Zure eskuez eta gezurrez

        1949

 

Harriak bezain larriak

kartzeletako kantuak bezain tristeak

zama abereak bezain sendoak eta astunak

ume gosetuen aurpegi goibela diruditen zure eskuok!

 

Arinak, erleak bezain langileak

esnez beteriko bularrak bezain beteak

natura bezain suharrak

azal latzaren azpian, txera eta adiskidetasuna

        gordetzen duten zure eskuok!

 

Ez da gure mundua idi adarren artean zurkaizten

        zure esku artean eusten dio.

 

Ah, zer nolako jendea gure hau!

Gezurrez elikatzen dute

        gose denean

ogia, haragia duenean ments

egundo ale bat ahoratzerik izan gabe

mundu hau frutaz beteta uzten duena!

 

Ah, zer nolako jendea gure hau!

        batez ere Asiakoa, Afrikakoa,

        Ekialde Erdi eta Hurbilekoa,

        Ozeano Bareko uharteetakoa,

        eta ene herrikoa,

hau da, gizateriaren ehuneko hirurogeita hamar baino gehiago,

aihergabea da, zaharra,

bere eskuak bezala azkarra eta gaztea den arren...

 

Ah, zer nolako jendea gure hau!

Zuek Europa edota Ameriketako anaia-arrebok

erne zaudete, bipilak zarete

baina gaizki hartzen uzten duzue zeuen burua

zeuon eskuak bezala, azkar hartzen uzten duzue...

 

Ah, zer nolako jendea gure hau!

Gezurra badiote antenek

gezurra badiote errotatibek

gezurra badiote liburuek

gezurra badiote afixek, arkupeko kartelek

gezurra badiote pantailan neskatxen zango biluziek

gezurra badio otoitzak

gezurra badio sehaska kantak

gezurra badio ametsak

gezurra badio biolin joleak kabaretean

gezurra badio ilargi argiak

        gure egun etsietako gauetan

gezurra badio hitzak

gezurra badio koloreak

gezurra badio ahotsak

 

zure eskuek ez beste guztiek

mundu guztiak eta gauza guztiek gezurra badiote

        honegatik da

buztina bezain sotilak izan daitezen

        ilunpea bezain itsuak

        ardi txakurra bezain ergelak

eskuok inoiz jaup egin ez dezaten

 

eta ankerkeria hau, merkatarien erresuma hau

        amai ez dadin

        mundu hilkor honetan

        bizitzeak ederra behar zukeen mundu honetan...

 

 

 

© Nazim Hikmet

© itzulpenarena: Iņigo Aranbarri

 

 

"Nazim Hikmet euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus