Poema beltzaren arbola

 

Uhinak hondar tristean

ahantzi duten txirla baino tristeago.

Ez dakit nun dudan galdu

fede gozo haren gozoa,

ez dakit nun dudan galdu.

Ai, umetako fedearen

sinismen bigun haren misterioa...

 

Jaurtitzen zaitudan fede,

amagandiko arnas triste,

adio betiko.

Zurekin bizi naiz triste,

areago menturaz zu gabe!

Adio betiko, fede adiskide.

 

 

Heriotzaren arbola gorria

 

              1

Sortu zen gaua nire baitan

ahoan kabitu ala,

beltzaren zapore lodia

sentitzen nuela.

Begira nazazu, aita!

 

Oi gaupean kanposantua,

pinu melarraren gosea

ta zeru-min santua,

gaupe kanposantuan.

 

Ikusazu mortuan dizdiraz

lehoi akabatuaren

hezur igar eta goria.

Oi, gauaren handia...

 

Ontasunezko bulzu argitsu biguna

begietatik jausten zitzaizuna,

erre itzali da.

 

Oro lanbro

zugan goizero jaiotzen

itsasoaren —asmatu nuen—

ames urdin luzea,

oro lanbro ta negar ilunen.

 

Ilargiaren adu gardena

potxingoetan usteltzen).

 

        * * *

 

Bizitzaren mendietan,

harkaitz ta arroketan,

zorionaren itur-begia

nekien, oraindik

ume ta on nintzanetan.

 

Orain, gau oskarbietan,

igelak eta nik

dugu bakarrik maitatzen!

iturri turbustua.

 

 

                2

Utz nazazute hil nadinean

eskuak zabalik, pakean...

Begi zorrotzak zabalik, zerura begira.

Bide luzean hilgo naiz: bide luzean...

 

Hosto artean

ilargi emea darienean

—maitaleen ordu betean,

azkengabean—

edo goizean ohartzeke

—bizitza jaiotzean—

edo ta noiznahi, hil nadinean

utz nazazute eskuak zabal-zabal,

bide bazterrean.

Kale bazter farol ondoan

hotzak ebakirik

hiltzen den eskale antzo.

 

Neguaren hotza

eskuak zabalik eta biloisik bihotza.

 

Hilgo naiz.

Bai, hilgo zerate

nola hil zen.

Aita, maiatzeko arrats busti batetik

agur betiko baten magale ilunean

galdurik,

nik ahantzi amesen bila joanik,

hil zen sekulako,

zer dakit nik

zeinek edo nola edo zergatik.

Hil zen sekulako.

 

Zu ere hil zaitezenean

nire gaurko bidetik zatozenean,

ez ikutu nire gorputz morea

zerurantz begiralea.

Entzuidazu barnean

—sasipeko iturri

hara-handik etorri—

heriotzaren poema beltza

tantonka ixilki.

 

 

            3

Zein ordu da, zein ordu?

Joan ezkeroz, Jainkoa

itzuli ez denekoa.

Ta ausaz agonia.

 

Zein ordu da?...

 

Itsasoaren ondoan

geldi itsasbelarrak

lo berde itoan.

Ez da Jainkorikan.

 

 

            4

Utzi zabalik eskuen

zabaldura,

nire gogoan geldiro

ernetzen tristura

belarren modura.

 

Udazken arrats odoldu ezti

entzuidazu bihotza,

pago hostoen hosto naiz

orbel erorietan lotsati.

Zerraldo, eskuak zabalik,

estrata zaharrean

bihotza urturik

betiko loan jausirik.

Ordua bezala,

tantonka, tantonka,

handizki ta geldi,

ordua torretik

bezala, aletzen naiz

heriotzaren azpitik.

 

Orduaren burdina bai,

orduaren burdina,

ta orduzko bizitza

ezin eutsia.

 

 

            5

Zein ordu da, Jauna?...

 

(Negar lurruna dari

ta deusez intziri

atzerri negar batek

ixilki... )

 

Ordua,

zergatik ordua

gizonok hiltzeko,

zein ordu, ba, Jauna?

 

 

            6

Baso estua zehar

neure esperantzaren bizkar

betirauna eguzki

irten naiz etxetik

 

Jainkoaren bila,

atera naiz zangar,

zangar eta ausarti

eskuan ezpata

Jainko ehiztari.

 

Otoitz zegien basoak,

ta haizetxoa,

salmu kantari zegoen

adarretan igoa.

 

Ilargi handi,

gaua zabal, bare, geldi.

Ni Jainko deika,

basoetan larri.

 

Deietan joan zait

neukan fedearen

azken izpi.

 

Azken deia, ikarati,

laborriz lotu zitzaien

hostoeri,

(dardarka mingarri)

txorino hiltzearraren

bihotz gaixo iduri.

 

Haizearen arnasa galduak,

lanbro xehearen tristurak

ninduten ferekatu bidean.

Gaixo bilatzaile!,

pentsatu zuten menturaz,

izarrek, uretan penatuaz.

 

Heldu ziren udazken euriteak,

arima usteldu didatenak

—arima haragia,

absolutu ta bizitza erritsak

amorruz eutsia.

 

Ihes zegiten haizeak,

eta hostoak.

Ta edur malutak etorri ziren

otxan, apal, guri,

zeruaren azpitik,

txiki ta goxoak,

—Jainkoaren malkoak—.

 

Aldare zurian

aingeru sail zuriagoak

adoratu ninduen

belaunbikaturik

ta eskuotan

gurutze gorri bat jarri.

 

        * * *

 

iragan ziren otsoak

aingeruak itzali.

 

 

Bizitzaren arbola beltza

 

            1

Goian izarrak bizitza zuri,

aztoreak mendian harkaitzezko.

Gizonak, aldiz, munduan

bizitza gizonezko.

 

Hain da gizona gizon...

 

 

            2

Egia!

Zer ote dugu Egia

ta haren argia?

 

Behin hurbildu gintzaizkion

Egiaren zokoari,

leize ilun ta beltzari.

Han behean omen dago

Egiaren presondegi.

Beltzeriaz izurrituak

ginen geldi.

 

Kristo, nire Jesukristo,

gaitz sendaezin hau

ahaztu diguzuna:

Pilato-ren galderari,

gizadi larriaren

itaun heriozko gartsuari

zenion erantzun

burua makurtuaz tristeki.

Jardespen zail, jardespen izkutu

zenigun jardetsi.

 

            3

Eguzki galda errean

bare zikina etzanda dago

infernurako bidean.

 

Bidean jaio zuten gaixoa

(ez nondiko ta ez norako)

ez baida berez jaioa.

 

        * * *

 

Gure aintzinakoek

ez digute erakutsia

Jaungoikoaren aurpegia.

Gure barnean

axanparen mailu burnia

dugunean kolpeka

jaso ditugu begiak

ta gogoaren antsia

Jainkoaren begira.

 

Itzala dugu ikusi,

haizearen uhinetan balantzaka,

Jainkoaren itzala,

ta menturaz Haren sorbalda

gure saminen itsasoan

uhin artean ihesi...

Gu guztion deia,

kaio nekatu,

itsasoa gaindi dabil

oinak nun jarri ezinik,

otoitz madarikatu.

 

            4

Ez du jaten ilargirik

zapoak potzuan,

dagoenean kantari

gau barruan.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia