20
Ezin zuen nire ustez esaten ari zena esan nahi. Ezin zezakeen ezer jakin, eta dagoeneko gauza gehiegi gertatu zen eta... Eseri egin nintzen, abailduta, bere aurrean zegoen aulki batean. Pete eseritako aulki bera zen, eta Peterekin hitz egin nuenean ni eseri nintzen lekuan zegoen bera. Ni Peteren lekuan nengoen, eta bera nirean.
Burua astintzen hasi nintzen. Ez nekien zer esan edo zer egin, eta horregatik burua astindu nuen.
Bai esan zidan. Bai, Frank. Bai, noski.
Ez-ez! Nik ez... eten egin nuen, ahots lodia jarriz. Zer nahi duzu? Zer ari zara esaten, dena den?
Eta samur egin zuen barre.
O, Frank. Hain trakets ibili zara, hain nabarmen; hain baldarra izan zara hasieratik bertatik... Xehetasun aspergarri guztiak eman behar al dizkizut, edo ez al dituzu zerorrek ikusten?
Ez dakit zertaz ari zaren esan nion. Aditu? Ez dakit...
Hara hasperen egin zuen, beharrezko bada, egingo dugu. Hasieratik hasiko naiz, eta pixkana azalduko dizut. Bat...
Esku bat altxa zuen, ondoren behatz txiki lodietako bat tolestatu zuen esku barrenerantz.
Bat, Frank. Enpresako dirua lapurtzeagatik zu atxilotu baino egun bat lehenago, hogeita hemezortzi bat dolar kobratu zenion Pete Hendrickson zenari. Egun berean salmenta bat egin zenuen eskudirutan edo, hobeto esateko, eskudirutan egindako salmenta kontratu bat ekarri zenuen hogeita hamahiru dolarretan Mona Farrell delako baten izenean. Goizean, beraz, hirurogeita hamabi dolar inguru ekarri behar zenuen bi kontratu haiengatik. Eta ero moduan zenbiltzanez atxilotzea eragozteko, seguru nago dirua ekarriko zenuela, eskura izan bazenu. Baina ez zenuen ekarri; zilarreriaren dirua baino ez zenuen ekarri. Peteren dirua erabili zenuen, edo gehiena behintzat, neskari opari bat erosteko.
Zaude pixka batean esan nion. Horrek ez du esan nahi... ezin duzu frogatu...
Frogatu? ezpainak estutu zituen estu-estu. Beharbada ez, gurdia bere bidetik ateratzen badugu, zorionez, egin behar ez dudan zerbait. Edozein gauza dela ere, oraingoz, ez gabiltza frogak eztabaidatzen ari. Zure hasierako hutsegitea baino ez naiz azpimarratzen ari, lepo inguruan zintzilikatu duzun soka itsusi horren hari nagusira baino ez naiz joan.
»Hogeita hamairu dolarreko oparia eman zenion neskari, eta beharbada horrek ez du berez inolako esanahirik. Nortasun nahasi baten beste adierazpen bat baino ez da. Baina bada esanguratsua, eta asko, lagun maitea, neska berbera almazenera etortzea, eta hirurehun dolar baino gehiago ordaintzea, zu ateratzearren... Esango al didazu orain ez zela neska bera?
Alferrik zen ukatzea. Banekien orain zein ibili zen Mona zelatatzen, zeinek pieu zizkion kotxeko argiak.
Ederki esan nion. Ezagutzen dut, gustatzen zait eta ni berari. Eta zer? Nire emazteak hanka egin du eta...
Faborez! eskua altxa zuen berriro. Ez zait zure morala batere axola. Ezta nolakoa zaren ere, egia esateko. Inoiz egin diren bi hilketa traketsenengatik eskuratu duzun dirua besterik ez zait axola niri.
Zain egon zen, nik noiz ukatuko zain. Eta alferrik zen, jakina, baina hala egin nuen.
Dirua? esan nion. Hilketak? Ez dakit zertaz ari zaren...
Dirua. Hilketak baietz egin zuen buruarekin. Frank, nire pazientzia bukatzen ari da. Ez dakit nola ezagutu zenuen neska, edo nola moldatu zinen errua Peteri leporatzeko, baina badakit zuk egin zenuela. Atsoak diru mordoa zuela jakinarazi zizun neskak. Zuk, xehetasun odoltsuak baztertuz, zuk dirua hartu zenuen, eta oraindik zuk daukazu. Kobratze gisa ekarri zenituen kopuruak izan ezik.
Egon pixka...
Zuk kobratze gisa ekarri zenituenak esan zuen zorrotz. Nahi al duzu erakustea? Txartelak gorde nituen, badaezpada burugogor jartzen bazinen. Dozena bat bilete gutxi gora behera, ustez pertsona desberdinei kobratu zenizkienak, baina segidako sail zenbakiak zituztenak. Zuk daukazu, Frank, eta diru mordoa da. Gutxiagok ez zintuen arrisku ikaragarri hura hartzera bultzatuko, eta Ma Farraday behar zuen izan, dirutza puska hura eduki zezakeen emakumea.
Baina... Ma Farraday? esan nion.
Mmm. Gogoratzen al zara aspaldiko lagun bati bisita egin niola esan nizula? Ma zen hura... Farrell andrearen izenez hobeto ezagutua inguru hauetan. Gorpu biltegira joan nintzen bera ikustera, zuri buruzko susmoak sortu zitzaizkidanean. Behin gorpua ezagutu eta gero, seguru izan nintzen zuk... baina egia al da ez duzula izena ezagutzen?
Zain egon zen berriz ere, bekain bat altxata. Ondoren, barre egin eta hizketan jarraitu zuen:
Zu koxkortu baino lehen, seguruenez, Farraday banda oso ezaguna izan zen hego-mendebalean, duela hogei, hogeita bost bat une. Banketxe lapurrak. Ma eta bere hiru semeak. Mak prestatzen zuen guztia, eta hiru gizonek zintzo-zintzo betetzen zituzten haren aginduak. Sekula izan diren odol hotzeko hiltzaile zitalenak ziren, kutxazain bat bizkarretik tirokatzeko gauza. Haien emazteak eta seme-alabak denak elkarrekin bizi ziren nik lan egiten nuen herritik hurbil emazteak eta seme-alabak haiek bezain zitalak ziren. Zergatik... Bai, Frank?
Ezer ez esan nion. Zera, nik uste nuen...
Badakit. Seguru nengoen petrolio negozioan eta Oklahomako nire aspaldiko garaietan jartzen zenuen arreta ez zenuela besterik gabe jartzen. Baina ez, ez zegoen petroliorik Farradaytarren jabegoan; urrutiegi bizi ziren, muinoetan. Egia esan, petrolioa zuen lurraldearen jabe izan balira ere, ez dut uste haien bizimodua pitzik ere aldatuko zatekeenik. Odolzaleak ziren, gaiztoak, hala izan nahi zutelako. Hura zen ulertzen zuten gauza bakarra: gizonek, emakumeek eta umeek. Oso talde itxia zen, legean uste onik ez zutenak; auzokoek urteetan babestu eta sufritu zituzten. Azkenean, hala ere, auzokoak ere amorrarazi zituzten: etxean agertu eta familiako asko bertan akabatu zituzten. Zerrien modura tirokatu zituzten, ondoren beren etxeak erre zituzten. Familia osoa garbitu zuten... ustez.
Mona. Horrelako talde bateko tresna txarra zen. Ez zen harritzekoa bere izeba hiltzeko hain gertu agertzea... bere amona, seguruenez. Ez zen harritzekoa bere jokabidea...
Ustez esan dut, Frank. Ikerketa kriminala garai hartan hasi baino ez zen egin eta, jakina, ez Mak, ez seme-alabek, ez zuten polizia fitxarik. Gorpu piba aurkitu zuten hondakin kiskalietan; baita diru kopuru jakin baten puska erreak. Ergo, eta aurkakoa zioen froga arrastorik ez zegoenez gero, familia osoa garbitu zutela uste izan zen, sinetsi, egia esan, eta legez kanpo eskuratutako irabazi guztiak haiekin batera desagertu zirela. Baina zuk eta nik badakigu ezetz, ezta, Frank? Gu biok gara egia dakigun bakarrak.
Keinu egin zidan, irribarre eginez, ezpain txiki puztu haiek hortzetatik altxata. Bapo jan Buen katuaren modura. Ezpainak miazkatu zituen, irribarre eginez eta zain, eta niri sabela behin eta berriro nahasi zitzaidan. Eta buruko karga gero eta astunagoa egin ere.
Dardaraz hasi nintzen. Ahoa ireki zitzaidan eta zintzurretik garrasi bat igotzen zitzaidala nabaritu nuen, eta txistua gogor irentsi behar izan nuen itoarazteko.
Ez! esan nion. Okerreko bidetik zoaz, Staples! Nik...
Ene, ene esan zidan. Ene ba. Oso tipo aspergarria zara, Frank.
Esan ez dizut ba! Jainkoarren, egia da, Staples. Neska bahitu egin zuten. Oso familia aberatseko alaba zen, eta dirua erreskatekoa zen eta... eta...
Barre algaraka hasi zen.
Eta zuk izan behar al zenuen diruzaina, e? Ene adiskide maitea, lotsatu ere egiten nauzu.
Egia da eta, arraioa! egia izan behar zuen. Zerbaitek izan behar zuen egia... egia berataz gainera. Horregatik ez zuen atsoak dirua gastatu, ikusten? Markatuta zegoela jabetu zen, eta...
Ez zegoen markatuta ordea, Frank. Badakit. Zuk ere jakin behar duzu, nik uste baino ergelagoa ez bazara behintzat.
Zera, orduan, konturatu egin zen... susmatu egingo zuen... sail-zenbakiak hartuta zeudela, eta...
Bai? Orduan, gastatzeko modurik ez bazuen, zergatik gorde zuen hainbeste urtetan?
Nirekin ari zen jolasean, niri adarra jotzen, kristoren denborapasa beretzat.
Bai, Frank? Eta zergatik, aginpideek zelatan badaude sail horien kontuagatik, zergatik ez zaude espetxean?
Hara... hizketan jarraitu behar nuen. Tontokeriak esaten ari nintzen, nire burua barregarri jartzen, baina hizketan jarraitu behar nuen. Hara, okerren bat izan behar du diruak. Ez balu, zergatik ez zuen gastatu? Zergatik jarraitu zuen zerri zikin baten modura bizitzen...
Halakoa zelako, zerrieme zeken bat.
Zuk ez dakizu esan nion. Zuk ez dakizu dirua arriskutsua ez zenik. Atsoak jakin zezakeen ordea...
Orduan, orain mementu bat galdetu dizudan bezala, zergatik ez zuen zakarretara bota?
Zera... e... zera, ezin zuelako bota! Kontxo, zuk ehun... diru mordoska bat baduzu, nola botako duzu ba! Nik ezingo nuke. Atsoak ezin zuen. Gorde egin zuen beraz, egunen batean, nolabait, gastatzeko modua aurkituko zuela pentsatuz...
Bai zera, Frank...
Zuk ez dakizu esan nion. Arraioa, ezin zaitezke seguru egon, Staples!
Jakitea gutxi da, seguru nago eta! Hara, tratu batzuk egin nituen Farradaytarrekin nire ardurapean zegoen almazen hartan. Haien mendiko gordelekura bidaltzen nituen salgaiak askoz ere garestiago. Ez zegoen ezer kriminalik gure harremanetan, legez kanpokorik esan nahi dut, baina enpresa lotsatu egin zen, eta beste herri batera bidali ninduen... Baina tira! Nahikoa hitz egin dugu nitaz. Nik esan nahi dizudana da, Farradaytarrak banketxe-lapurrak baino ez zirela.
Baina ume bat eramateko modukoak beharbada...
Ixo! Ez dut tontakeria gehiago entzun nahi, Frank... Zenbat lortu duzu eta non dago?
Lurrera begiratu nuen. Gora begiratu nuen berriz ere, begiak maleta zegoen bazterretik aldenduz.
Atsoak ez zuen nik uste bezainbeste. Hamar mila dolar bakarrik. Nik ez... mendialdean ezkutatu dut, zera... baina goizean ekarriko dut.
Hamar mila? Ehun mila esan nahiko duzu. Seguru nago. Oraintxe ihes egin dizu ia.
Duda-mudatan egon zen. Ondoren baietz egin zuen buruaz, irribarre antzeko bat eginez.
Ederki, Frank, baina beharbada zerbait esan behar nizuke lehendabizi. Karta bat utzi diot hoteleko gaueko harrerazainari... konfiantzazko tipoa, egia esan. Ez ba naiz gauerdirako itzultzen, postakutxan botatzeko agindua eman diot.
Irribarrea zabaldu zitzaion aurpegian, eta barre algaraka hasi zen berriz ere.
Pentsatu nuen, Ezin daiteke horrela izan... Eta esan egin nuela uste dut.
Hala da ordea, Frank; horrela da. Eta orain dirua aterako duzu. Berehala!
Zutitu egin nintzen. Maleta ekarri nuen mahai txikira eta brast ireki nuen. Zorroaren bila hasi nintzen, salgaien azpitik eskua sartzen, eta Staplesek eskuak kendu zizkidan eta berak harrapatu zuen.
Ireki egin zuen. Katu baten modura ron-ron egin zuen.
Mmmm. Zoragarri... Ez duzu ba pentsatuko zeken hutsa naizela zurekin erdibitzen ez dudalako, ezta?
Erdibitu beharra daukazu esan nion. Gelditu gabe esan nion. Egin beharra daukazu, Staples. Zeozer... milako batzuk, zera, milako bat behintzat. Zerbait! Edozer! Nik hil... nik egin nuen guztia, eta...
Sentitzen dut buruari eragin zion. Baina pozik emango dizut aholku bat. Ez duzu diruak konpon dezakeen arazorik.
Putasemea esan nion.
Ez duzula, Frank. Diruarekin, diru gabe bezain mixerablea izango zinateke... Tira, hain lagunarte atsegina uzteak min ematen badit ere...
Berokia lotu zuen, eta zutitu egin zen. Diru-zorroa jarri zuen besazpian.
Zilarreriaren kontratua nire eskuetan nahi dut esan nion. Jainkoagatik, ezingo didazu berriro mehatxatu.
Zilar... O, bai, seguru egoteko. Oso maltzurra zara. Bihar goizean jasoko duzu, eta gaur arterainoko soldata ere bai.
Soldata esan nion.
Eta? Ez al duzu beste galderarik? Ez al diozu zure buruari galdetzen zergatik ez naizen gaur arte esatera agertu?
Alde! esan nion.
Neska, mutiko maitea: azken froga. Ez zen hain beharrezkoa niretzat, baina...
Alde!
Jakina. Baina ez al zenioke sartzeko eskatu behar, Frank? Kantoiaren beste aldean duzu... hain bakarti zaudela dirudi.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea