Ebanjelioa

San Joseren arabera

 

Ni naiz soldadoa

borondatezkoa.

 

Ta hartu nuen ezpata

burdin-gorriz egina

ta zazpi gizonek

infernuko labean

gogorki landua.

 

Ta eman nuen gudua

Atilak ezina.

Sartu nintzan Erroman

lehoiaren bila,

ta hausi nuen mito

haren imajina.

 

Ta ezpata hura zen

Satanek egina,

Jainkoaren lepoa

mozteko adina

ta ezin kamustua.

Gorrotoaren mina

egosiaz eginda

zuen punta fina.

 

Ta hartu nuen ezpata.

Nik libera nuen

Jerusalem galdua

nire ezpataz, zeren

Dabid-en leinurua

galdurik zegoen.

(Edestiak ez daki

zer den Jerusalem).

 

Ezpataren bortxaz

bota nuen muroa,

ta hortzetan ezpata

pasa nuen fosoa.

Lotan aurkitu nuen

mahometanoa,

zeini moztu nion

kolpe batez lepoa.

 

Haren Harem aurretik

nintzala igaroa,

emazte batek zidan

eman bendizioa

ta eskatu ere hausi

nezaion destinoa,

beharrak desbehartu.

Bainintzan kruzadoa.

 

Ta orduan hil nuen

Ala Jaungoikoa,

nor hala den Jainko

nola demonioa.

Harriz eraikirikan

dagokion tenploa

Jaungoikotzat nuen

koroatu Kristoa.

 

(Langilea delako

eta Jainko pobrea).

 

Ta nire Kristo hau

minero beltza zen,

zeren gaur haretzak

burgesturik dauden,

eta predikariek

esan ez dezaten

nola zaildurikan

eskuak dituen,

 

eskuak ez baina

baitauka gogoa

gorrotoz zaildurik.

Pakearen ordez

erreboluzioa

predikatzen zuen, zeren

egin da mineroa.

 

Kristo Jainko harek

bere Aita Santu

ta bere ministro

ninduen nonbratu.

Ta nik harrezkero,

denak ditut liberatu,

Inkizizio berri bat

nuelako sortu

fede garbiaren kontra.

 

Gezur bikaina da,

bainan, hau guztia.

Zergatik egia,

nola den egia,

ezin da kofesa.

Ta urkamendia

enteni ez didanak

dauka merezia.

 

«Hasten nuzu kuntatzen

egiaz bai mintzatzen,

nahi dinak sinetsireri».

Bart lo nengoela

etorri zait Etxahun

zeinek nauen ezagun

(galeretan lotua)

ta kupida.

 

Esan dit:

Itsasoa amorratu zen

eta Jesus lo zegoen

gizonon izua buruko.

(Ikus beza munduak

nola San Jose ere

sinoptikua den

eta nola Jainkoa

beti lo dagoen,

ta gizonok bildur).

Hau da Legea ta

hau Profetak. Amen.

 

Esan dit,

(katetan zegoen)

esan dit,

«Munduan malerusik

hanitx ba girade,

mila urteren galerak

zuretzat dirade».

 

Begitartea zuen ilun.

Ez diot nik entzun,

«tunba bat nahi dit

lurpian ezari

zure korpitz tristia

gorde munduari».

 

Ez diot begitu.

 

Alkian jarririk

ni loerazteko

parabola luze bat

asmatu dit gero:

«Ahaide delizius huntan

bi berset gei tit kantatu» .

 

...zeren zerutik digun

Jaunak mila bider,

zeren demonioek

diguten halaber,

zeren gizon kristauek

kristau euskalduner

diguten hondatu

hain maite nuen «ka ni ger»,

 

«Jainkoak madarika beza

Gaztalondoko Topetia».

 

Eta segitu dut

bidajea,

pelegrinajea,

eta segi nuen kantsaturik,

hartu gabe atsedenik,

haizearen kontrast

beste munduraino

desherri hontatik.

 

Ta, oi!... Gero

pentsatzen nuen

hauts ilun bat.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia