BIZITZEAZ BIA
Hala gertatzen da, konparazio baterako,
geisorik gaudela;
halako operazio gaitz bat suportatu behar dugula;
mahai zuritik jaikitzeko
ez dugula batere posibilidaderik.
Denboraz baino lehen joateko tristura ez sentitzeko
ezintasunean baldin bagaude ere,
azken gertaldiarekin barre egiteko parada ez dugu galduko,
leihotik begiratuko dugu,
ea denbora ederra dagoen,
urduri itxadoten ditugularik
izparringietako azken notiziak.
Hala gertatzen da, konparazio baterako,
frentean gaudela,
burrukatzeko gai den zerbaitengatik
burrukatzen dugula.
Atakea hasi bezain fite, lehen mugimenduan,
lurrera eror ahal gaitezke, era bertan hil.
Kemen paregabearekin onartu behar dugu hau,
eta hala eta guztiz ere
hainbeste eta hainbeste urtetan iraun ahal dezakeen
gerra honegatik
itsuki arduratu.
Hala gerta ahal diteke,
gartzelan gaudela.
hala gerta ahal diteke,
gure adina berrogeita hamarretara
heltzen dela,
eta burdinazko ateak zabal ditezen
beste hemezortzi falta direla.
Hala eta guztiz ere,
kanpokoekin bizi behar dugu,
gizonekin,
animaliekin,
ezinikusiekin
eta ekaitzekin,
hau da,
gure sufrikarioetako harresiaren atean dagoen
mundu kanpotarrarekin,
hau da,
berdin dugu non gauden
baina
inoiz hilen ez bagina bezala
bizi behar dugu.
© Nazim Hikmet
© itzulpenarena: Gabriel Aresti