MATXINBENTAKO OLERKARIA

 

 

I

 

        Beste nonbaitetik, paisaia zukutsuagoei eta zerumuga zabalagoei aurrez-aurre, honela kantatu zuen behin batean Jautarkolek:

 

                Baseliza zarraren babes maitetsuan

                Lar ta intza lau ormen barruan

                kanposantutxo bat lo daukat bazterrean,

                Ernio aurrez-aurre, Txindoki atzean.

 

        Beste leku honek, Matxinbentak alegia, zelaigune medarrak ditu. Mendarte estu eta hotza baita, Murumendiren hegal sakonean. Azpeitiatik Salbatoreko bidegurutzera —Mandubioko mendilepoan barrena— doan bide bakartiaren erditsu aldera dago.

        Leku honi Matxinbenta deritzaio. Dozenatxo bat inguru basetxe ditu elizaren jiran. Honek ezagun dizu aspaldi gabe berriztatua izan dena. Dorrea harrizko eraikintza borobil bat da almena txipiz saihestua. Arkupe oihesaren aintzinean pilotatoki txipi bat dago. Hau ere berri-berria eta zementuz eraikia. Etxe tartetatik errekatxo garbi bat doa labainduz.

        Horra etxe sailean bat zuri-zuria. Teilatua hegal bitan du anguloa eginaz fatxada gainean. Aintzinean lorebaratz txipitxo bat datza itxitura oihes batez inguraturik. Apez etxea da.

        Atea igarota, eskaratzetik ezker aldera, zola ilun batean, konejutegi bat ozta-ozta nabaitzen den tokian, oilo batzuk aztarrika ari dira. Apezaren bizikleta kako batetik zintzilik datza. Gure oinotsa sentitzean zakur bat ateratzen da bizitzako atetik zaunka gorrian. Gizonezko baten ahotsak, ordea, isilarazten du eta burua makurtuta, kurrinka itzultzen da.

        Gela txukunean, balkoi oihesean barrena datorren errekaren marmar etengabea entzuten da soilki. Leku hartan isiltasuna da nagusi. Hemen bizi da Jauregi olerkaria. Errepika dezake behin eta berriz:

 

                Bakardadeak hartu nau bere altzoan

                Ta ixiltasuna daukat musuka ondoan.

 

 

II

 

        Jai egun banaka batzutan atsegin izan ohi zait, meza nagusia bukatzerako edo-ta arratsaldean bezpera aurretik herri koxkor bakartian nire burua ikustea.

        Apez erretorea eta haren apez laguntzailea, beren lagunkoitasun jatorra niri agertu zain egon ohi dira. Eta mintzatzen gaituzu, kanpandorreko ezkilak Bezperetako deia jo arte mintzatzen. Orduan, bekozko zorrotzeko gizonekin, beltzez jantzitako emakumeekin, igandez jantzitako mutilekin eta neskatila panpoxekin nahasita, emeki-emeki elizaratzen gara.

        Herriko jendeak behetik eta ene adiskideak korutik, armonium delakoaren aldamenetik Jainkotiar Ofizioa kantatzeari ekiten diote txandaka:

        Laudate pueri Dominum...

        Magnificat delakoaren ondoren, olerkaria korutik jaitsi eta pulpitora igotzen da Agurtza esateari ekiteko. Hilobi bailiren, lurrean hedaturik zapi beltzak eta bi muturretatik sugarra darioten argizaiolak datzate. Apez erretoreak beroien aurrean hil-otoitz sail eder bat esan beharra dauka elizkizuna amaitu ondoren. Herritarrak ez dira aisa ahazten beren hildakoez.

        Gero atera ginen. Jadanik gazteak pilotan ari dituzu haurtaldeak beren begira dituztela. Eliz-arkupean, gizonek serioski txapeleratzen dituzte eskuak apezei agur errespetagarria eginaz. Emaztekiak berritsukerian beren baserrietara doaz eta pilotatokitik ez urrun, neska gazteak, lotsakor, euren artean zizaka ari dituzu ahopez, behatz erakusgarrien inguruan beren errosarioak etengabeko jirabiran dabilzkitelarik.

        Udara arratsaldeko giro baketsuan autobidean behera abiatu ginen. Leku itzaltsu batean, zubitxo baten petrilean eserita, orduak eginahalean doazkigu. Azkenean, ilunabarraren gainbeheratzeak, bakoitzari geronen bideak har-arazten dizkigu: ni, autobidean behera abiatu nintzen urrutian somatzen nuen nire herrirantza; erretorea eta haren bikarioa ostera, alderantziz, goralde, beren aldin edo auzotegira.

        Zergatik ote zen jakin gabe, tarteka-marteka gibelera so eginaz nindoan, geldi-geldi ibilki bere bideari jarraitzen zitzaion olerkaria ikusi beharrez. Ibiltze hotrek bere olerkien neurri zirudidan, geldi eta patxadazkoa, edo-ta bere etxe albotik labainka doan errekatxo baketsu, garden, leiharkoia.

        Nire laguna, bakartasunarekin adiskideturik dago. Berriz ere badoa, ohi bezala arimen alde oso-osoro iraultzeko, bere ardurapekoekin senti, maite eta sufri dezan.

        Badituzu olerkari durunditsu eta hotsederberak. Beroientzako hitza da oro eta sentipena deus ez. Arima elkor dute. Jauregi ez daiteke horietakoa izan, olerkari izatez gainera apeza ere bai baita. Honek bihotz orotan behar du kabi; biok elkarturik berriz —olerkaria eta apeza— gizonak maitatu. Olerkariak ere arimak jaregiten edo libratzen baititu bere gisa.

        Baina apeza bilatzeko eta itxoiteko jaiotako gizona da, beti bilatzen ari den gizona eta beti zain dagoena. Inork baino hobeto daki lasaitu beharrak berarekin dakarren estuasuna. Hitz ezti, legun eta zuzenaren jabe da eta honetxek arima biltzen du bere zauririk sakon eta ezkutueneraino. Ez ote apika Jauregi berbera galdera hau egin zuena?:

        Urre kaiola, kabia baino

        Bero(a)go, bai ote?

 

 

III

 

        Zuhaitz artean, bide bihurgunearen aintzinean, oraindik dakust apez irudia, bere aldiri edo auzoalde galdu, baketsu eta bakartira geldiro joaki.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus