Gau ilunaren begian,
odol urteen buruan,
betiraunaren atean,
gudarien adar galdua
zurintzen dago lurrean.
Nire gabezko
joate honen itsuan
deslai joate minean
entzun dut inoiz bidean
adarraren hots zolia
mendi loen bizkarretan,
kemen oihartzun laru.
«Dieu! Que le son du corn
est triste au fond des bois!»...
Nola den tristea
basoetan barrena
adar hasperena
hondamena jotzen.
Tristeago
hautsetan galdurik
adarrik ikustea,
gudariak izuan
galdurik.
Ez du areago
poztuko liskarrik.
Nun izkutatzen da
zakur Altabizkargoa?
Nun da nagusia?
Ba dator frankoa
ta euskaldun gajoa
bidetan tapustez
atzerrira doa,
Bat, ehun, mila...
Euskaldun otsoa
pakeak zahartua
franko azeriak
izutu du!
Itsaso aldetik
laino beltzak datoz.
Ta itsasotik doaz
laino beltzen barnean
urte beltzagoak.
Adarra lurrean,
ta ez irrintzirik.
I
© Joxe Azurmendi