JOAILEAK

 

        Hilabete osoak pasatzen dira nire etxean eskutitz bat hartzen ez delarik. Gutun zabaltzaileak zerbait ekarri gabe, la ez zen egunik igarotzen garai batean. Behin ere ez zitzaizkidan falta oroz gain atzerriko aldizkariak, liburuak, albistari paketeak. Zeinen ederrak Buenos Airesko eta Habanako igandetako ale bereiziak, euren lankidetza apartekoa, euren horrialde zabalak hutsune grabatua deritzanean! Ez zait deus ere iristen orain; guztihau amaitu zen! Baina hala ere ez daukat arrenkurarik. Ikusten baitut denak baduela bere alderdi ona. Munduan pentsatzen edo izkribatzen den oro gogoan hartu beharreko afana, ordu zoragarri askoren galgarri da. Isolamendu hau ongi profitatzen eta bide konkretutatik gidatzen jakinez gero, mula aldiz baliatsuagoa izan ohi da.

        Baina guzti hori hala delarik, igarri ahal diezaiokezue ene bihotzaren pozari gaur arratsean nire etxera iristean? Hiru eskutitz, hiru, alajaina!, sukaldeko armarioan errenkan jarririk zeuden nire esperoan, nire zain. Hiru estalkitatik, bi zigilaturik datoz zigilu bitxi eta nabarmenez. Aldimugak, fetxak alegia, oso aspaldikoak dira eta, esan beharrik ez, desberdinak; baina, eskutitzok ene eskuetara egun berberan hel zitezen, beste esku ahalguztidun eta ikustezin batek akort jarri zituen neure hiru adiskideaks.

        Bat Frantziatik dator, Bordeletik alegia, eta beste gauzen artean esaten dit: "Azkenean aurkitu dut lana. Hitz bedeinkatua! Eta horretaz gainera beste aukera tentagarri bat aurkezten zait txit erakargarria. Posible da hurrengoa Ameriketatik izkriba diezazudan, hots!, Santo Domingotik".

        Beste bat Nicaraguakoa da: Nire parrokia Pacífico gainean dagoen herri batean dago. Beronetara iristeko, hiru orduko ontzialdia aintzira zehar, ordubetekoa trenbidez eta ordubete gehiago zaldigurdiz egin behar dut. Hau izkribatzen didana jesuita da. Zein herri izango ote da, Rubén Daríoren sorterrian, nire adiskide hau iristen dena horren bidaldi luzea egin ondoren igandetan tropikoko egun sentian? Mapan begiratuz irudimenera ekarri nahi nuke, zeren ene adiskideak ez baitu esaten. Herri hau, Brito, Rivas edo San Juan del Sur izan zitekeen. Seguru asko San Juan del Sur izanen da. (Halaxen da, geroko gutunetatik jakin ahal izan dut San Juan del Sur dela).

        Hirugarren gutuna, eskutitza alegia, Caracastik datorkit. Rómulo Gallegos nobelari Venezuelatarraren deskribapenak gogorazten dituen zatiak ditu. Ministeritzak leporatutako lanak aurrera eramateko, Tachireko Legerriraino heldu naiz, Colombiarekin muga egiten duen lurraldetara. Eskualdeok indiargizeliz jendeztatuak laude. Berauen emaztekien aurpegi koloreztatuen aintzinean, izugarrizko indarrak egin behar nituen farrez leher gaizto ez egiteko euren aurrean. Esan zidatenez, indio batek eguzkiari begiratze hutsarekin, ordua zehazki esaten men zuen, ordugailuaren beharrik gabe. Berarengana joan nintzen eta ordua galdetu nion. Begiratu zion eguzkiari une batean eta batere zalantzarik gabe erantzun zidan: Hamaikaterdiak. Izan ere, nire ordugailuan hamaikak eta hogeitabost ziren. Galdetu nion berriro nola arraio moldatzen ote zen ardua hain zehazki asmatzeko, eta honela erantzun zidan: Talentuaren talentuz!

        Istanpatean, eskutitzok milaka euskaldunenganantz daramate ene irudimena, nire hiru adiskideok bezala, anaiarteko gerlaren erresakak beren herrialdetik baztertu zituenak alegia. Izpirituaren behako azkarrak begibistaratzen ditu une batean adiskide sakabanatu asko eta asko. Beharbada bekaitz amiñi bat ere bada tartean. Bed nahi dugu ez duguna; ni neu beste joaile bat izateko zorian egon nintzen. Euskaldunok, oroiminari dagokionean sentibera baldin bagaituzu ere inor gutxi bezala, nolabait ere segurtasunik gabe bizi gara eskuarki. Niri neroni, zergatik gustatzen zaizkit hainbeste autore amerikarren liburuak? Autore hego-amerikarrenak oroz gain?

        Gerla zibil hau baino askoz lehenago, sinesgarri diren estadistiken arabera, miloi t'erdiko joaileen kopuru ikaragarria aipatzen zuten mende baten joanaldian. Jende asko, erruz, gehiegi, nik bezala pentsatzen dutenentzat sekula ez dela euskaldunik aski izango elkarren ondoan bilduta. Eta gaur zenbat mila ez ote daude atzerrian ihesliar joanak?

        Aintzinako joaile sukar kiskalgarriak, aspalditxoan asko jaitsi ziren. Lehenagoko anaiarteko gerlek oraingoaren tankerako sakabanatzeak ekarri zituzten. Euskaldunen emigrazioen estudio bat —Argentinara baitipat— lehendabiziko eta bigarren gerla zibilen ondoren, txit ernegarri litzateke. Baina bi gerla haiek eragindako atzerriratzeak ez dira hurbiltzen oraingoaren neurrira. Ez da beste gerlarik izan honek hainbat ondoren ekarri dionik gure herriari.

        Lehenengo eta bigarren gerla karlistetatik erbesteratutako karlista askorengan irmotasun hezigaitzak oroiminak baino gehiago ahal izan zuen; sekula ez zuten onartu nahi izan beren ausiabartzak ekarritako bizilegea. Gizon kementsu haiek nahiago izan zuten atzerrian hil; behin ere ez zuten oinperatu gehiago utzi zuten lurraldea. Oraingo joailetatik, zenbat ez dira gehiago itzuliko? Ez naiz ari dagoeneko lur arrotzean betiko atsedena hartzen daudenez bakarrik. Denbora aurrera doa eta bizibeharrak interesak eta atxikimenduak sortarazten ditu. Hauek eta haiek —edo haiek eta hauek, berdin baitzaio—, gero eta gehiago lotzen dure. Eta itzultzean gero eta gutxiago pentsatzen da. Gizona bizigiro berri batera jendeak uste duen baino lehenago egiten da. Eta joailea bere aberriaganako arrotz bilakatzen da halako batean. Gogorra da esaten, baina gizona erbestean, ia beti, guztiz antzua da bere jatorrizko herriaganako.

        Badakit bidegabea litzatekeela lege orokor honek salbuespenik ez duela esatea. Zenbait erbesteratuk —hala nola, Iparragirre, Guilbeau doktorea, Egaña, Otaño—, bihotz-bihotzez kantatu zizkioten beren poesiak euren lur maite eta apartekoari, urrutikoari alegia. Beroien artean azkenak, hain zuzen, inork ez bezala asmatu zuen aditzera ematen euskaldunak Pamparen zabaltasun neurrigabean sentitzen duen axanpa, haren ikuspenak, nolabait ere, jaioterriko bazterrak gogorazten dizkion zerbaitekin topo egiten duenean.

        Martínez Estrada idazle arjentinarrak bere Radiografía de la Pampa deritzanean —desilusiogarri zinez arbaso kolonizadoreen aurkako erremin bidegabea darion Argentina, liburu honek aditzera ematen duenez— zera diotsa: Virgiliok ez liokela kanturik egingo ombú arbolan, ordekako sinbolo den zuhaitzari, alegia. Pedro Mari Otañok, ordea, poeta gutxi ezagutuak, maitasunezko oroiminez, ahapaldi miresgarriak kantatu zizkion ombú izeneko zuhaitzari.

        Nire lagunek ez didate esaten, baina ene irudimenak argi egiten dit: zenbat ez ote die sufriarazten oroiminak! Ez ote zaie agituko, bestelako modu batez, Pedro Mari Otañori gertatzen zitzaiona?

 

                Nere lagunik maitatuena

                Ombu laztana, zu zera!

                Argatik nator zure kolkora

                Ni, malkoak isurtzera;

                Iruditurik naramazula

                Atariko intxaurpera...

 

        Hala ere, euskal-eragina boteretsua dela Ameriketako bizitzan zerak aditzera ematen du: amerikarrek halako ohitura edukirik joaileak ia beti izendapen orokor mespretxugarriz kalifikatzeko, gure herri txipi honetako seme-alabei beren arraza izenez deitzea beti. Iparraldeko amerikarrentzat vizcainos gara; hegoaldekoentzat vascos, vasquitos. Martín Fierro delako poema nazionalean guztiz naturalki esaten da:

 

                Una vez me dió una soba

                Que me hizo pedir socorro,

                Porque lastimé un cachorro

                En el rancho de unas vascas.

 

        Baita honako beste hau:

 

                Se tiró al suelo; al dentrar

                Le dió un empeyón a un vasco

                Y me alargó un medio frasco

                Diciendo: Beba, cuñao.

 

        Gogoan daukat aspaldian irakurririk dudala Betharramgo Jesusen Bihotzaren fraideek Argentinan editatutako argitaraldi batean —eusko-jatorriko komunitate hau parte handi batean, oroz gain bere haseretan, XIX-garren mendeko bigarren erdialdean, euskaldunak atzerrian laguntzea dedikatu zen—, Amerika bekozko ilunez agertzen hasi zitzaiola joaileari eta baitipat joaile euskaldunari, guztiz bakartua aurkitzen baitzen bere hizkuntza bereiziaz. Euskaldunak bestek okupaturik aurkitzen zituen lanposturik onenak, baina azkenerako garaile ateratzen zen kemenez eta prestutasunez. Bere bakarnahikeria nabarmenak norbere lurrean bizitzea zirikatzen zion. Eginahalaren eginahalez irabazitako diru-aurrerapenekin egoitzaren oinarriak jartzen zituen. Gero, zalantzarik gabe, indio tartean sartzen zen. Ordeka azkengabean, zerumuga galtzen den tokian lurrintsu eta asmagaitz —norbere jaioterriko paisaiaren guztiz bestelakoa—, zaintzen zituen bere eleak, sekula goldetu gabeko lurra hildokatzen zuen, edo, lekoa askotako lurraldeak hesitzen zituen burdinariz, artean ez baitziren inorenak izan.

        Lanik gogorrenak, denek baztertuak, euskaldunak onartzen zituen. Eta oraindik onartzen ditu. Oraingo joailetatik, gaur bertan, badakit badela lege-gizonik torneruz ari denik, funtzionaririk kai gruetan ari denik, irakaslerik artaldezain dabilenik, bulego-gizonik peoitzan ari denik, medikurik bere joailetza egurgintzan hasi zuenik Landetako lerdoietan.

        Euskalduna, dena galdutako biharamonean prest dago berriz hasteko non-nahi eta nola-nahi, lehenengo eguneko ilusio berberarekin.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus