21

 

        Bakarti, esan zidan. Tipoak bakarti itxura nuela esan zidan. Baina ni mota guztietako lagunartean nengoen. Mota guztietakoak ziren. Denak hilak. Denak nire aurrean saltoka, edonora begiratuta ere, denak barrez, negarrez eta kantari nire buru barruan.

        Denak hilak. Eta guztia hutsaren truke.

        Guztia galduta jaio zen emakume batengatik, eta bere bizitza madarikatuko egun bakoitzean gero eta galduago bihurtu zena.

        ... Bere bila joan nintzen, eta etxera ekarri nuen. Staplesi buruzkoa esan nion, eta dirua galdu nuela. Hotz-hotzean esan nion, esperoan, nolabait, gogor egingo zidala edo kristorenak esango zizkidala. Baina ez zuen txintik ere esan. Oso ulerkorra izan zen, nitaz errukitu zen, baina berari ez balegokio bezala jokatu zuen. Nirekin zegoen artean, ez zegoen garrantzizko besterik munduan.

        Pentsatzen hasi nintzen ez ote nenbilen oker neskarekin. Sentitzen, hasieratik iruditutako neska jatorra zela. Gogor samar zen hura irenstea, eta, jakina, ezin nuen nire burua guztiz konbentzitu. Baina zeozer lortu nuen; gutxienez neskari zartako bat ez ematea. Neska sufritzea... mementuz.

        Neska zen nik nuen guztia, ulertzen; egindakoagatik lortu nuen guztia. Eta norbait eduki beharra nuen aldamenean. la beti izan dut norbait aldamenean.

        Irten nintzen eta whisky gehiago erosi nuen: azken txanpona ere xahutu nuen. Etxera itzuli nintzen, hizketan aritu ginen eta edan egin genuen. Eta laster asko berriketa bukatu zen, eta nik bakarrik edaten nuen.

        Loak hartu zuen burua nire magalean jarrita. Nik kordea galdu nuen. Goiza iritsi zenean, oraindik han geunden, sofan.

        Kafea prestatu nuen eta ogi zerra batzuk xigortu nituen; ez nuen neskak nire jatekoarekin nahaspilarik sortzea nahi. Bere etxera alde egiteko eta eraman nahi zuen guztia biltzeko esan nion. Alde egin zuen, arrapaladan, eta ni logelara itzuli nintzen.

        Joyceren gauzak sartu nituen kartoizko kaxa handi batean. Jantziak, makilatzekoak, eta txukuntzeko gauzak: den-dena. Etxartera atera nuen kaxa, eta zaborrontziaren aldamenean utzi nuen. Ondoren, almazenera joan nintzen.

        Beste kobratzaileak alde eginak ziren, eta Staples bakarrik zegoen. Zilarreriaren kontratua eman zidan eta nik su eman nion poxpolo batekin; lurrera erortzen utzi nuen eta errautsak zapaldu nituen txikitu arte.

        — Zu bai zikina —bota zidan—. Baina, tira, ez nizuke errieta egin behar... Zure dirua, Frank. Berrogeita hamar dolar arte biribildu dut.

        Dirua jaso nuen, ezertxo ere esan gabe. Begiratu pausatu eta gogorra eman nion; eta orduan bira egin nuen eta alde egiten hasi nintzen.

        — Frank... —ahotsean kezka ukitu bat antzematen zitzaion—. Zein... zein dira zure asmoak, Frank?

        — Zer arraio axola zaizu? —esan nion.

        — Beti arduratu izan naiz zutaz, adiskide. Beti. Eta bururatu zait, zalantzarik gabe hemendik alde egin nahiko duzunez gero...

        Ulertzen hasi nintzen. Kezkatuta zegoen. Bera ez baitzen aurretik jakinarazi gabe hanka egin zezakeen enplegatu soila. Liburuak egiaztatu behar zituen eta salgaien zerrenda osatu alde egin baino lehen; gutxienez bizpahiru aste beharko zituen horretarako. Eta ez zitzaion batere gustatzen ni herrian ibiliko nintzela jakitea. Burua gal nezakeen, ezta? Mozkor ninteke eta poliziarekin eztropozo egin... eta berriketan hasi.

        — Ez dakit —esan nion—. Zergatik uste duzu alde egin nahi dudala? Hementxe geldituko naizela uste dut.

        Haserre begiratu zidan, baina diru kutxa ireki men. Barruan zegoen eskudiru guztia atera, zenbatu eta leihatilatik barrena bultzatu zuen.

        — Laurehun eta berrogeita zazpi dolar, Frank. Bostehun bat dolar hor duzun berrogeita hamarrekin. Horrek bidean lagunduko dizu.

        — Gustora nago hemen —esan nion—. Ni ez noa inora.

        — Hara, Frank...

        — Askoz gehiago ematen ez badidazu behintzat —esan nion—. Ze kristo, emaidazu milakoa. Daukazun mordoarekin...

        — Ez daukat hemen ordea. Leku seguru batean gorde dut, eta hantxe geldituko da nire dimisioak ondorioa izan arte.

        — Ederki... ederki —esan nion—. Idatz iezadazu txeke bat orduan. Emaidazu txeke bat bostehun dolarrengatik.

        — O... —burua astindu zuen, irribarrez—. Hain nabarmen jokatu behar al duzu?... Txekerik ez. Ergel hutsa banintz ere, ezingo nuke eskatzen didazuna egin. Bankuko kontuan dudan guztia beharko nuke diru kutxatik hartu dudana kitatzeko.

        Seguru nengoen gezurretan ari zela, baina ezin nuen besterik egin. Kezkatsu zegoen —ikaratuta ez nuke esango— eta nik kezka harekin jokatu nuen balio zuen neurri guztian.

        Dirua jaso eta alde egin nuen.

 

        ...Berrehun eta hogeita hamar dolar zor nituen kotxeagatik. Ordaindu egin nituen —ez nuen finantza etxe madarikatu bat nire atzetik ibiltzea nahi— eta etxera itzuli nintzen. Mona nire zain zegoen. Nire gauzak bildu nituen, eta bion gauza guztiak sartu genituen kotxean. Gainezka bete genuen, komenigarria iruditu baitzitzaidan Joyceren maleta ere eramatea. Ez zuen bere inizialik eta on samarra zen. Bestalde, harritzekoa izango zen edozeinentzat han uztea.

        Ondo samar moldatu izan naiz beti Omahan. Beste edozein lekutan bezain ondo esan nahi nuen. Harantz abiatu nintzen beraz, eta ilundu ondoren iritsi ginen. Jatetxe batean gelditu ginen mokaduren bat jateko. Kamarerak egunkari bat ekarri zidan. Ikusi bat eman nion... eta hura izan zen Omahan egin genuen azken geldialdia.

        Gidatzen hasi nintzen berriz ere, eta ia gau eta egun osoa eman nuen gidatzen. Des Moineserantz. Grand Islandetik barrena. Denver zeharkatuz... Kotxea saldu nuen Denverren, hirurehun eta hogeita bost dolar zikin baino ez, eta autobusean jarraitu genuen.

        Bai, seguruenez zertan nenbilen kezkatzen hasi zen neska. Beharbada ez zen batere kezkatzen. Gaxteegia zen okerren bat noiz gertatzen zen edo ez zen bereizteko, beharbada horregatik ez zen kezkatu ere egiten. Hala ere, ez zidan galdera bakar bat ere egin, ez zen ni zirikatzen ahalegindu. Eta eskerrak ez zen saiatu.

        Nireak egin zuen, ulertzen al didazu? Eta egoerak ez zuela aldatzeko asmorik ematen zuen. Staplesek okerreko bidetik bidali zuen polizia —marinel baten txartela nuela eta seguruenez ontziz alde egiten ahaleginduko nintzela esan zien— baina horrek ez zidan gehiegi lagundu. Ezerk ez zidan laguntzen. Ile kaskamotzak, kontxazko betaurrekoek, biboteak. Beldurrak airean nenbilen oraindik, leku batean gelditzeko beldurrez.

        Txarra, tipo batek bizitzan izan duen suerterik txar nazkagarriena nuen. Ez zen... arraioa, ez zen bidezkoa! Galdera bat egingo dizut, entzun al duzu inoiz ikatza, merkantzi tren bat ez den beste ezerk garraiatzen duenik? Arrazoi duzu ba, ez duzu entzun ez, ezta beste inork ere. Bagoi harekin ordea —harekin juxtu— salbuespen bat egin zuten. Tren espreso bati lotu zioten, Kansas Cityraino iritsi arte gelditu ez zena. Hurrengo eguneko eguerdian iritsi zen, eta berehala hasi ziren zama kentzen: ezin zuten itxaron, deabruak eraman ditzala. Eta ordubete baino lehen, forensea gorpua aztertzen ari zen.

        Hain goiz zenez gero, erraza izan zen heriotzaren ordua finkatzea. Eta bazekiten gorpua leku bakar batean jarri ahal izan zutela bagoian. Leku hartako poliziari telegrafiatu zioten, eta poliziak berehala hasi ziren sudurra sartzen, eta etxarteko zaborrontziaren aldamenean zegoen kartoizko kaxa aurkitu zuten...

        Aurrera jarraitu behar nuen. Dirua bukatzen ari zitzaidan, eta aurrera jarraitu behar nuen; ez banu neska nire bizkar hartu... puta madarikatu hari kateatuta nengoen...

        Tira.

        Tira, azkenean nire onetik atera ninduen. Gauzak zail samar ez nituen ba, eta berak zailago egin behar. Niri begira egoten zen egun osoan burua pitzatuta duen zoro madarikatu bat banintz bezala. Ezertxo ere esan gabe, baldin eta ez banion nik lehendabizi hitz egiten. Gauza txiki mordoa denak batera. Pixkana pixkana ni indarrik gabe uzten.

        Eta tuntuna! Garrasi egiten baino ez zekien, eta ez zuen inoiz aukera bakar bat ere galtzen.

        Bera baino pixka bat aurrerago nindoan egun hartan, Dallasen. Jainkoarren, esan nion, puta ziztrin baten antzera ibili nahi bazuen bere kasa ibil zedila. Ni bere aurretik nindoan beraz, esan dudan bezala, eta halako batean atzera begiratu nuen; eta ez nuen inondik ere ikusi. Ez zen espaloi gainean inor gelditzen.

        Errepidean zeuden denak, etxadi erdi bat harantzago, kamioi handi baten aurrealdean pilatuta...

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Idoia Gillenea

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus