XI

 

        Beste egun batean, Augustok don Fermin eta doa Ermelindarenean atea jo zuenean, egongelara pasarazi zuen neskameak eta esan: «Oraintxe deituko diet». Une batez bakarrik eta ezerezean bailegoen gelditu zen. Bularrak barruraino estutzen zuela sumatu zuen. Ito beharrean zegoen punpezia hartan. Eseri eta altxa egin zen berehala hormetan zintzilik zeuden koadroak ikustera, eta haien artean Eugeniaren erretratua. Korrika hasteko, ihesi joateko gogoak eman zion. Pausotxo batzuk entzun zituen bat-batean eta labana batek bihotza erdibitzen ziola eta halako bruma batek burua estaltzen ziola sentitu zuen. Egongelako atea zabaldu eta Eugenia agertu zen. Aulki baten atzealdeari heldu behar izan zion gizajoak. Hain zurbil ikusi zuenean, une batez zuritu eta aiko-maiko gelditu zen Eugenia gelaren erdian, eta gero berarengana hurbildu eta honela esan zion ahots idor bezain apalez:

        — Zer duzu, don Augusto, ondoezik al zaude?

        — Ez, ez da ezer; batek daki...

        — Nahi duzu ezer? Behar duzu ezer?

        — Baso bat ur.

        Eugenia, zeri lotuko eta, irten egin zen egongelatik bera joateko baso bete uren bila, baita berehala ekarri ere. Ur txipristinak ateratzen ziren edontzitik: areagokoak, ordea, Augustok eskuetan dardarka hartu zuenean eta ahokada batean edan, arrapataka, ura bizarretik zeriola, hargatik begiak Eugeniarenetik kendu gabe.

        — Nahi baduzu —esan zion Eugeniak— kamamila, edo tea edo tila egiteko esango diet... Zer, pasa al zaizu?

        — Ez, ez, ez, ez da ezer izan; eskerrik asko, Eugenia, eskerrik asko —esan zion, bizarreko ura xukatzen zuela.

        — Ongi, bada, orain eser zaitez —eta biak eserita zeudenean, hala jarraitu zuen —: Hauetako egunen batean espero zintudan eta emana nion agindua neskameari nire osaba-izebak etxean ez izanda ere, arratsalde batzuetan ez baitira etxean izaten, zu pasarazi eta niri abisu emateko. Nolanahi ere, zurekin bakarka hitz egin nahi nuen.

        — O, Eugenia, Eugenia!

        — Tira, ez zaitez berotu. Sekula ez nukeen esango hain gogor joko zizunik, beldurtu ere egin bainauzu hona sartu zarenean; hilotza ematen zenuen.

        — Hilda bainengoen bizirik bainoago, benetan esaten dizut.

        — Argi hitz egin beharko dugu.

        — Eugenia! —esan zuen goraki gizajoak, eta esku bat luzatu zuen, eta berehala atzera bildu.

        — Ez dut uste oraindik adiskide gisa eta lasai hitz egiteko prest zaudenik. Ea, ikus dezagun! —eta eskua hartu zion pultsua neurtzeko.

        Eta taupada bizian hasi zitzaion bihotza Augusto gizajoari: gorri jarri zen, sutan zuen kopeta. Joan egin zitzaizkion bistatik Eugeniaren begiak eta lainoa besterik ez zuen ikusi, laino gorria. Une batez konortea galduko zuela pentsatu zuen.

        — Erruki zaitez, Eugenia, erruki zaitez nitaz!

        — Lasai zaitez, don Augusto, lasai zaitez!

        — Don Augusto..., don Augusto..., don..., don...

        — Bai, nire don Augusto on hori, lasai zaitez eta hitz egin dezagun patxadaz.

        — Baina, utzidazu... —eta esku tartean hartu zion eskubiko eskua, elurra bezain zuri eta hotza, hatzak mehe, pianoaren teklak ferekatzeko eginak, arpejio goxoak sorrarazteko eginak.

        — Hala nahi baduzu, don Augusto.

        Esku hura ezpainetaratu eta musuz josi zuen, hoztasun xuri hura erdiepeltzea besterik lortu gabe, hala ere.

        — Bukatzean, hizketan hasiko gara, don Augusto.

        — Baina begira, Eugenia, zatoz...

        — Ez, ez, ez, formal gero! —eta eskua Augustorenen artetik kendu eta jarraitu zuen—: Ez dakit zer-nolako esperantzak piztu dizkizuten nire osaba-izebek, edo izebak hobeki esan, baina engainatuta zabiltzala esango nuke.

        — Nola engainatuta?

        — Bai, esan egin behar zizuten badudala senargaia.

        — Badakit.

        — Haiek esan al dizute?

        — Ez, ez dit inork esan; baina badakit. — Hortaz...

        — Nik ez dut, ordea, ezer nahi, Eugenia, ez nabil ezeren bila, ez dut ezer eskatzen; aski baitut, Eugenia, aldian behin hona etortzen uzten badidazu nire espiritua begi horien begiradan murgiltzera, zure hatsaren lurrinetan mozkortzera...

        — Tira, don Augusto, liburuetako kontuak dira horiek; utz dezagun hori alde batera. Nik ez dizut eragotziko nahi adina bider etortzea, ni behin eta berriz ikustea, nirekin mintzatzea ez eta..., ikusi duzunez, niri eskua musukatzea ere, baina badut senargaia, maiteminduta nago berarekin, eta berarekin ezkontzekoa naiz.

        — Baina, benetan al zaude harekin maitemindurik?

        — Hori da galdera!

        — Eta zertan sumatzen duzu maitemindurik zaudela?

        — Erotu egin al zaizu, don Augusto?

        — Ez, ez, nire lagunik onenak esan dit maitemindurik egon ez arren hala daudela uste dutela askok, eta horrexegatik esaten dizut.

        — Eta zutaz ari zen orduan, ezta?

        — Bai, nitaz ari zen, zer ba?

        — Zure kasuan, egia baita, beharbada, hori...

        — Zer uste duzu, ordea, Eugenia, ez nagoela zurekin benetan maitemindua?

        — Ez ezazu hain gora hitz egin, don Augusto, entzun egingo dizu-eta neskameak...

        — Bai, bai —gero eta suharrago—, bada uste duenik ez naizela gai benetan maitemintzeko!

        — Barkaidazu pixka batean —eten zion Eugeniak eta gelatik irten, Augusto bakarrik utzirik.

        Handik pixka batera itzuli zen eta hala esan zion lasai-lasai:

        — Eta, zer, don Augusto, lasaitu al gara?

        — Eugenia, Eugenia!

        Ate joka ari zirela entzun zuten orduantxe, eta Eugeniak esan zuen:

        — Osaba eta izeba!

        Handik gutxira egongelan sartu ziren osaba-izebak.

        — Bisita egitera etorri da don Augusto, neronek ireki diot atea; joan egin nahi zuen, baina sartzeko esan diot, laster etorriko zinetela, eta hemen dago!

        — Egunen batean —esan zuen don Ferminek ozenki— gizarte-arauak oro galduko dira! Bete-betean uste dut jabetza pribatuen hesi eta murruak lapur omen direnak erakartzeko besterik ez direla, lapurrak besteak izanik, alegia, jabeak. Ez da jabetza seguruagorik, hesi eta murrurik gabe, denon eskueran dagoena baino. Gizona on jaiotzen da, ona da berez; gizarteak gaiztotzen du eta okertzen...

        — Isil zaitez, gizona —esan zuen doa Ermelindak goraki—, ez didazu-eta kanarioaren kantua entzuten uzten! Ez duzu entzuten, don Augusto? Zoragarria da hari entzutea! Entzutekoa izaten zen, Eugeniak piano lezioak ikasten zituenean, garai hartan izan nuen kanarioa: asaldatu egiten zen, eta zenbat eta gehiago zanpatu piano teklak, orduan eta indartsuago ekiten zion kantuari. Eta halaxe hil zen, leher eginda...

        — Abereei berei ere kutsatzen dizkiegu gure bizioak! —esan zuen osabak—. Gurekin bizi diren animaliak berak ere atera ditugu beren egoera naturaletik! O, gizadia, gizadia!

        — Eta luzaroan itxaron behar izan al duzu, don Augusto? —galdegin zion izebak.

        — Ez, ez, andrea; batere ez, batere ez, pixkatxo bat, jesus bat... Hala iruditu zait behintzat...

        — A, eskerrak!

        — Bai, izeba, oso denbora gutxi; bere onera etortzeko adina hala ere, ondoezik edo etorri baita kaletik...

        — Nola?

        — Ez, ez da ezer izan, andrea, ezer ere ez...

        — Joan beharra daukat orain —esan zuen Eugeniak, eta Augustori eskua eman eta joan egin zen.

        — Ta, zer moduz doa gauza? —galdetu Zion izebak Augustori Eugenia atera bezain pronto.

        — Zer gauza?

        — Konkista, gizona!

        — Gaizki, gaizki oso! Esan dit baduela gizongaia eta harekin ezkonduko dela.

        — Esan ez nizun, bada, Ermelinda?

        — Bada, ez, ez eta ez!, ezin du izan. Gizongai horrekikoa ezinezkoa da, don Augusto, erokeria hutsa!

        — Tira, andrea, eta harekin maiteminduta badago, zer?

        — Horixe —esan zuen osabak goraki—, horixe. Askatasuna, askatasun santua, aukeratzeko askatasuna!

        — Bada, ez, ez eta ez! Ba ote daki neskato horrek zertan ari den?... Zuri ezetz esatea, don Augusto, zuri ezetz esan! Horrek ezin du izan!

        — Entzun, andrea, pentsa ezazu, egizu kontu..., ezin da, ez da Eugenia bezalako gazte baten nahia horrela bortxatu behar... Bere zoriona dago jokoan, horrek izan behar du gure ardura bakarra, eta berak hori lortzeko geure buruari uko ere egin beharko genioke.

        — Zuk, don Augusto, zuk?

        — Nik, bai, nik, andrea! Prest nago neure buruari uko egiteko zure iloba Eugenia zoriontsu izan dadin, bera zoriontsu izatean baitatza nire zoriona!

        — Hori da eta! —oihukatu zuen osabak—. Hori da! Hori da! Hona heroi bat! Hona anarkista bat... mistikoa!

        — Anarkista? —esan zuen Augustok.

        — Anarkista, bai. Horixe baita nire anarkismoa, horixe, bakoitzak besteengatik bere buruari uko egitea, besteak zoriontsu eginez norbera zoriontsu izatea, eta...

        — Ederra jartzen zara, bada, lanegun buruzurian zopa hamabiak baino hamar minutu beranduago ateratzen dizutenean!

        — Bueno, badakizu, Ermelinda, nire anarkismoa teorikoa dela... Ahalegintzen naiz perfekziora iristen, baina...

        — Eta teorikoa da zoriona ere! —oihukatu zuen don Augustok, nahigabeturik eta bere artean ariko balitz bezala, eta gero—: Eugeniaren zorionagatik neure buruari uko egitea erabaki dut eta ekintza heroiko bat egitea bururatu zait.

        — Zer ekintza?

        — Ez al zenidan esan behin batean, andrea, Eugeniari aita gizajoak utzitako etxea...

        — Bai, nire anaia gizajoak utzitakoa.

        — ... hipoteka baten zamapean dagoela eta hark jaten dizkiola irabazi guztiak?

        — Bai, jauna.

        — Ederki; badakit, hortaz, zer egin behar dudan! —eta aterantz abiatu zen.

        — Baina, don Augusto...

        — Erabakirik heroikoenak hartzeko eta sakrifiziorik handienak egiteko gauza sentitzen da Augusto. Eta orain jakingo dugu bere maitemina burukoa baino ez den ala bihotzekoa ere baden, ea maitemindurik dagoela uste duen, maitemindurik ez egon arren. Eugeniak, jaun-andreok, bizira iratzarri nau, benetako bizira eta, nornahirena dela ere, betiereko esker ona zor diot. Eta orain, agur!

        Eta atera egin zen handikiro. Eta irten bezain pronto, oihu egin zuen doa Ermelindak:

        — Neska kaikua!

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Mikel Garmendia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus