AZKENEKO TTUNTTUNEROA
Urteak eta baitipat bere inguruko bizigiroak, azpijorra egin zioten emeki-emeki Kanpionen gaztaroko oldarrari, paregabeko gure Arturo Campión-i, eta azkenerako gaitz-usteak menderatu zuen gure gizona. Ez al zuen mutiburik aski beltzaldi honetan erortzeko?
Ez zituen begiak hondarrez itsutu, ez eta ere burua luma tartean gorde. Bere herriaganako maitasun sakon-sakonak ere ez zion iruzurrik egin. Gogoak sarri izan ohi duen saihespide gaizto bati ez zion lekurik eman, alegia, gauzak guk nahi genukeenez ikustea, diren bezala ikusi beharrean. Aitzitik, bere gaitz-uste berberak ohar-egile neurritsu egiten du. Azken batean, gaitz-usteduna da itxaropena garbienik gordetzen duena. Gure izaeraren alderdiak oro ikusten ditu. Eta hau ez balitzaio pozkarigarri, kontsolagarri alegia, zeren haren amodioa neketsu baita, bederen gure akatsik nagusienetako batetik zuzenbideratzen du, hots! lirismoa deritzanean erortzetik!
Izan ere, txit lirikoak baikaituzu. Gure agerkerak gordeak izanarren, gure arimaren garbimin zaleak izanarren beharbada hauxen dugu joeraren pizgarri gure irudimen hegalari eta samurrari beroaldi bat Daraitzen zaionean, liriko purrukatuak gara.
Lirikoa, ia beti, izate onekoa da. Bere alderdi onak eskeintzen saiatzen da beinepein. Alabaina, inor ez dago lirikoa bezain hurbil egia gezurbideratzen. Lirikoa, era batez ez bada, bestez, egiaren garratza eztitzen saiatzen den gizona da. Halaber, askotan leratsu izan ohi da eta nahikotsutan fanatismu mugak jo eta hausten ditu. Ez baitu sekula itzalik ikusten, argia darion alderdia baizik, berau bakarrik! Zenbateko kalteak ez ote dizkigu ekarri lirismoak!
Lirikoa beti loturarik gabea da. Eta gure artean bada jenderik asko beren lirismoa bizitza praktikura eta bizitza politikura eraman gura dutenak, eta egia esan, politika lagunabarren ederlana da, eta lirika pertsonaren erreakzio bat soil-soilki. Politikari bat, egiazko politikari bat, hitzaren esangura garbienari gagozkiola, besterentzat ari den gizona da. Eginbehar hau zaio zurigarri bakar-bakarras. Lirikoa berriz bere buruarentzat bakarrik bizi da, gertatzen zaiona bakarrik zabaltzen da besterengana.
Ez diotsat Arturo Campion lirikoa ez denik; ez, horixe. Baina beronen izkribuetan baditu noizik eta behin eszeptizismoa gainditzen zaion esaldiak. Esaldiok hain maiz errepikatuak izanik batzutan, fatalismoaren atetara insten dela esango genuke. Joera hau ekingarri, obsesiogarri, goibel jario da izan; zenbait aldiz erdiragarri ere bai.
Kanpion, ingurura begiratzean, muin-muinetik eta sakon-sakonetik maitasun zauriaren garrasia irtetzen zaion gizona da. Sorterria bihotz-bihotzez maite du, burua galdu gabe ordea.
Eta berezkoa denez, denak zaizkio sufrigarri; ez bakarrik fede-ukatzaileak, deserrotuak, kezkagabeak; bai eta ere, maitatuz, lurrean oinak jartzen ez dituztenak, hots, errealitatean bizi ez direnak, edo beren irudikerien zerbitzari jardunaz euren egiazko borroka lekua uzten dutenak. Baina inork ez dio entzuten. Haren ahotsa griña elkorrak" besterik sortzen ez diren basamortuan ari baita oihuka. Haren zahartzaro goreskarria odolketarik gorrienean akitu zen. Zeruak, inguruan sortu zitzaion ikuskizunaren izugarrikeria estaliz, gizonek baino kupida gehiago erakutsi zion.
Kanpion, Olite-Herriberriko errege-gaztelu zaharraren dorre eta almenen irudi da, hondakin ororen gainetik zerurantz zutitzen baitira zuzen-oihuka eta larrikaretan. Haren eginbeharra, gure anai odolaren egarri sendaezina salatzea izan da. Zeren gure historian zehar gure ezpatak geronen odoletan hezatu besterik ez baitugu egin. Elkarrenganako amodioaren argia ez da gugana iristen. Elkarri bakealdi bat opa diogunean berriz, Danteren irudimenak eserita, isilik, harkaitzari arrimaturik, elkarri bizkar emanda, begiak itxita, burdinariz josita aurkeztutako dohakabeen antza dugu:
Di vil ciliccio me parean coperti
E l'un sofferia l'altro con la spalla.
E tutti dalla ripa eran sofferti.
Cosí li ciechi, a cui la roba falla,
.......................................................
.......................................................
E come agli orbi non approda'l Sole
Cosi all'ombre, di ch'io parlavo ora
Luce del Ciel di se largir non vuole;
Ch'a tutte un fil di ferro il ciglio fora
E cuce, si com'a sparvier selvaggio
Si fa, perocche queto non dimora
Comm. XIII-gn. Kantaldia.
Bere El Genio de Nabarran errepikatzen digu: Inoiz ez da urratu kastigurik gabe gure lurraldean, alderdikeriak gaitz higuingarritzat jotzen dituen oin-legea. Gure hondamenak darakuskigu zein egiatsu den Ebanjelioko epai beti-iraunkorra: zatitua datzan erresuma oro txautua izanen da. Zeren gure gaitzik gehienak barrendik datozkigu, kanpotik baino gehiago alegia; gu geu gaituzu gure herriaren etsairik gaiztoenak.
Kanpionek Henao ekartzen digu maiz aski gogora. Idazle honek ere, hobeki ezinik eman zigun labur zurrian, laburbildurik alegia, geure gorroto ahalmen neurrigabearen historia. Kanpion, ordea, esandakoaz gainera, historialariak estimatuena duen edergintzaren jabe da, hots, aditzera ematekoa. Kanpionek aditzera emateko doaia badu, arima lotsakorraz luma dardar izuka gelditzen zaionean ere... Beronen irudimenean sortutako Pedro Fermin Izko indiano zahar ttunttuneroaren antza bizia du, honek, igande ilunabarrez doinurik erdibigarrienak jotzen dituelarik bakar-bakarrik, begiak malkoz blai eginda, larrikaraz estututa, bere sorterri berberaren atarian... Ez baitzuen beronek semetzat aitortu nahi izan eta aditu nahi gabe, irri mingarriz uxatzen du..
Kanpion berbera da Erraondoko azken ttunttuneroa.
© Jose Artetxe
© itzulpenarena: Jon Etxaide