Vera-ren esnaera

        Mosku, 1960ko maiatza

 

Aulkiak zutik daude lo

baita mahaia ere

kilima luze dago etzana

bere bordatuak zimurtuta

ispilua lo

leihoen betazalak estu bilduta daude

balkoia lo zangoak hutsaren gainean

tximiniak lo daude aurreko teilatuan

baita akaziak espaloian ere

hodeia lo

bere izarrarekin bularraren gainean

etxean zein kanpoan lo dago argia

itzartu egin zara arrosa nirea

itzartu dira aulkiak

Izkina batetik bestera egin dute arinka

baita mahaiak ere

kilima tentetu egin da eseri egin da

bordatuak zabaldu egin dira

bata bestearen ondoren

ispilua itzartu egin da egunsentian aintzira bat bezala

leihoek ezin zabalago dituzte begi urdin gaitzok

balkoia itzartu da

hutsetik bildu ditu zangoak

aurreko teilatuan tximiniak erretzen hasi dira

espaloian galarrotsean akaziak

hodeia itzartu egin da

geure ohe gainera egotzi du bere izarra

etxean zein kanpoan argia itzartu da

zure adatsean bildu da

zure gorputz biluzia eta zure oin zuriak lotu ditu

 

 

 

© Nazim Hikmet

© itzulpenarena: Iņigo Aranbarri

 

 

"Nazim Hikmet euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus