SARRERA
Arantxa Urretabizkaia
«Literatura konprometatua»ren existentziaz duda egitea, zatiketa bat onartzea da: edozein idazlek konprometa dezake bere bizitza literatura konprometatu gabe, edo alderantziz. Hori da, zatiketa bat dago gizonaren bizitzaren eta ekintzaren artean, Nazim Hikmetek bizitza osoa konprometatu zuen eta literatura ez zen beretzat ekintza molde bat baizik, berak aukeratu zuen ekintza moldea.
Alde borretatik aipa dezakegu Nazim Hikmeten obra «literatura konprometatua»ren, areago, «literatura militantea»ren frogatzat. Nazimen historia konpromiso baten historia da. Nazimen literatura gizon konprometatu eta kontsekuente baten ekintza. Eta gizon konprometatu eta kontsekuente orok, literatura (edo beste edozein arte) aukeratzen badu ekintzatzat, ezin egin dezake besterik. Ez du honek noski kalitatea baztertzen: literatura maila honetan onak eta txarrak izan daitezke, baina ezin uka daiteke literatura honen posibilitatea nahiz existentzia, fede gaiztoz ezik, edo dikotomia oker bat onartuz: gizonaren bizitza / gizonaren ekintza.
Turkiak, hainbeste urtez Ekialde Hurbilean Mediterraneoaren nagusi izana, literatura aberats bat du, kantitateari dagokionez. Baina turkiar literatura, herri konkistatzaile ororena bezala, ez da inguruko kulturen bilduma bat baizik. Bi herri izan ziren turkiar literaturaren eragile: arabiarrak, erlijio eta alfabetoaz, eta persiarrak, poesia arin eta erotikoaz. Funtsean, bada, turkiarrek oinarritu zuten bere kultura persiar eta arabiarrengan erromatarrak grekarrez baliatu ziren bezala: gauza bahituz bete zituzten norberaren kulturaren hutsuneak.
Era honetan, eta nahiz herri hizkuntzak ia persiar edo arabiar kutsurik ez zuen, literatura erabat zegoen hitz horiez josita. Ez zuen ordea egoera honek problemarik sortzen: literatura «kultua» sultanen ingurukoek egiten zuten, sultanen ingurukoentzat. Herriak bere poetak eta ipuinlariak zituen, bere sentimendutatik sortzen zuen poema epikoak, hizkuntza latz eta landu gabeko batez eginak. Inoiz ofizialtasunetik sortutako idazleren batek herriarentzat ezer egiten bazuen, ez zuen inolaz kultura herrikoirik egiten, kultura herrikoia herriak beretzat egiten duen kultura baita. Hobe mintza gaitezke beste kasuan masa kulturaz.
Baina dikotomia bonetan ez da ahaztu behar poesia ofizialak eta herri poesiak bazutela harremanik. Ez zion alferrik kultura ofizialak herriari arabiarren alfabetoaz idazten irakatsi. Gainera, nolanahi ere, heltzen zitzaion kantore popularrari poemagintzaren formaren bat, hitzak josteko molde «kultu»ren bat. Baina hain berandu, non poesia ofizialean ahazturik zegoelarik, herriak berak asmatu zituela baitzirudien.
Egoera honek bostehun urtez iraun zuen, 1880gn. urte arte guti gorabehera, aldaketa gutirekin. Hori da, literatura kultuaren bizitza inperioarenari lotzen zitzaion, eta inperioaren dekadentziak ekarri zuen ezinbestean kultura ofizialaren pobretzea, eta mugimendu berean, herri kulturaren indartze beranta, herriaren iratzartzeak zekarren ondorio logikoa.
Garai honetan hasten da turkiar herria iraganaz duda egiten, sultanen erreinua turkiar ororen erreinua ez dela ikusten. Sultanagoak iraun dezan, inperio otomanak guduz gudu lurraldeak galtzen dituen eran, Turkia mendebaleko indar berrien eskuetan erortzera beharturik aurkitzen da. Banaketa honen ondorioz, sentimendu nazionalista bat sortzen da eta berarekin mugimendu berri bat, «Turkiar gazteak», inperioaren jautsapenaren alde lan egiten zutenak.
Historiaren orientazio berri honek badu noski ondoriorik literaturan. Etapa berri honen aitzindaritzat hartzen dena, Namik Kemal (1831-1888) da. Drama abertzale bat idatzi zuen, zeinarengatik erbesteratua izan baitzen. Namik Kemalen etsenpluari jarraituz, Abdulhak Hamidek pauso handi bat eman zuen poesigintzan, poeta frantziarren bidean abiatzen zelarik. Eta ondoren, Samipashaxadé, turkiar literaturaren nobela lehena egin zuena.
Hiru hauek preparatu zuten gaurko turkiar literatura, nolabait mendebalerantz irekiago, nolabait ekialdeari bizkarra emanaz, «Turkiar gazteak», Kemal Ataturk buruan zutelarik, gaurko Turkia berria sorrarazi zuten bezala.
Memento honetan jaio zen Nazim Hikmet, 1902an, Salonikan.
Nazimen familia, bi parteetan, familia intelektual bat zen: aita Prentsa Direktore Jenerala izana, ama, pintoresa. Amaren aita berriz, Enver Pacha, turkiar hizkuntza persiar eta arabiarkeriez garbitzeko borrokaren aitzindari izan zen. Lehengusu bat, Oktay Rifat, Nazimen aldamenean aipatzen da turkiar poesiaren berritzailetzat. Gainera, eta garai hartan ezinbestean, Nazimen familia aberatsa zen. Baina bere haurtzaroa ez zen edozein haur burjesena bezalakoa izan. Nola-hala, gurasoen kulturak biguntzen zuen egoera. Amak batez ere, semearen lagunik handiena, ireki zion mila posibilitate, egin zuen mendebaleko kulturaren jabe, irakatsi zion frantsesez irakurtzen, eta frantziar poeten liburuak eskutan jarri zizkion. Edukazio honen ondorioz aurkitu zuen Nazimen sentsibilitateak poemagintzaren bidea, 13 urte bakarrik zituelarik.
Nazimen gaztaroa zehar, Turkiako giroa gaiztotuz zoan. Lehen mundu gerlan Turkia alemaniarren alde jartzen delarik, italiarrak Istanbuleraino heltzen dira. Grekarrek eta frantziarrek ere, mozten dute Turkiaren hedadura. Ekialdean, kurdotarrek askazio mugimendu bat osatzen dute. Turkia erabat dago gerlan. Nonahi sortzen da frente bat, ia inork zein frente den ez dakielarik.
Nazim, Istanbuleko giro itogarriaz nazkaturik, Anatoliara ihes egiten du. Bidai hartan, herri bakoitzean gerla diferente bateko zaurituak ikusteaz, jabetzen da Turkiako egiazko egoeraz. Han ikusten du lehen aldiz «herria», feudalismoaren pean dagoen herri sufritua. Han, paisaiaren handitasunaz, herriaren miseria isilaz miretsirik, inoiz baino turkiarrago sentitzen du bere burua, edo hobe, inoiz baino hobeto daki turkiar izateak zer esan nahi duen. Familiaren itzala mesprezaturik, bakarrik eraiki nahi du bere bizitza, ez herriarentzat, baizik herriarengan. Nazimen poemek azaltzen dute aldaketa sakon honen berri. Inoiz baino hizkuntza garbiagoa erabiltzen du, poesia popularraren formak estudiatzen ditu, baina ez zuen lortu begiztatzen zuen helburua. Beste lurrikara handiago bat behar zen.
Hemezortzi urterekin, Boluko herrixkako maisu egin zen. Guztiz Mustafa Kemal, «Turkiar gazteen» buru zenaren alde zegoen. Turkiaren askatasunaren alde borrokatu zen eta istant batez, 1923an, errepublika proklamatu zenean, Turkia «bide onean» zegoela uste izan zuen.
Baina denbora gutiren buruan, errepublika aurreko gizonak jarri ziren berriro lehengo postuetan, lehenagoko dezepziozko tribunalak azaldu ziren eta ez zen Nazimek espero zuen aldaketarik gertatu.
Egia esan, Kemalek zenbait aldaketa egin zuen: erlijioa eta estatua elkarrenganik berezitu, zenbait asiar ohitura zahar europarren alde aldatu, inperio zaharraren kutsu oro kentzera saiatu, baina, batez ere, hizkuntza eta kultura turkiarraren arloan, alfabeto arabiarra galarazi zuen eta turkiar hizkuntza ahul eta atzeratua indartzera saiatu zen.
Ez zen ordea hau N. Hikmetek espero zuena. Zeren, Bolura heldu bezain laster, Nazimek materialismoa deskubritu baitzuen. Deskubritu, zeren lehenengo frasetik miretsirik geratu baitzen: «Munduko proletariook, elkar zaitezte» eta gazte ingenuo, burjes, nolabait intelektual hari, mundu berri bat ireki zitzaion. 1923an Alderdi Komunistaren kide egin zen. Harrez gero, Errusiara, materialismoa ikastera joateko erabakia hartu zuen.
Memento honetan esan daiteke hasi zela Nazimen benetako bizitza.
Moskuko unibertsitatean lau urte egon zen Nazim, materialismoa frantziar filologiarekin batean ikasten zuelarik.
Nazimek ezagutu zuen Moskua, Leninen Moskua zen oraindik. Errusiar poesia futurista historiaren aldaketekin bat doa, gazte iraultzaileak literatura, antzerki, zinema lanetan hasi dira. Mundua optimismo berri batez ikusten dute: maite den lanaren optimismoaz.
Giro hartan, bere jaiotzaren aurka, bere gazte kulturaren aurka, bere herriko gobernarien aurka, Nazim Hikmet sozialismoaren poeta bihurtzen da, areago, materialismoaren poeta.
Turkiara itzultzeko presa du. Hura da bere herria. Han, ez beste nonahi, egin nahi du bere lana: poesiaren desmitifikatzea, langile eta nekazariei egia esatea.
Iraultzak jo zezakeen atzera inon, poetak alferrik hitz egin zezakeen bere herrian, kapitalismo burjes eta autoritario batetara emana zegoen herrian, baina ez zion ezerk poesia eta gudu etsenplu bat izaten galaraziko.
Ez da horrengatik pentsatu behar bere ekintzaren berehalako utilitatean esperantza gehiegi zuenik. Baina bere iraultzailetasuna bizi nahi zuen mundu etsai baten aurrean.
Zeren sultanaren jautsapena eta errepublikaren ezartzea arren, Turkia oraindik herri feudal bat zen ia: langile klasea formatu berria zen, nekazaritza, inperioaren azken gerlaz, lehen mundu gerraz eta askazio gerraz, ahuldurik zegoen.
Azkenik Turkiara itzuli zenean, Istanbulen egin zuen lan Nazim Hikmetek, aldizkari batetan. Denbora gutiren buruan bere izena eta izenordeak zabaldu egin ziren. Nazim ez zen klandestinitatean iharduki. Ozenki esan zuen esan nahi zuena. Ez zen boterea lortzea bere lehen helburua, kontzientziatzea baizik. Nazim eta bere lagunak, nolabait, martiri kristauak bezalako ziren: ez zuten ezer espero, proletalgoarekin bat egin nahi zuten, edo hobe, beren klase kontzientziarekin bakean.
Ez da orduan inolaz harrigarri 1938an Nazim gartzelara eramana izatea. Areago, ordu-arte gartzelan hain denbora guti pasatzea da harrigarri. 1950gn urtea arte egon zen Nazim preso. Gartzelatik ikusi zuen nazismoaren igoera eta jautsapena, handik bere herriaren martxa, eta giro bakarti honetan egin zuen Nazimek bere obra gehiena. Brousseko gartzelaren harresiak ez ziren Nazim mundutik aislatzeko aski lodi; kateak ez ziren Nazimen pentsakizuna lotzeko aski firmo; ilunpea ez zen Nazimek ezin eskribitu izateko aski beltz. Are gehiago, gartzelan eginen ditu Nazimek bere poemarik hoberenak.
1950gn urtean, gobernarien aldaketa batek ekarri zuen amnistiak askatu zuen Nazim.
Harrotu gabe, ene maite,
Bala batek bezala pasa ditut nire hamar urteak presondegian
Gibelean dudan oinazeaz arduratzen ez banaiz,
Lehengo bibotz berbera dut,
Lehengo buru berbera.
Presondegitik ateratzekoan idatzi zuen hori Nazimek, baina ez dirudi erabat egia denik. Kalera atera berri zen gizona, ez zen inola hamar edo hamabi urte lehenagokoa. Zaharturik, hebaindurik, nekaturik, gaixorik atera zen Nazim, familia gosez. Baina Turkiako gobernarien asmoa ez zen Nazim bakean uztea eta 48 urterekin soldaduska egitera bidaltzea erabaki zuten. Nazimek Errusiara ihes egin zuen berriro. Eta Errusian hil zen 1963gn. urtean, bere herrian, Turkian, ez ahazturik baina bai apur bat bazterturik. Ez zion askok barkatu ihes egite hori, baina ez dirudi gehiago egiterik eska diezaiokeenik gizon bati. 61 urtez bizi zen eta 18 pasa zuen gartzelan, 12 atzerrian. Errazago dirudi Nazimen baztertze honetan turkiar gobernarien eskua igartzeak. Betidanik saiatu dira Turkiako gobernu diktadoredun antzekoak arrisku atzerritar hipotetikoak aurkitzera, herrian sentimendu nazionalista batutzaile bat sortzeko asmoz, barruko kontraesanak ahantzaraziko duen mugimendu nazionalista defentsibo bat. Honela, Nazim ez zen jadanik turkiar, errusiar baizik. Bere hitzak ziren: «gizona, lekuz aldatzen denean, aldatu egiten da».
Baina indar gehiegi zuen Nazimek herriarengan. Areago, Nazim herriaren parte bizi bat zen, herriak bereganik kendu ezin zuena.
Eta Nazimek, «atzerriratzez atzerriratze, gartzelaz gartzela, Turkia bizkarrean, sakelan» eraman zuen gizonak, ez zuen inoiz etsi, heriotzak bereganatu arte.
Ez dago bizitzea baino ezer ederragorik, egiagorik
Serioski hartuko duzu bizitzea
Hain serioski non
hirurogeita hamar urterekin, adibidez, olibadiak landatuko baitituzu
Ez zure semeentzat gera ditezen
baizik heriotzean sinistuko ez duzulako
Beldur ematen badizu ere
Baizik bizitzeak gehiago pisatuko duelako.
Turkiar hizkuntza eta literatura ezezagunegi dira Europan Nazim Hikmeten obrak berez merezi duen harrera izan dezan. Europear irakurleak ez du Turkiaz Istanbuleko bitxitasuna baizik ezagutzen. Beretzat, Turkia tulez estalirik dauden emakumeen herria da, kale misteriotsuz, zuriz jantzitako apaiz bizardunez betetako herria. Baina ez da Turkia hau Nazimek kantatzen duena:
herri triste
guztien jabego, ekialdetarren ezik.
O Asia, Europaren bihitegi
gauza guztiz betetako bihitegi
gariz betetako bihitegi.
Eta Nazimen obra erabat dago Turkia honi josita, erabat turkiar hizkuntzan, hobe, turkiar hizkuntza herrikoian murgildua, erabat Turkiako herriaren historiari eta kulturari buruzko irudiz betea.
Gainera, europar irakurlea turkieraz mintzatzen ez delarik, bitarteko bat jartzera behartua dago haren ahoa eta bere belarrien artean. Ez du Nazimek zioena irakurtzen, itzultzaileak obra hartan aditzen duena baizik. Bitartekotasun honek beste eragozpen bat sortzen du dudarik gabe, nabarmenkiago poemetan nobela eta antzerki obretan baino. Dena dela, nahiz ezinbestean itzulpenetan indarrik galtzen duen, Nazimen poesia eguneko poetarik ausartenetakoena da eta gure aldamenean, gure parean mintzatzen zaigula dirudi.
Poetaren handitasuna, barruan daraman unibertsoak, bere pertsona gaindituz, munduarekin bat egiteko duen posibilitatearen araura neurtzen bada, ezin egin daiteke dudarik Nazimen handitasunaz. Hikmeten esperientzi pertsonala humanitatearen zati handi baten esperientziaren seinale da, eta obran, turkiar herria munduaren zati handi batena: herri subdesarroilatuak bereziki.
Baldin 1923an errepublikaren ezartzeaz, turkiar hizkuntza herriak erabiltzen zuen bezala sartu bazen poesian, Nazimen eginkizuna korronte honi indar ematea izan zen, behin betiko poesia intelektualen domeinu mugatuan gordetzen zuten «esaera jakintsuak» bazterraraztea. Hizkuntza orok izan du bere historian idazle eragile bat, hizkuntza bi zatitan berezitzen duena: idazle horren aurretik eta ondoren. Inolako dudarik gabe, Nazimek betetzen du paper hau Turkian.
Esan da lehenago nola poesia ofizial kultuari, paraleloki, herriak bere poema epiko, popularrak moldatzen zituen. Beraz, aurrera jarraitzeko, Nazimek egin nahi izan zuen iraganaren erresumenak, bi iturri zituen: bata, ofizialtasuna agertzen zuena. Ez du Nazimek iturri hau besterik gabe baztertzen. Areago, etsenplu negatibo bezala gordeko du bere bizi guztian, zer egin behar ez den eta nola egin behar ez den agertzen duen etsenplua. Klase kultura hau ez da Nazimek beretzat aukeratzen duen klasearen kultura, are gehiago, langile klasearen antikultura dateke.
Iturri bakar bat geratzen zaio Nazim Hikmeti bere herrian, eta hari lotzen zaio hasieratik. Herri tradizinoaren jarraitzailerik argiena izan zen. Kultura ofizialak herri kulturan duen direkzio bakarreko influentziaren ondorioz osatzen da Nazimen poesiaren forma ugaritasuna. Egoki iruditzen zaion guztiaz jabetzen da, bai mendebaldeko kulturaz, bai Asiako kulturaz, Turkia bi munduen arteko zubia baita. Mendebaleko kulturaren garrantzia argi dago Nazimengan. Ez zen alferrik frantziar idazleen itzalean edukatua izan. Eta gaztaroan ez zuen alferrik Moskun poesiaren korronte moderno eta erreboluziogileekin lan egin. Baina Nazimen poemagintza ez da bi kultura nagusi horien inkontruaren ondorio bat soilik. Nazimek ez zuen sintesiko lan bat egin, edo behintzat, ez lan hori bakarrik. Nazim, beste gauza ororen gainetik kreadore bat izan zen. Ez zuen herriaren influentzia «jasan». Hitz basez, ez zegoen kultura gauzatzen den borrokalekutik kanpo, ez zegoen herritik kanpo, obserbadore guztiz ahaltsu eta objektibo bat bezala. Nazim Hikmeten poesia ez da ezezagun batek gizonaren aurrean jartzen duen ispilu bat, gizonaren galderen gauzatze bat baizik, areago, gizonak ilunki sentitzen dituen galderen espresioa, erraztasun faltaz herriak esan ez zezakeenaren aboza. Nazim poemagintzan zen trebe Anatoliako nekazari bat lurra lantzen trebe zen bezala. Nazimen poema bakoitza, nahiz mila ondoriotaraino jarraitutako pentsakizun bakar batez egina dirudien, ez da sentsibilitate une baten gauzatzea soilik, ez da absolututik datorren irudi bat, ez da ondo jositako hitz multzo bat, ez da nahigabearen fruitu kasual bat.
Hikmeten begiratuaren bereizkuntzarik nagusiena errealitatea agirian jartzeko trebetasunean datza, singletasunean. Ez da bere poemetan koma bakar bat sobra. Hitz bakar bat kenduko bagenu, dena amilduko litzateke. Austeritatea bilatzen du iraganeko poesiaren ponparen aurka, argitasuna Turkiako poeta zahar, aristokratiko eta mistikoen iluntasunaren aurka. Ez dago bere poesian forma berezi batetan bortxaz sartzen den mamirik, ez eta formarik gabeko mamirik. Nazimen pertsonalitateak zati bakarti, aislaturik ez duen bezala, harmonia bizi eta dialektiko bat dirudien bezala, honela daude elkarturik Nazimen obran forma eta mamia. Badago noski formaren eta mamiaren batasun bat. Edo hobe, egokitasun bat. Nazimentzat gai bakoitzak forma bat behar du, forma bakoitzak gai bat, interraldatu ezin direnak. Baina batez ere formaren eta mamiaren elkarrekiko influentzia bat dago. Mamia dateke eragile, baina ezin uka daiteke formak duen influentzia. Horretan datza Nazimen poesiaren bizitzea: harreman dialektiko honetan, ez tresna baizik ez diren irudi koloredun, aberats, mediterraneo, asiatarretan. Areago, poesia, mamiaren eta formaren elkarrekiko problemak bukatzen diren lekuan hasten da.
Dialektikotasun hau deritzaigu Nazimen seinale aurrenetako bat. Nazim komunista zen 1923gn. urteaz gero. Bere munduaren bisioa dialektiko zen. Ez dugu haren ideologiari buruzko aski daturik pentsakizunaren ortodoxia judikatzeko. Baina poemak zehar ikus dezakegu nola Nazimek duen gizartearen desarroiloari buruzko ikusmoldea materialista den: beretzat, gizonek itxaroten duten gizartea giza-desarroilo ekonomiko eta kulturalaren halabeharrezko ondorio bat da. Dialektika, hobe materialismo dialektikoa, ez zen beretzat herriari nola-hala irakatsi behar zitzaion zerbait, poemetan ezkutatu samarrik jarri behar den zerbait. Dialektika, nolabait, Nazimen izaera da, Nazimen poema bakoitzean ageri da, irakurle berezi batentzat egindako poemak.
Zeren Hikmeten poesia bere helburuak gogoan harturik judikatu behar baita. Nazim Anatoliako nekazari eta langile analfabetoari zuzentzen zitzaion lehenik.
Haientzat,
zingurriak lurrean,
arrainak urean
xoriak zeruan
bezain ugari zirenentzat
Hain kobarde,
ausart, ezjakin, jainkotsu, goraile,
haur zirenentzat!
Paradoxikoki,lehenago apreziatu zen bere poesia atzerrian Turkian baino, zentsura zela medio, baina baita ene kontraesan nagusi honengatik: irakurtzen ez zekitenentzat idatzitako poemak zirelako. Horregatik aldatu zuen Nazimek poeta herrikoien ziklo klasikoa: ez zen bakarrik herritik hartutako gaiez, formez, irudiz, doinuz baliatzen, are gehiago, ahoz aho, belarriz, eskuz esku zabaltzen ziren poemak herriaren hizkuntza bihurtzen ziren. Nola-hala, Nazimen ametsa irauliz, ez zen bakarrik Nazim herriaren aboza, baizik herria Nazimena. Urrikaldu batek itsasora botatzen dituen boteilen antzeko poemak ziren gartzelatik ateratzen zirenak, baina helburua iristen zuten boteilak.
Nazimen poesiak aise gainditu zituen helburu horiek. Nazim turkiar unibertsal bat da, baina turkiar. Eta ez dira bere poemen bitxitasunak oztopo bat, laguntza bat baizik, ez baitira erabiltzen dituen irudiak, lehenago esan denez, helburu bat, tresna bat bazik, nonahiko gizonaren sentsibilitateari mintzatzen zaizkion tresnak. Nonahiko gizonari, baina bereziki Nazimen herriaren borroka berberan konprometatua dagoen gizonari, problema berberak dituen gizonari.
Nazim Hikmetek Alderdi Komunistaren menpeko aitortu zuen sarritan bere luma. Idazle militante bat zen beraz, herriari mintzatzea helburutzat zuen militantea, zehazkiago, herria kontzientziatzea. Nazimentzat literaturaren helburua mundua ezagutaraztea zen. Honelako poemak, nobelak, antzerki obrak idatzi nahi izan zituen, bere herriarentzat, herri guztientzat, partiduaren partaide ororentzat misio hori beteko zuten obrak. Helburu honetan, argi, serioski idazten jakin behar da, barrokokeriarik gabe, «ilargiaren argia baino, eguzkiarena nahiago izanik», berak zioen bezala. Ez zuen Nazimek inoiz uste izan komak, puntuak, letra maiuskulak kentzea literatura «modernoa» egiteko aski zenik, marjen desberdineko lerroak jartzea poesigintza berritzeko aski zenik.
Nazimen erako idazle ororen eragozpenik nagusiena, literatura mota honen irakurle eskasia da. Oztopo hau gainditzeko, poemagintza aukeratu zuen bere obraren ardaztzat, eta batez ere kantu formako poemak, zenbaitetan beste norbaiten musikaz hornitzen zituenak, kantua baitzen, Nazimen iritziz, herriak ezagutzen duen lehen poesia forma:
Gizonak gabe bizi izan ahal dut
inoiz ez kantuek gabe
kantuek ez ninduten inoiz enganatu.
Zer nahi hizkuntzatan
beti ulertu ditut kanta guztiak.
Honela jarri zuen poemak zehar zenbait hitz berresan, pausa leku bezala, ritmoaren eragile bezala, kantu estrukturaren oinarri bezala:
Martxa bat da!
Eguzkira martxa bat!
Eguzkia sarri izanen da gurea!
Eguzkia arrobatuko dugu!
Martxa bat da!
Eguzkira garamazkiena!
Eguzkia irabaziko dugu!
Eguzkia sarri izanen da gurea!
Horregatik dute hain maiz bere poemek, kantek ohi duten bezala, bi zati: estrofa eta errepika.
Baina Nazim bere poema askori musika jartzera saiatu zela jakinagatik eta puntu honi benetako garrantzia emanagatik, ez zaigu ordea kanta estruktura hau Nazimen obraren influentzia esplikatzeko nahiko esplikaziorik. Zeren zein litzateke orduan Kubako erreboluzioaren ondoren egindako kanta honekin duen diferentzia:
Estamos en el año de la educación
y el pueblo se prepara a dar la lección.
Cubano, cubana, es tu gran deber
enseñar a escribir, enseñar a leer.
Artea zaigu esplikazio bakarra. Nazim Hikmet artista zen, kubatar kanta egin zuena ez. Hau da literatura konprometatu edo militanteaz mintzatzen denean gogoan hartu behar dena: idazleak talentua behar du izan aurrenik. Ez da aski salatzea edozein literatura mota egiteko, literato behar da izan. Jendearen belarritara ailegatzeko, aboza ozen bat behar da, garrasi egin behar da (eeeh) baina garrasi horren ondoren atentzioa gorde nahi bada, artea behar da eta «gaur artearen martxa ahoan dugun su tuberiaz kantatzen da».
Eeeh! saihetsetan
suzko bihotz baten ordez
petroleo lanpara bat duzuen gizonok!
Eeeh! arrea kiloka
saltzen duzun artista
udareak salduko bazenitu bezala!
..
Ken itzazu eskuak artearen gainetik,
ken itzazu!
ken itzazue!
...gaur
artearen martxa
ahoan dugun su tuberiaz
kantatzen da!
Aski da,
Altza zaitezte, jaunok!...
Nazimen oihua entzunik, munduko artista asko jarri da zutik, munduko artista askok hartu du Nazim ikurtzat. Baina Nazim Hikmeten bidean jarraitzeko, altza ondoren, lehen pausoa eman behar da.
© Arantxa Urretabizkaia