ASKIZU

 

Elkanoren hilburukoari ohar bat

 

        Zumaiako kai puntatik begiratuta, itsasegiko autobide gainean piko-pikoan, hots, gainbehera bizi-bizian ebakitako harmailen gainaldea agertzen zaigularik, Askizuko ikuskizunak badizu begientzat erakargarri bereizirik. Askizuri ibiltariaren begiak lotzen zaizkio, olatu lehertzearen hotsa sortzen den amiltegi ondoan bere burua erakusten duelarik. Ez da Gipuzkoan nekazari herririk itsasoari hain hurbil dagoenik. Hortixe, hain zuzen ere, beronen zoragarritasuna.

        Aspaldi zirikatzen ninduen Askizurako gogoak. Gaur bete da nire lehia. Udaberriko goizaldea lainoak hartu samarrik egonarren, bero zen. Zarauztik mendiz irtenda, Meaga-ko gainaldetik Getariara jaisten den bide zaharreraino heldu naiz, hots, herri honetako kanpo sainduaren hesiak dauden tokiraino. Hau, Getariako herria alegia, behean ikusten zen, oso hurbil, bi malkorren artean. Itsasoan, San Antondik milla bateratsu, goleta bat balantzaka ari zen haize oihalak bilduta.

        Autobide zaharra aldebateratuz, Getaria eta Askizuren babesean dagoen ibartxoan sartu natzaizu. Bazter haiek lut barruko zapore bizia dariote, baina, honetaz gainera, sulfatoz igurtzitako mahastien margo orlegi-urdinska alaiaz begiak atsegintzen ditu. Kirkirrak aldiz, ingurumari hartaz jabeturik daude hots berdinetan kantari. Baserri batetik sega zorrozteko mailujokaren hotsa zetorren. Paisaia honek nolabaiteko bihotz-hunkigarri zerbait badizu.

        Maldaren gainaldean datza Askizu, aintzina-aintzinako elizaren orma garai eta beltzaranak nagusitzen zaizkiolarik. Kanpairik gabeko bi zulodun ezkildorrea dauka. Teilatu ondoko orma zirritutan ernetzen zaizkion belar bizkarroiek zahar itxura biziagotzen diote.

        Beronen inguruan, dozena erditsu bat baino gehixeago baserri txukun biltzen da. Jauretxe zaharraren ondoko zelaiguneraino iritxirik bakarrik ikusten da itsasoa zabal-zabalik haren oinetan.

        Itsasegiko gora-behera guztiak argi-argiro nabari ziren, Deba eta Zumaia arteko arlau arbeltsuak nabarmenduz oroz gain. Azken herri honetako kaian ontzi bat itsasgoraren zain zegoen barra igaro ahal izateko.

        Askizuko eliza itxia zegoen. Hage zaharrek gurutzaturiko bere estalpedun atarian mutiko batzuk pilotan ari ziren. Beroietako batek mahatsaien kerizpetan dagoen etxera narama, bertan bizi baita serora. Ate gainean erantsitako txapa batek honela dio: Teléfono. Honen gainean ezarritako beste zurezko ohol batek tabako saltokia aditzera ematen du. Bai erakusmahai goitiak, bai errenkan jarritako botilak, bai eta igurtziaren igurtziz garbitutako mahai zuri biek, herriko ardandegiaren tankera ematen diote zalantzarik gabe.

        Serorak, txakolin zoragarri bat atseginez zerbitzatu ondoren —ardandegiko etxekoandre ere bera baitugu— eleiza erakusteko eskeintza egin dit. Bidean aditzera ematen dit itxirik edukitzearen arrazoia: alegia, ijito mainada bat baitabil urrean harrapakari. Meza, soilki igandetan izaten omen da, zortziretan, Getariako apez baten ardurapean. Arratsaldean, berriz, errosarioa, berau —serora alegia— dutelarik esale.

        Eliza zaharrak, pipiak erdi jandako korupean ate estu bat badizu eta handixek dauka sarrera. Barreneko ilunpetan aurrena nabari diren gauzak zerak dira: antxina-antxinako bataio harria eta host ehunkitsuko aitortegi oihes bat. Ba ote zerbait antxinakogorik, damuak ekarritako hainbeste pekatarien igurtziz dizdiratsu eta legundurik gelditu den aitortegi hau baino?

        Era berriko hukipen batzuk izan ezik, lehenen aldiko usaina dariote eliza honetako gauza guztiek. Argia, gotiko tankerako leiho batetik eta teilatuko leihotila batetik sartzen da. Gotikoa da ere aldare nagusian eliz-irudi nagusitzat dagoen gorputzatal txit luzekiko Jesus gurutziltzatua, eta gotikoak dira halaber Kristoren bi aldetara dauden Jaundone Joaneren eta Ama Birjinaren nortasun biziko irudiak.

        Andra Mari honen soinekoaren tolesak txit ongi lortuak daude. Elizak Jaundone Martine-ren izena darama, berau baitzen Erdi Garaian lurralde hauetako saindurik herrikoiena. Zaldizkako beronen irudia, eskalearekin bere kapa erdibanatuz, erretaulako erdiko hutsunean dago.

        Elizako ornamentuak ikusteko guraria agertu diot serorari, hain zuzen ere horretxegatik heldu bainaiz honontzaino. Andreak sakristiara eraman nau berehalaxe. Iluna, hezea eta txipia da berauxe eta bertan kutxa bat dauka harri lodi batzutan sustengaturik. Ez da, ordea, nik nahi nuenik deus ere ageri.

        Alabaina, ekinaren ekinaz, banarama, jauretxearen ormak, armario gisa, daukan hutsune bateraino eta orduantxe agertu ziren neure begien aintzinean sakristiako kutxan tokirik ez zuten gainerantzeko eliz-apaindurak, ornamentuak alegia. Baina, oraingo honetan ere nire azterraldia alferrikakoa izan zen.

        Bai baitago Joane Bastianen hilburukoan, hitzez-hitz honela dioen klausula bat: "Item mando a la Iglesia de Señor San Martin ques en la jurisdiccion de la dicha Villa (de Guetaria) doce ducados de oro para una casulla e diacono e sodiacono e capa de muy buen paño colorado que cueste cada vara un ducado de oro e que si alguna cosa faltare en los dichos doce ducados que cumplan hasta el cumplimiento."

        Honetarakoxe etorri nintzaizun Askizura udaberriko goiz honetaz. Elkanok bere hilburukoan aipatzen duen Jaundone Martineren eliza Askizukoa baita. Bestalde, Getariako seme zaigun Berroeta-Aldamar giputz leinargiak Soraluzeri ohar batzuk eskuratu zizkion, hau Elkanori buruz egiten ari zen lan baterako. Ohar hauetan, Askizuko elizan dagoen terno batez mintzatzen zaigu eta berau Elkanok egin emaitzaren oroiz egina ote den dio berariaz. Soraluzek izkiriatutako Elkanoren historia 1872-garren urtekoa da. Berroeta-Aldamar-ek aipatzen dituen apaindurak14 oraindik iraungo ote zuten irudi zitzaidan.

        Berriro ere ekin diot serora on-onari, inondik ere, herriko zaharrei entzunik, Askizuko elizak noizpait izandako gorri koloreko eliz apaindura edo ornamentu zahar batzuren berri ez ote duen.

        Nire hitzaren ziurtasun eta fedeak emaztekia pentsakor jarri dute. Azkenik, bere oroimen zaharrak gogora ekarriz, zera esan zidan: urteak direla lizunak eta sitsak erdi jandako eliz-apaindura zahar-zahar batzuk baratzan berak erre zituela parroko baten aginduz...

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus