ITZ BI
Badu pozbiderik gure euskera xaarrak. Ugalde'tar Martin etorri zaigu euskal alorrera. Ez gero, nolanaiko lanabasekin: atxur dirdaitsu, sega zorrotz eta eskuare berri batekin baizik. Beti ere gure alorrean ari izan dala esan diteke, ain daude dizdizari eta erdoi-gabe berak dakazkin erremintak.
Eta, nor da Martin Ugalde? Oraindik gizon gaztea da andoaindar jator au. Euskaldun sutsua, aberri-izkera biotzez maite duen euskotar bikaña. Lendik ere argitaratuta zeuzkan erderaz ipui-sorta ernagarri bi. Caracas'ko «El Nacional» izparkariak urtero egiten dituen ipui-sariketa sonatuetan, bi aldiz irabazi du Martin Ugalde'k lenbiziko saria. Ondo irabazita gaiñera, bere-berea duen estilu berezi baten jabe dalako.
Euskerazko ipui auek ordea ez dute zer ikusirik erderazkoekin. Ala ere, ipui guztietan, naiz erderazko naiz euskerazkoetan, antxen ageri da Martin bere nortasun egiñarekin, bere esku-ikutu piñ eta zorrotzarekin. Eta nortasun ori euskerazko ipui auetan gaillentzenago zaiola esango banuke, ez nuke bat ere gezurrik esango.
Nork ez du biotz-dardaraz irakurriko «Gizerailtza» deritzan ipuia? Gure gudu garaiko gertatu bat biziarazten du Ugalde'k ipui orretan. Nemexio gizajoa! Etsaiek garbitu zuten «ñaxoñalista» zalako. Erri guztiko gizonik onena. Nemexio txapel gabe ikusten dudanean, Euskadi euskera gabe begitanduten zait. Eta amaikutxo Nemexio errukarri izan ditugu gure errietan. Beste lau ipuiak, euskal burrukak erne-arazitako frutu beroak dituzute.
Bearrezkoa genuen euskotarrok ere gudu-literatura gartsu hut, eta literatura orri asiera ezin obeagoa ematen dio Martin Ugalde'k bere ipui auekin. Negargarria, baiña oraindik euskuldun batek ere ez ditu liburuetan euskeraz eman orduko gertari deitoragarriak. Mututasun lotsgarrienean diraute oraindik ere. Eta bearrezkoa izan kanpora aizatze, gazteak jakin dezaten zer-nolako naigabe eta atsekabeekin oretuak izan diran gure askatasun naiak. Gerrari sumiñok iñoiz gure gaztediak aztuko balitu, akabo gure itxuropena.
Euskeraz bear ziran esan gaiñera, Martin Ugalde'k egin duen bezela. Euskera gabeko abertzaletasuna antzua ta ilkorra dalako. Eta oraingo gazteak euskerarekin ernaritutako abertzaletasun oparoa nai dute, ez erdal-itsasoan ondatuta dabillen abertzaletasun arroputza. Gure gazte burrukalariek, ementxe arkituko dute beren biotzak berotzeko sua.
Badu beste zerbait liburutxo onek: auxen da, mendeak mende, Venezuelan argitaratzen dan lenengo euskerazko liburua. Zenbat euskaldun ez dira igaro lurralde auetatik? Ez zuten ala ere, euskerarentzako oroitzapen txikienik ere izan. Ez al da lotsagarria? Lotsa ori ere, alderatu dugu.
Ezin ditzakegu bazterrean utzi liburu au ain apain argitaratzeko lagundu duten gizon azkar biren izenak. Otaño, marrazkiak egin dituen margolari biziarena, eta Eizmendi zarauztar irarle trebearena. Bi-biak ar ditzatela gure goresmenak.
IBINAGABEITIA'TAR ANDIMA'K
1960'gko Euskeraren Egunean, Abenduak 3 6
© Andima Ibinagabeitia