora zoaz, Jauna?
Ba noa Erromatik,
ez dakit nora.
Berriz muntatu behar dut
haroztegia.
Mundutik at, ausaz?
Munduan ez da gaur
egur garbirik,
gurutze batentzat ere.
Ba ditugu, ordea,
hainbat asmazio,
hainbat aurrerapen,
denak zure erregetzapean
lortuak.
Nazaret-era noa,
berriz hasi behar dut
lantegi umil batetik.
Pobreak pobre dira,
ta zuek nire dohatasuna
ukatu diezue
langile deiturik
(ba dute, noski, lan
bizitzen!) .
Deitzen ikasi duzue
harriari ogi,
alferkeriari atseden,
grina goseari,
ta indarrari justizia.
Heriotzeari pake
deitzen asmatu duzue,
gezurrari prudentzia,
edo ta poesia...
Ba noa Erromatik.
Jainkoa asmatu behar dut.
Edo, beharbada, gizona.
II
© Joxe Azurmendi