ENE ANDREARI GUTUNA
(Bursako gartzelatik, 1933-11-11)
Ene amodio bakarra!
Heure azken gutunean
«bihotzean min diat»,
«arima itzali ziaidak»
diostan,
«urkatuko bahindute»,
«galduko bahindut»
diostan,
«ez nindukek biziko».
Biziko haiz, andrea.
Ke beltzaren antzean
ene oroitzapena
haizeak eramanen din,
biziko haiz,
ene bihotzaren arreba bilogorri hori,
gure mendean
heriotzaren minak
gehien batean
urtebete
ziraun.
Heriotza.
Soka batetik hilotz bat zintzilika.
Ito egiten ziaidan
boza
eztarrian,
eta inola ere
ez din ene bihotzak ametitzen
herio klase hau.
Hala ere,
zihur haizen, maite,
armiarma beltz baten antzean
ijito miserable baten
esku bilotsuak
lepora soka hori
botako badaut,
alferrik
begiratuko dautatela Nazimi
neure begi urdinetan beldurren bila!
Nik,
azken goizaldeoren argi epelean
heure lagunak ikusiko ditinat,
hi ikusiko haut,
eta lupera
kanta bukatugaberen baten tristura
eramanen dinat
bakarrik...
Ene esposa,
arima onaren
ene erlea,
urrezko aurpegiduna,
eta eztia baino begi eztiagoetakoa,
urkabea eskatu zeutatela,
zergatik idatzi neunan?
Hasiera batean diagon oraindik
judizioa,
eta gizonaren semeari ez ziaion bururik kentzen
arbi bat balitz bezala.
Ea, honekin ez ezan trajediarik egin.
Oso probabilitate urruna dun.
Dirurik baldin badaukan,
artilezko galtzontzilloak
eros ietzadan.
Zangoetan berriz ere
erreuma dinat.
Eta ez hadi inoiz honetaz ahantz,
gartzelatu baten andreak
ez daukala gauza tristeetan pentsatu behar...
© Nazim Hikmet
© itzulpenarena: Gabriel Aresti