SALVADOR ESPRIU
(1913-1985)
![]()
Bere poesia lanak izan dira euskarara ekarri direnak. Literatur aldizkarien bitartez plazaratu da bere lana gurean, gerora liburuetara iritsi bada ere.
Jose Antonio Loidik euskaratu zuen poema bat, 1965ean, eta Olerti aldizkarian publikatu. Huraxe da, guk dakigula, lehena. Handik gutxira, 1966an, Salvador Espriu euskarara ekartzen lanik handiena egin duen Juan San Martin hasi zen haren lana publikatzen. 1966ko Egan aldizkarian, sarrera batez lagundua, Salvador Espriuren Cementiri de Sinera eman zuen Sinera-ko liburua izenburuaz, osorik (baita separata moduan kaleratu ere). Eta hurrengo urtean, Euskal Herria izen orokorraren pean, berriro ere Egan-en, Espriuren hiru poema euskaratu zituen, gure herria gai dutenak.
Ia 20 urte pasatu ziren berriro ere idazle katalanaren lanak euskaraz irakurri genituen arte. 1983an hasita, eta hiru urtez atalka emanez Egan aldizkarian, La pell de brau (Zezen larrua) poema-liburua itzuli zuen, osorik, Juan San Martinek.
Urte horietantxe, orobat, beste batzuek ere ekin zioten. 1984an Korrok aldizkarian poema bat euskaratu zuten; Jose Mari Pastorrek ere, Zeruko Argia-n, hiru poema euskaratu zituen 1985ean, eta 1987an Joakin Balentziak bi Ttipi-Ttapa aldizkarian.
Hamar urte beranduago, 1997an, eta Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Ibaizabal argitaletxearekin kaleratu zen zenbait autore katalanen antologia bat, Gerardo Markuletak prestatua. Itzulpenak ere bereak dira. Tartean, noski, Salvador Espriuren hamar poema.
Honelaxe, poeta katalanaren obraren zati bat irakur daiteke euskaraz (poema batzuen hiru bertsio daude), eta hementxe eskaini nahi izan dizuegu. Alde batetik, Juan San Martinek euskaratutako bi liburuak, osorik. Bestalde, eta 1988ko ediziorako hitzaurrea ere ekarriz, 1988ko eta 1997ko antologietako poemak. Eta horien segidan, azkenik, literatur aldizkarietan solte azaldu direnak, kronologikoki antolatuta. |