Pagoak ez du atseginikan
bere penaren ohean.
Bakar bakarrik egon baitago
hainbat pagoren artean,
eremu grinak zurintzen du-ta
zur sendoaren barnean.
Zertako balio dio hari
pago jaio eta jaiki?
Zertako pago indartsu jaio
loreak lez hil baledi?
Nahiago luke (nahiago dut bai)
sekula santan ez bizi.
Hil behar garratz sentimen honek
malko latzik lehertu dio,
hosto guztien begi berdetan
udaberriko goizero.
Halabeharra, pagoak duen
fedearen argudio.
Zuztar minetan bihurritzen du
desesperoen betia...
Pago sendoak ezin du ulertu
heriotzezko zoria.
Madarikatzen du mila bider
heriotzezko bizia.
I
© Joxe Azurmendi