III
Neure aberria maitatzen dut,
haren arboletan xoriak harrapatu ditut,
haren gartzeletan lo egin dut.
Neure aberriaren kantuek eta tabakorriek bezain
ez du ezerk herriminor iraungitzen.
Ene aberria:
Bedreddin, Sinan, Yunus-Emre eta Sakarya.
Berunezko teilatu biribilak eta uzin-ziminiak.
Bere bibote luzeen azpian barre egiten duen
ene herriaren obrak dira,
eta ni haietan neure buruagandik ere ezkutatzen naiz.
Ene aberria:
Haren bideek amairik ez dutela dirudi.
Ai, zein den ene aberria zabal!
Edirne, Izmir, Uluskila, Maras, Trabzon, Erzerum.
Erzerumeko zelaia bakarrik bere kantuetatik ezagutzen dut,
eta Taurusko mendiak zapaldu ez ditudalako
lotsatzen naiz,
handik Leste aldera joan nendin,
algodoia ereiten dutenak ezagutzera.
Ene aberria:
Gameluak, trenbideak, Ford kotxeak eta asto eriak.
Zumarrak,
saratsak
eta lugorria.
Ene aberria:
Haren lertxundiak, haren ur gozo-gozoak
eta mendien azpian dautzan lakoak
maitatzen dituzten jende osteak.
Ene aberria:
Ankarako zelaian ahuntzak
eta haien larru nabar, zetatsu eta dirdiranteak.
Giresungo urritz oliotsu eta gizenak.
Almizklearen usaina darien Amasyako sagarrak,
olibak,
fikuak,
meloiak
eta kolore guztietako
mahats mordoak,
eta gainera golde beltza,
eta gainera
—haur baten alaitasunaz—
munduko gauza
berri,
on,
eder
guztiak onartzeko
prest,
ene langile prestu eta balent,
erdigose, erdiase,
erdilibre, erdiesklabo
maiteok...
© Nazim Hikmet
© itzulpenarena: Gabriel Aresti