BI KANTU
Itsasoaren gainean hodeiak hil zuen
japonez arrantzale hura mutiko bat zen.
Gau hori batez, Pazifikoaren lekukotasunez,
haren lagunek kontatu zeutaten haren historia.
Arrain kutsatu honetatik jaten duena hil egiten da.
Gure eskua ukitzen duena zendu egiten da.
Katabut luze eta beltz baten antzean,
hona gure bapore-ontzia;
bertan enbarkatzen denak bizia galtzen du.
Arrain kutsatu honetarik jaten duena hil egiten da,
baina ez bat-batean,
agonia geldi batekin baizik.
Haragia usteldu egiten zaio.
Arrain kutsatu honetatik jaten duena hil egiten da.
Gure eskua ukitzen duena zendu egiten da.
Eguzkiak eta hareak mainatutako gure esku gaziok.
Gure eskua ukitzen duena zendu egiten da.
Ez bat-batean,
agonia geldi batekin baizik.
Haragia usteldu egiten zaio.
Gure eskua ukitzen duena zendu egiten da.
Amanda itxurako begietako eder horrek,
ahatz nazazu.
Gure katabut beltz eta hotza,
gure bapore-ontzia,
badator.
Bertan enbarkatzen denak bizia galtzen du.
Gure gainean bertan hodeiak itzurtzen dira.
Amanda itxurako begietako eder horrek,
ahatz nazazu.
Ene kutuna,
ez iezadazu musurik eman.
Heriotza guri ere bailetorkegu.
Amanda itxurako begietako eder horrek,
ahatz nazazu.
Gure katabut beltz eta hotza,
gure bapore-ontzia,
badator.
Amanda itxurako begietako eder horrek,
ahatz nazazu.
Neuregandik ernaldutako haurra
arraultze ustelak baino
ustelago legoke.
Gure bapore-ontziak,
katabut beltz horrek,
arrobatzen gaitu.
Itsaso hau hilik dago.
Gizonak,
non zaudete?
«Gizon»
deitzen dautzuet?
© Nazim Hikmet
© itzulpenarena: Gabriel Aresti