OLERKARI LABURKOIA

 

        Lizardi, olerkari laburkoia dut irakurgai. Haren irudia datorkit burura. Gogoratu ere, txit ongi gogoratzen naiz aurpegi tankera biziko buru leinargi hartaz: kopeta zabala eta berau zimur sakon, luze, eta paraleluz hildokatua; bere gaztaina koloreko begiek tristura zerioten nolabait ere; gorputzez zabal-antxa, solasean bare.

        Ardurakeriaz kutsatu gabeko bere soin-tankeraren dotoretasunak halako baretasun uzkur edo malenkoniatsu bat zemaion eta bere gizamoldeek berriz, etsipen helduaurrekoez bustitakoaren atsedenaldi. Haren behakoa baitipat ahantzi ezina zen. Kementsuak begiz mintzo dira. Lizardirenak eztitasun eta itxaropen mintzoz bere arimaren argitasuna klarki adiarazten zuten.

        Denontzat ezaguna den giputz hau olerkari izatearen gaitz ederberak jota jaio zen. Lizardiri gora begiratu beharrak eragiten mon, baibaitzekien goitik gizonen begira daudela. Benetako poeta zen, bi ikusmenen jabe eta bitarteko ere bai, zeren adiarazi eta senti baitzezakeen jenderik gehienak orain-gerotan adiarazi ez ditzakeen gauzak.

        Azalpenetan olerkari garai Matera heldu zitzaiguna, barne sentipen kantetan ere nagusi izango zen heriotzak goiztiarki irentsi izan ez balu. Joera hau gero eta nabariagoa zizun. Lizardi, astiro-astiro, kanpotik barrura biltzen ari zen.

        Euskaldun jatorra zenez, Lizardik, bere arrazatik zetorkion herabetasuna nagusi baldin bazuen ere, inoiz-edo bere arima zabal-zabal egiten du lotsakorki eta haren ahopekoa isil-isilik guganatzen zaigu. Lizardik, gauzen bukatu beharrak dation uzkurtasun edo malenkonia gazi-geza dizu sarritan pentsagai. Badoanaren kantaminez dago maiz eta eguzki jartze ondoan gau hurbilaren aintzindari iheska doan argitasun ahuldua zaio gogoratzen. Halabeharraren burutapena inguruan dabilkio. Orduan, ezin etsizko larrikara ernetzen zaio ezpainetan:

 

                Oi, zein dan ituna

                bêra bear au!

                Nik ez nai eguna

                biurtzerik gau!

 

        Hitz arruntez, prosaz alegia, antzekoa da. Bere azalpenik bikainenetako baten azken lerroen ausnarka ari natzaizu oraintxe.

        Beronen haurrak oheratu berri dituzu. Zorioneko isiltasuna jabetu da bere egoitzaz. Arestixean, bere seme zaharrenaren deabrukeriek, bere lau haurren zalaparta zorabiagarriek, jolastoki bihurturik zeukaten. Aldaketa nabarmen honek zirika eragiten dio olerkariari bere baitan bil dadin... Haurtzaroa gure behera beharraren ispilu erakusgarri berdingabea dugu. Haurren ahaztea gure biziak daraman beheraka geldigaitzaren neurri da. Lerro batera doi-doi iristen den esaldi batean, Lizardiri zinkurin lotsati hau sortzen zaio:

        Beldur nauk zaartzen ote naizen...

        Ormaetxea idazlearen aburuz, Lizardiren olerkiak apurka irakurtzekoak dira. Arrazoi du noski gure olerkariaren adiskide minak. Lizardiren idaztankera aditzera emangarri da, osorik esateke igarriarazten duena. Lizardiren olerkiek, geihentsuenetan, hazi irudi dure, ez lore. Silabei beren lilura erne-arazi dielakoan ere banago. Haren hitzak oroimen pizgarri eta arimaren zarrastagarri dira, hain zeatzak baitira! Oroitzapen ugarienak dakartzan irudia jaso ohi du beti. Honetan, Verlaine-n senide deritzat. Miresgarriki daki bizigiroaren ikusmen grafikoa berriztatzen.

        Euskalduna ohartzaile bizkorra da zinez. Gaitasun hau bertsolaritzan ikus daiteke oparo. Euskalduna izadiari, naturari alegia, erne dagokio. Aipuz lehorrak gaituzu. Gertatu ere, zera gertatzen da: ikusten duena trinkotu, laburbildu egiten duela.

 

                Ol bat jaso ta ikusi

                dut muxu ximela

                parre-antxa, bizirik

                balirau bezela.

 

        Baina olerkaria ez da sentitzen eta ikusten duen gizona bakarrik, zeren eta, horretaz gainera, aditzen duen gizona baita.

 

                Gurdibide bakan-ibil ertzetan

                masusta-sasia dago loretan.

 

        Hango kixkalbeharra!Hango marmarra! Ia itzulezina egiten da olerki hauen moztasun sendo eta doi-doia. Itzulpenak ozta-ozta egiten dio bide Lizardiren olerkiaren argi motel bati.

        Camille Mauclair frantziar iritzigile ospatsuari irakurririk dakit, Debussy-ren musikagai batzuk aditzean, Verlaine-en proiekzioak iruditzen omen zitzaizkion; Schumann-enak entzutearekin berriz Heine zetorkion gogora; Schubert-en sormen zenbaitek aldiz Goethe oroiarazten zioten.

        Musikariek olerkarien mintzoa errepikatu dute, baina istrumentaturik. Olerkia abesti da. Lizardik badaki soinua darion irudiaren berri; bada bere poesietan bat baino gehiago musikalari burugailen baten zain daudenak proiektatuak izan daitezen.

        Lizardik, euskal-idazleek beretutako ezaugarria darakuskigu: gizalegea. Baina, honetaz gainera ezkutupekoa eta azkengabea zaizkio eragingarri eta erakargarri. Erromantikoa da izan, jakina! Ez ordea gauzari ezin eman dezakenik eskatzen dioten poeta erromantiko purrukatu horietakoa. Bere olerkietan ez duzu aurkitzen gizabarnean nekemina, higuina eta mingostasuna sorrarazten dituzten jasak, alderantziz baizik: itxaropena naro-naro, oparo alegia, eta atseginezko gogoetak dakarzkizu. Lizardi egia bakarrari itsasten zaionetakoa dugu.

        Oraindik orain, ene adiskide zenaren irudia ikusten ari naizelakoan nago. Tankera honetakoxe gizonek beren bizian izan zuten arikortasun zintzo berbera dute eraile. Beren izpirituaren emankizun osoak suturik hiltzen dira.

        Berriro irakurtzean Lizardiren bertsolana, beronen sinespen eta egiaren jabe naizelarik, niri ere barru-barrutik irten zaizkit haren hitz berberak: Agur... Egun Aundirarte.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus