V
Ene esposa,
ene arima eta tronoa haizen hori,
Hatinze Piraiende!
Herioaz pentsatzen dinat,
honek esan nahi din
arterio-esklerosia nigan barrentzen dela.
Egun batez,
elurra zeriola,
edo agian
gau batez,
edo agian
eguerdi bero batez,
gutarik nor lehen
eta nola
eta noiz
hiltzeko da?
Nolakoa
eta zelakoa
izanen da
gutarik lehen hilen denak
entzunen duen boz azkena,
ikusiko duen kolore azkena?
Gertatuko denaren lehen
hitza,
lehen bazkaria,
zein izanen da?
Agian elkarrengandik urruti hilen gaitun.
Berria
negarretan helduko dun,
edo ez ziaigun zuzenki esanen,
eta bertan utziko dinate bizirik
geldituko dena,
eta joan eginen ditun.
Eta geldituko dena
jendearekin nahastuko dun.
Halaxen da, jauna, bizia...
Eta hauk parada guztiok,
mila bederatzi ehun eta ez dakit zeinbat urte gehiagoko
ez dakit zein hilaren
ez dakit zein egunetako
ez dakit zein ordutan...
Ene andrea,
ene arima eta ene tronoa haizen hori,
Hatinze Piraiende.
Herioaz egiten dinat gogoeta.
Halaxen doakigun gure biziaz egiten dinat gogoeta.
Triste sentitzen naun,
trankil eta egoista...
Gutarik lehen hilen dena
zein-nahi izan
dadin,
eta hilen den
lekua
eta
manera,
guk biok,
elkar maitatu dinagu,
gizonaren helbururik gorena
maitatzen
jakin dinagu
—haren alde burrukatu dinagu—,
«bizi izan garela»
esan ahal
zezakenagu...
© Nazim Hikmet
© itzulpenarena: Gabriel Aresti