Otoitza
Gurutze apala,
bi egur alkartuk egina,
gizonon bi zorteen
zurezko imajina,
oren triste hilen
lekuko bakar ta jakina,
ezagun didazuna
nire ilusio birjina,
dakizuna nire pekatu-bide
antsikabe nahiz grina,
nire ames gaizto biren
deitura desberdina,
mila, mila desesperoen
gorroto irakina...
Gurutze apala,
gogo sarraski honen lekuko bakarra,
dakizuna neronek bezain ongi
nire saminen mina,
bi egur alkartuk egindako
gurutze apala,
gurutze zitala,
barneraino adoratua ta
zeruraino madarikatua,
sentitzen didazuna borondate biren
nahasmendu zikina,
ezin saiestuzko borrokaren
borrokatu ezina,
obligatzen nauen ez dakit
nungo eragina
errendatzen nire kemenak gaitzera
ta nire arima,
nire arima,
gurutze apala
ezagutzen duzuna errukiz
nire arima,
onhart zaidazu Aita Gure zail hau.
Aita Gurea...
Beti joan naiz bidetik
ez lagunik,
ez argirik
Beti joan naiz neuretik,
ez nadukan atsedenik.
Joan nintzan aurrerago
ihesi guztiengandik,
neuregandik,
neure gabe, gabeago
beti norako gaberik.
Beti,
ta gaur urrunegi nago
itzultzeko.
Eduki ez daukat nik
aita bat maiterik
maitatzeko
Aita Gurea...
Aldendu nintzan bidetik
aita hil zitzaidanetik.
(Aita Gurea!)
Geroz eta galtzenago
hamalaudun nintzanetik
ez dut eduki Jainkorik,
Jaungoiko on maitaturik,
urte haiek ezkeroztik.
Madarikazioaren
erlijio sekta baizik.
Seme pekatuetatik
gorrototik,
destainutik
seme pekatuetatik
dena dakizu segurik
neuk baino zehazkiago.
Gurutze apal hortatik.
bi egurretan zintzilik
nauzulako maiteago.
Aita Gurea...
Hemen belaunikaturik,
hemen damuz damuturik,
hemen negarrez jarririk,
eskatzen dizut luzaro
zure Amaren medio,
Amaren amoregatik,
hilobi bat Zegamako,
nun nire aita baitago,
bedeinka zazula gaurtik
bedeinka beti gehiago
betiraundi betiraino.
Bedeinkazio hortatik
irtengo dira santurik
nire arima ta gogo
ustelduak, berpizturik.
Gurutze apala,
bi egur alkartuk egina,
bizitzaren zuhaitz egur gordina,
Jainkoaren adina
ermo zagozala.
Aita gurea
zeruetan zaudena,
bedeinkatua bedi
hildakoen izena...
I
© Joxe Azurmendi