Pago zaharraren hondarra
aspaldian da logale.
(Aizkolariek, neguak
guztiz bilois utzi dute).
Azal goroldioarekin
ederra ostu diote.
Pago zaharraren hondarrak
goroldiorikan gabe,
ez du nahi izan eguzki
ta ez du nahi izan lore.
Egun lez nahi du jarraitu
ez bizitza t'ez kolore.
Pago zaharraren hondarrak
eguzki beltza nahi luke.
Ez txoririk, ez kabirik,
txingorririk ere gabe.
(Bizitza ihesi doa
beheko iturrian triste).
Pago zaharraren hondarrak
eguzki beltza nahi luke,
eguzki beltza nahi luke ta
lehenbaitlehen usteldu ere.
I
© Joxe Azurmendi