18
KOSTA AHALA KOSTA: GIZON BATEN BORROKA, GOI-INDARREN ETA EMATXARREN KONTRA... Knarf Nollid-ek idatzia.
Hara, irakurle, nire azken atalari begiraldi bat eman eta gero, gertakizunak kontatzerakoan akats txikiren bat edo bi egin dudala aurkitu dut. Ez da nire erruz gertatu, noski, zeren eta, ni gutxitan kexatzen banaiz ere, dudarik gabe, suerte txarreko putakume bat naizela konturatuko baitzinen honezkero, eta jendea gogor saiatzen dela niri ikustarazten, burua non dudan ez dakidan arte. Hauxe gertatzen zen beraz, kasu honetan. Aldi berean hainbeste gauza gertatzen zirenez gero, nahaspila sortzen zitzaidan gertakizunekin.
Egia hau da, zera... Mona, neska honi buruzko egia, kontatzen ari nintzaizuna. Harekin bizi zen atsoa, ez zen bere egiazko izeba. Bahitzaile bat zen, ulertzen, eta neska gajo hura bahitu zuen bere guraso aberatsengandik ume txikia baino ez zelarik horregatik ez zuen ezertxo ere gogoratzen haietaz eta ehun mila dolarrak erreskatearen dirua zen. Atsoa dirua gastatzeko beldur zen, zeren eta, zera, arraioa, nola dakidan nik? Bai ba. Beldur ematen zion gastatzeak, hasieran gauzak lasaitu arte ezkutatu behar zuelako, eta gero, inguruko guztiek bere izenean sosik ere ez zuela sinetsi zuten eta ezin izan zuen gastatu. Gauza xelebrea irudituko zitzaiekeen, ulertzen al didazu? Hala gertatu zen beraz, antzeko zerbait, behintzat. Atsoak ezin zuen bere burua sosak botatzera bultzatu, baina bestalde, ezin zituen gastatu. Ez zuen ez bururik ez hankarik, eta zena zela, ez zuen garrantzirik. Garrantzizko gauza bakarra da dirua Monarena zela, guraso aberatsak duela urte asko hil baitziren lur jota. Eta nik heriotza baino okerragoa den patutik libratu nuenez gero, gauza zuzena zen neskak niri uztea bere izenean diruaz arduratzep. Edo agian den-dena gordetzen. Puta hutsa baldin bazen, zurrumurruek ziotenez, ez bainion nire atzetik etortzen utziko.
Egiazko gertakizun hauek Joyce nire emazteari azaltzeko asmoa nuen, baina ustegabean etxera itzuli zen eta diruarekin harrapatu ninduen. Baina ezin izan nuen bizkortasunez pentsatu, horregatik egun bat edo bi atzeratu nuen kontakizuna, eta dirua aurkitu egin nuela esan nion. Egiak baino zentzu gehiago zuela zirudien, eta halere, oraindik ez nintzen egiaz guztiz jabetzeko gauza izan. Arraioa, nola egin nezakeen ba, nire inguruan gauzak nola lehertzen ziren ikusita? Staples tipo hark ez ninduen bakean uzten. Monak ez ninduen bakean uzten: kezkatu egiten ninduen puta zen ala ez pentsatzeak; ikaratu egiten zen eta ni ikaratzen ninduen. Eta, Joyce, zera, pozten ninduen etxera itzultzeak, gertatutako guztia ahaztu eta berriz hasteko asmoa zuela baitzirudien eta bion artekoa konpontzekotan baitzegoen. Baina konturatuko zara ni nahaspilatzeko beste alukeria bat baino ez zela.
Oraindik ez nintzen berari egia esatera iritsi. Ez nuen behar bezalako arrazoirik ikusten, dirua aurkitu nuela uste baitzuen. Behin batean egundoko garbialdia eman zion etxeari sinets iezadazu premia zuela! eta gau hartan etxera iritsi nintzenean, pott egina egun osoa buru-belarri lanean eman eta gero, ni zirikatzen hasi zen. Afaria patxadan bukatzen utzi baino lehen, hara non hasten zaidan garrasi batean: logelara joatea nahi du berarekin hitz egitera. Ito beharrean bukatzen dut afaria eta berehala joango naiz logelara... Jainkoarren, nola dabil gure mundua tipo hatek ezin badu lasai asko komunera joan? Baina itxuraz, eskubide xume hori ez dago nire eskumenean.
Atea itxi bezain pronto deika hasten zait. Eta badakit okerren bat gertatzen dela, eta nik denbora baino ez dut nahi aitzakia on bat asmatzeko. Bere mesederako da, ulertzen? Diruari buruz gezurretan ari naizela erabakitzen badu, egoera estuan geldituko baita. Poliziarengana joateko eskatuko dit, bestela bera joango dela, eta nik ezin diot horrelakorik egiten utzi. Dirua legez nirea baldin bada ere. Poliziak ez du egia sinetsiko, berak sinesten ez duen bezala, beraz... beraz, hara, ikus dezakezu zein den egoera.
Tipo lasai samarra naiz ni, eta ahal izanez gero, sekula ez diot inori kalterik egin. Baina Joycek zirikatu egiten baninduen, bakea ematen ez bazidan ordurako jasan nezakeena baino gehiago hartu nuenean, gorriak ikusiko zituen.
Beraz komunean ibili nintzen denborapasa, zer arraio ote zekien pentsatzen eta nola arraio aldegingo nion asmatzen. Baina Joycek ez zuen bere hartan utzi; ez zidan bera babesten utzi. Komunean sartu zen indarrez, eta dirua nondik atera nuen galdetu zidan. Nik esan nion, arraioa, maitea, dagoeneko esan dinat nondik atera dudan. Eta berak esan zidan, gezurra esan huen, Dolly. Hasieratik bertatik jakin behar nian, baina hiri sinesteko amorratzen nengoan, eta... eta...
Non hengoen astelehen iluntzean, Dolly?
Astelehen iluntzean? esan nion. O, hi etxera etorri hintzen gauean. Hara, kobratzen ibili nindunan, bihotza. Aspaldiko alproja batzuk harrapatu nizkinan, eta gogotik ordaindu ziaten...
Ez ziaten ezertxo ere ordaindu. Ez hintzen kobratzen ari eta.
Aizan, hago pixka batean esan nion. Lehen ere esan ninan, esan ninan zehatz-mehatz non ibili nintzen. Ikusi huen ekarri nuen dirua, eta...
Zorro txiki hartatik diru pixka bat ateratzen eta hire karteran sartzen ikusi hindudan. Hura huan hik heukan guztia, Dolly, dolar bat edo bi kenduta. Hala zela ikusi nian hurrengo goizean, nire bidaiatik ekarritako dirua hartu huenean.
Sorbaldak altxatu nituen. Makur begiratu nion. Zer arraio axola zion, egia osoa esan ez banio ere? Arrazoi nahikoa al zen hura komunean indarrez sartzeko eta gezurretan ari nintzela aurpegiratzeko, gaiztakeriaren bat edo beste egin izan banu bezala jokatuz?
Zu utziko zaitut epaile lanetan, irakurle.
Esango dudan gauza bakarra da,. zure burua arriskuan jartzen ahalegintzen bazara, dagoeneko ondo zapaldu duten gizon bat zapaltzen, datozen ondorioak onartu behar dituzula.
Ondo ezagutzen al huen Pete Hendrickson, Dolly?
Pete? esan nion. Pete Hendrickson? Ez dinat inoiz halako izenik entzun.
Astelehen iluntzean hil ziaten. Bera eta Farrell izeneko emakume bat.
Bai? esan nion. A, bai. Uste dinat horri buruzko zeozer irakurri nuela.
Ez al huen aurrez aurre ezagutu?
Ezagutu? barre egin nuen. Zergatik ezagutu behar ninan halako tipo bat?
Ez huen ezagutzen?
Esan dinat ba esan nion.
Orduan zergatik egon huan gure etxean? Zergatik lo egin zian hemen?
Burutik jota balego bezala begiratu nion. Nik babestu egin nahi nuen, eta sinets iezadazu ahalegin guztiak egiten ari nintzela.
Baina, Jainkoarren, maitea esan nion. Sekula entzun dudan gauzarik zoroena dun hori! Nola arraio bururatu zain halakorik...?
Hara esan zidan. Gaur etxea garbitu diat, eta hau aurkitu diat. Lurrean zegoan, ohearen atzean.
Eskua ireki zuen, eta erakutsi egin zidan: txartel txuri-urdin txiki bat. Pete Hendricksonen gizarte segurantzako txartela.
Gau hartan putakume zikin baldarrak jantzita lo egin zuen, eta poltsikotik irrist egingo zion. Ni izorratzeko geroago, jakina. Eta... eta ze kristo axola zion horrek? Gogoratu nola erabili zuen Mona; eta gainera, tipoa nazia zen edo komunista, edo...
Zergatik esan hidan gezurra, Dolly? Zergatik esan hidan ez huela ezagutzen?
Ze arraio esan nion. Nik jende asko ezagutzen dinat. Ez ninan uste batere garrantzirik zuenik.
Ezagutzen duan beste inor egon al huan hemen ni kanpoan nengoen bitartean?
Hotel bat zuzentzen dudala uste al dun? esan nion. Ez, hemen ez hunan beste inor izan, eta hura hemen egon hunan, errukitu egin nintzelako, eta... e...
Baina hirekin egon huan astelehen iluntzean, ezta? Astelehen iluntzean, hilke... zera, hura gertatu baino lehen, ezta? Norbait egon huan hirekin; etxean sartu orduko konturatu ninduan. Bi lagun egon hituan hemen, edaten eta erretzen... gehiago izan ez baziren behintzat...
Bihotza esan nion. Gauzak bere onetik ateratzen ari haiz. Zer axola zion hemen izan bazen ere, zer axola zion gau hartan kobratzen ibili ez banintzen ere? Ez al dun uste...
Jakin nahi diat esan zidan. Horixe jakin nahi diat. Zergatik esan hidan gezurra garrantzirik ez bazuen.
Ez al haiz nitaz fio? esan nion. Ez al naun maite? Jainkoarren, pixka bat nahaspilatuko nindunan agian eta gauza batzuk ahaztuko nizkinan, baina...
Nigandik urrundu zen, sorbaldak altxatzerakoan nire eskuak kenduz.
Zergatik, Dolly? Eta non? Non hintzen astelehen iluntzean, eta nondik atera duk diru hori?
Utz nazan bakean esan nion. Arraioa, uzteko bakean!
Ez zitzaidan berari horrela hitz egitea gustatzen, ulertzen, baina zergatik ez ninduen bakean uzten? Eta dena huskeria batengatik.
Zain negok, Dolly.
Dagoeneko esan dinat esan nion. Beharbada ez dinat egia osoa esan. Baina horrek ez din esan nahi okerrik egin dudanik. Nik... Jainkoarren, bi pertsona horiek hil ditudala pentsatuko bahu bezala hitz egiten dun. Atsoa akabatu arte jipoitu eta Pete tirokatu banu bezala, eta... Nora hoa? Nora uste dun hoala?
O, Dolly esan zidan. Z-zer... zer egin duk...
Berari esaten saiatu nintzen, orduan, gertatu zena. Zer zen benetan gertatu zena. Nola behar luketen gauzek izan. Eta nola zekien berak ez zela egia? Nola zekien berak atsoa ez zela bahitzaile bat eta dirua ez zela Monaren guraso aberatsena, urte asko lehenago hil zirenak lur jota eta...
Eta ez zidan entzun ere egin nahi. Maratilari helduta zegoen, niri begira... begira, begiak gero eta gehiago irekitzen zituelarik, burutik jota banengo bezala.
Heldu egin nion, buru hartan zentzu pixka bat sartzeko asmotan. Eta une batean, garrasi egingo zuela iruditu zitzaidan bai, laguntza eske senarrarengandik libratzeko baina ez zuen egin. Zera baino ez zuen esan... ezer ez. Nik gogoratzen dudanez. Garratzizkorik, batere ez.
Istripua izan zen, jakina. Arraioa, ezagutzen nauzu, irakurle, eta zuk badakizu nik ez niokeela euli zikin bati inolako kalterik egingo, nire esku egonez gero. Heldu egin nahi nion, gogor eutsi zentzu pixka bat sartzeko. Baina gogorregi heldu nion, antza kulunkaraziz edoeta gu bion artekoak amaiera zoriontsua izan ordez, zoritxarreko Patuak bestela bukarazi zuen... JARRAITZEKO (BEHARBADA)
... Joycek esan zuen:
Ez, Dolly. O, ez. Etxera etorri beharra neukean. Nik hala nahi nian, halere, baina etorri beharra neukean. Hiri esateko asmoa nian gauzak konpondu bezain pronto...
Dena konponduta zegon esan nion. Dena ondo baino hobeto konponduta zegon.
... ez dakik zertan ari haizen. Ez ezak egin, Dolly! Ez, faborez. EZ! Haurdun nago!
Beranduegi zen gelditzeko. Izan ere, nola geldi nintekeen, beranduegi izan ez balitz ere?
Ukabilkada bat eman nion, eta bainu-ontzian erori zen. Bere gainean makurtu nintzen, eta... Eta azkenerako, kamisoia kendu nionean eta kanpora atera nuenean, ez zuen Joyceren antzik. Ez beste inorenik ere.
Atzeko atetik atera nuen. Gorputza airean bota nuen ikatz bagoi batera, eta gero, igo egin nintzen. Zuloa egin nuen ikatzean nire eskuekin, zulo luzea, eta hantxe ehortzi nuen. Ehortzi nituen.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea