Esaten dut:

heriotza.

Ta oihartzunak burlaz urrun:

hotza.

 

Esaten dut:

esperantza.

Bainan alperrik da

zeren oihartzunak ez baitaki

nire hitza.

 

(Zeren botanikak

ez du ezagutzen

lore klase hori

basoetan).

 

Esperantza:

ta gizonak

gelditzen zaizkit

begi ahoak zabalik.

 

Amesaren izena

ote da?

 

Ta neu ere gelditzen naiz

entenitu gabe:

fedegabe fraile,

frantziskano triste.

Herri baten amodioa

herri gabe.

 

Ausaz, esperantza

cha-cha-cha zimel bat

besterikan ez da.

 

Ebanjelioa ta gizonen mina

dantza bihurtu da.

Bainan udarekin

moda pasatu da,

ta esperantzarekin

esperantza.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia