1
Ez dut sekula hitzegin
nire minaren handia.
Beste mundukoa baidut
eta bertsoen etsaia.
Alfer alferrik egin dut
halako bertso aldia,
ez dut sekula hitz egin
nire minaren egia.
Eta ba dut kantsazioa
arimaren barrenean,
lor astun ezin jasana
nire begion gainean.
Betiko loa nahi nuke
presentearen atean.
(Nire gelatik kanpora
gau da nik hau idaztean).
Gau da nik hau idaztean,
nekearen marigora.
Erreka otoitz kexua
behe hortatikan gora.
Gizona bizi da-baina
beharraren ariora.
2
Eta naiz gizona
zauriturik dagona,
duena zartaturik
gogoaren sakona.
Torturatu azkengabeak
bihurtuta sentona
ta halare bulartsu.
Zeren eta jaio
nintzan euskalduna.
Herri madarikatu
santuan jaioa,
herri ez duenean
fede abaroa,
zeruak behar du-ta
bere berdugoa.
Herritar labean
kontentu kixkaltzen da
fraile frantziskanoa.
Herri triste honen
seme tristeago
ta tormentu biren
bildots bildotsago.
Besterik ezinda
kantatu beharko
neronen penari,
nire burutapenen
berri emateko.
Eta hau idaztean
egundurik dago.
Handia dugu, ba,
gaua nola ez den
bihurtu gauago.
I
© Joxe Azurmendi