Zubian
Nire hitz pobrea diru balitz
jaten eukiko lukete
langile pobreek.
Eta sobranterik ez nuke
Bankuan jarriko.
San Anton-go zubitik
Marzana-ko gabarrak
ikusirik, aterako nuke
nire patrikatik,
ta eskuak zabaldurik
Ibaizabal-ek aspaldian
izan ez duen edertasun
bakarra sortuko nuke.
Cantarranas-ko ijito guztiak
moskortuko nituzke gainerakoakin.
Eta pagatuko nuke moskorrena,
gainez, poeta bihurturik,
kitarra batekin
zezan kanta
nire zilar diruak
langileen izerdia direla
izar bilakaturik.
Zer arraio? Merezi ez ote du
hainbeste neke dakarren
ibai zikinduak,
ibai zatarrak
urte luzeen jornala
eta poesia bat?
Bainan nire hitza su da.
Su da,
eta halare, ezin du berotu,
ez argitu,
ez pobreen egun berri
ezin argitu denari
goiz albarik aurreratu.
Ta horretarako askoz hobe
ixildu nadila.
II
© Joxe Azurmendi