Verbum caro...

 

Etsipen gordin bat mingotsa

erraiotan gazi.

Zauria kiskaltzen dit ariman

—haratustel zati—

ames inposible haren irritsak

eta haren formak.

Hitza.

Etsipen gizonezko sutan

hainbeste urtetan irrikatu dudana

hitz gorituan gaur jaurtitzekoa

zanpatu didatenean,

bertutearen izenean

egia ederraren erdeinatzean.

 

Gizonak du predikatzen mortuetan

ganbelu narruzko hitz giartsua,

ebanjelio beltza, hezur eukaristi duena

ta aingeru zapo laguntzaileren bat,

eta begirale,

gauez izarretatik txinparta begiz.

Tristura triste txingar bat

amorru haien hondakin

arima zola zikinduan,

deabruari sagaratzeko gordeta.

 

—«Hitzaren ondotik ibili nabilkik luzaro

ta ez diat munduan aurkitu».— Etzegok!

 

Begirik ez dut begiotan gaur

baininduten laidotzen argiek.

Bai, osoa,

gogoaren beharren neurrikoa,

desiratzen nuelako grina ezpataz.

 

Ai! Suzko aldagoia hedatzen

bihotzaren «ote»-ak kiskaltzen.

Halako hitza behar nuen,— edo ezer ez.

 

Aho aide gabean, aho nekatuan

aho zaurituan eta odolduan,

aho mindu honetan

harria jarri zidan poemak.

Joan beharko dut

harkaitzak adoratzen, harkaitzak,

pinuak, arratsaldeak.

 

Nik luzaro

bilaturiko hitza, ordea,

ez dut egundo aurkitu,

ausaz ez delako.

 

Bainan ez delako

ta imposible delakoxe gainera

bilatuko dut orain ta beti.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia