1

Eta orain, Jauna,

etor zindezke.

 

Eseri naiz

jaio ninduzunean

seinalaturiko

muga urrun hartan.

Bainan nik ez dut nahi

mugan atsedenik

eta etor zindezke.

 

Obeditu dizut.

Beti joan naiz bai,

ta egun hemen nago

nekaturik arras,

zu noiz etorriko.

 

Bitartean ongi

loa dut nahiago

zure lege krudela

pentsatzea baino.

 

Hemen, eserita nekean,

deusezaren atean,

edo tormentuaren

edo ta zeruaren

(bidearen ertzean)

edo Jaungoikoaren

edo deabruaren

edo ta pakearen

(bainan ez sekula

neronen bizitzaren)

edo ta ez dakit zeren

atadi aurrean.

 

Etor zindezke gaur.

 

 

            2

Ezagutzen ez banauzu

ez horregatik harritu.

Haragiaren lege da

zerorren esku latzean

apurtzen baldin baduzu

apurtuta gelditzea.

Barkatu zure legea.

 

Ezagutzen ez banauzu

ez horregatik sumindu.

Aspaldiko ume zuria

zure itzal bainaiz belztu.

 

Nahi banauzu akabatu

—Jo, ebagi, bihurritu, hestekatu,

torturatu... herioztu—

akabatu nazakezu.

 

Batere juzgatu gabe, gainera.

 

Bihotzaren bihotzetik

nik eskertuko baitizut.

Ta damutuko zera zeu,

zeren Jaungoiko amoltsu,

zeren Jesus amoretsu,

zeren Kristo bedeinkatu

kalbarioan sofritu,

ta horrelako beste zenbait

apaizen predikuetan

nola beti izan zeran zu,

gero damutuko zaizu

bainan orain,

satisfatu zure grina

ta nire mina konplitu.

 

Oin arinak prestu dauzkat

bizitzaren bidea

finitzeko aiduru.

Hogei urte motxetan

iritxi natzaizu.

 

Mingain egarriz errean

ez dizut

keja bat lehertu.

Bainan izerdia,

gorrotoarena da.

Gaur ditu nire urte

hogeiak konplitu.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia