Nire lurra, nire anaiak,

amesak nireak. Urteen zalapartan

orok galdu zuen

niretasunaren poza.

Ez ote nuen aski neure buruarekin

bestengatik arduratzeko?

 

Nire ez zen edozein bide batetan

sartu nintzan.

Denok ahaztu zinduztedan,

oroimena huts,

gauaren mugan exeri nintzanean.

Nun gaudenezko gabe gabiltza-ta.

 

Errukiz ta isekaz ikusten nituen

handik amesak, anaiak,

lurra, gaztearoaren zoroaldiko

urruntasunetan lausoturik.

 

Lagunduko ezin badut

zertako gelditu inor entzutera?

Gauden pakean zentzunik ez duenari

erantzun eske joan barik.

Pipa honi kea dario

zergaitikorik batere gabe.

Galdetu baino hobe itzali,

edo trankil trankil erre...

 

Ez ote da gehiegi

norbera zaintzea?

 

Goizaldean egunaren leihoa

edegirik, itzartu naizenean,

hotzak gogor nengoen.

Ez dut oinazearen ibaia sentitzen,

nire lurraren samin errerik,

ez nire anaien goserik.

 

Bainan ba dirudi mezpreziatzen nauela

izadi osoak. Ba dirudi

oroimena baino

hutsagoa dudala bihotza,

ez dakitela nora joan oinok.

Ba dirudi galdu egin naizela

ta ez ninjoan inora.

 

Baina atzera abiatuko naiz

gaztetako bihotzaren bila:

nire lurra, nire anaiak,

nire amesak.

 

Ta egia da erantzunik ez dudala,

beharbada egon ez baidago.

Baina nire poesian galdezka daude

berriro nire amesak,

nire anaiak, nire lurra.

 

III

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia