16
Gau ona pasa nuen.
Hurrengo goiza ondo hasi nuen. Joyce pentsakor samar zegoen eta aurpegi zurbila zuen, baina ez zen harritzekoa. Neska jatorra zen beti zintzo jokatzen duten horietakoa eta jakina, guztiz legezkoa ez zen zerbaitek ikaratu egiten zuen.
Egunkaria erosi nuen herrira bidean. Bitan begiratu behar izan nuen gertatutakoaren berri aurkitu baino lehen; eta egia esan, ez zen benetan hari buruzkoa. Azaletik aipatzen zuten, atsoaren jabegoari buruzko zertzelada bat zela eta.
Konderriak auzia jarri zuen zor ziren zergengatik. Monari etxea hogeita hamar egunetan uzteko abisua bidali zioten.
Alde batera bota nuen egunkaria. Almazenerantz jarraitu nuen, urne gaixoa ez zutela bakean uzten pentsatzen nuen bitartean. Jabegoak zorrik izan ez balu, diru polita lortuko zuen horretatik. Bi urtez lasai bizitzeko lain eta beste nonbait berriz hasteko aukera. Baina ez zegoen horrela idatzita; bene-benetako suerte txarra zuten horietakoa zen. Noski, nik diru pixka bat eman nion... ezin nuen inola ere kale gorrian utzi, jantzirik gabe eta sosik gabe. Baina gauzak askoz errazagoak izango ziren neskak sos batzuk izan balitu.
Jateko dirurik ba ote zuen pentsatu nuen, eta mementu batez kartazal batean bilete batzuk sartzea eta berari bidaltzea bururatu zitzaidan. Min ematen zidan neskaren egoerak, eta benetan lagundu nahi nion. Baina azkenean, kontrakoa erabaki nuen. Bazitekeen polizia zelatan egotea bertan. Galtzeko asko nuen nik, ez nuen arriskatzeko asmorik.
Ondo moldatuko zen. Nola bizi zen ikusita, seguruenez ez zitzaion egoki irudituko jateko lain izatea.
Staplesek normalean zortzi t'erdietan zabaltzen zuen almazena, ni eta gainerako gizonak lanera joan baino ordu erdi lehenago. Baina goiz hartan ez zuen hala egin. Bederatziak baino minutu batzuk gutxiago ziren hara iritsi nintzenean, eta almazena oraindik itxirik zegoen. Eta beste mutilak aurrean zeuden, hura noiz agertuko zain.
Kotxetik irten eta beraiengana joan nintzen. Zain egon ginen, zigarroak erretzen eta berriketan, putakumea kamioiren batek harrapatuko ote zuen pentsatzen eta hala gertatzeko desiatzen. Baina ez genuen halako maukarik izan, noski. Bederatzi t'erdietan hantxe agertu zitzaigun.
Atea ireki, eta denok barrura jarraitu genion. Ez zirudien nahita gertatu zenik, baina edonola, beste guztiek nire aurretik fitxatu zuten, eta ni berarekin bakarrik gelditu nintzen. Ni fitxatzen hasi zen, txantxetan eta barrez. Nire ezinegona gero eta handiagoa zen.
Ez zirudien pertsona bera zenik, ulertzen al didazu? Oso aldarte onean zegoen. Jakina, badakit beti zebilela txantxetan eta gelditu gabe berriketan, baina ez zuen tipo alaia zelako egiten, ez bihotza pozez zoratzen zuelako. Diamanteak dolar batean saltzen zituen denda bezain faltsua zen. Ezin bazintuen izorratu, nahi izaten zuen bezala, gelditu gabe zirikatzen zintuen. Txantxetan ari zelako itxura eginez, badaezpada haserretzen bazinen.
Goiz hartan, halere, zeharo desberdina zen. Putasemea pozez zoratzen zegoen zerbaitengatik.
Nire txartelak hartu nituen, eta zer arraio gertatzen zitzaion galdetu nion.
Baietz asmatu esan nion. Itsu bat harrapatu duzu lanera zentozela.
Tira, Frank barre txoroa egin zuen, eskumuturrean ukitu arina ematen zidan bitartean. Zuk egingo zenukeena beti besteei leporatzen. Izan ere, bisita egin diot aspaldiko lagun bati. la hogei urtetan ikusi ez dudan adiskideari.
Benetan? esan nion. Eroetxeren batera joan al zara, barrura sartzen utzi dizute, eta gero alde egiten?
Barre txoroa egin zuen berriz ere, eskumuturrean beste ukitu bat ematen zidan bitartean.
Hortxe-hortxe zabiltza, adiskide maitea. Harritzekoa da zein parekoak diren gure pentsamoldeak. Bisitatu dudan laguna, ezaguna esan beharko nuke, erakunde publiko batean zegoen, bai.
Espetxean, e? Banengoen ba ni esan nion. Gauza ona da tokiko poliziarekin harreman onak izatea.
Kosta izan zaidan harremana, Frank. Oso baliagarria gertatzen da nirea bezalako postua duen batentzat. Baina, ez... oraindik urrun samar zabiltza. Ez naiz espetxean izan. Beste xede batzuk dituen erakunde batean.
Bai?
Mmm. Espetxearen aldamenean dagoen batean... Baina nire berriketak aspertu egiten zaitu, eta dagoeneko berandutu zaitut, ezin diot nire buruari barkatu. Zoaz ba, adiskide! Egiezu gogor orpoetan eta Akilesen orpoa bezain biluzik egon daitezela haienak!
Ez dut ondo hartu esan nion. Zuk bisitatu duzun pertsonak... arazorik al zuen, edo?
Ez... ja, ja... nik ez nuke halakorik esango, Frank. Niri behintzat ez dit inolako kezkarik azaldu.
Arraioa ba. Zer...
Ez... esku bat altxa zuen. Ez, ez dizut ametituko, Frank. Atsegin agertu nahi duzu, nire elkarrizketa xumea interesgarria iruditzen zaizulakoan, eta ez dizut ametituko. Zoaz lehenbailehen. Arren eskatzen dizut. Eta... o, bai...
Badakit esan nion. Badakit. Bezeroak bertan seko uztea nahi duzu.
Bertan seko...? O, egokiak. O, oso hitz egokiak eta irribarre egin zuen.
Bizkarra eman nion eta irten egin nintzen.
Sabela dantzan nuela nabaritu nuen eta halako sentsazio gaizto bat. Estutu egin balitzait bezala, barruraino erori, gauza astunen bat irentsi ondoren bezala. Eta nazka sentitu nuen eztarrian, eta orratz hero ziztatzaile batzuek burua zulatzen zidaten.
Kotxean sartu nintzen, dardaraz, eta kosta egin zitzaidan giltzari ematea. Espaloitik atzera egin nuen eta gidatzen hasi nintzen, xederik gabe, itsu moduan. Azkenean, taberna batean gelditu nintzen, eta atzealdeko mahai batean eserrarazi nuen nire burua.
Zurrutak lagundu zidan. Zurrutek, egia esan. Lasaitzen hasi nintzen.
Ezin zuen ezer jakin. Poliziak ez zekien, nola jakingo zuen ba berak; eta zer arraio? Nolabait konturatu zen kezkatsu nengoela. Somatu egin zidan eta zirikatzen hasi zen, erantzuna atera nahian. Bide guztiak jorratu nahi zituen, mota guztietako badaezpadako ahaleginak eginez nonbait asmatuko zuelakoan.
Gaur goizeko galdeketa, zera; gezur galanta behar zuen izan, ondo aztertuz gero. Tipo arrunt batek egia esango zuen eta loak hartu zuela onartuko zuen, edo igogailuan trabatuta gelditu zela, edo antzeko zerbait. Baina Staples ez zen tipo arrunt bat, behar bezalakoa, alegia. Gezurra esango luke atsegin hutsagatik. Gezurra esango luke kosta ahala kosta, lasai-lasai egia esan zezakeenean. Eta gogotik zirikatu nahi ninduenez gero, aspaldiko lagunaren bisitaren kontua asmatu zuen.
Inon ez zen adiskidea, ulertzen al didazu? Ez zuen lekurik zehaztu. Ezer jakiten banuen ere, ez nuen nora jo. Adiskidea espetxean zegoen, baina bera ez... eta abar. Misterio hutsa. Asmo bikoitzeko berriketa.
Ez balitz hain puztuta egon, hain pozik bere buruarekin... baina hura ere antzezpenaren zatia zen, beste badaezpadako ahalegin bat. Edo beharbada egia zen norbait izorratu zuela, eta aldarte onean zegoen. Harroputzarena egiten ibilia zen bere hoteleko neskame batekin larrua joko zuela esanez. Asteak eman omen zituen horretan, lanetik bidalaraziko zuela erdi adieraziz, gero alderantziz jokatzeko, almazeneko opari txikiekin goxatzeko. Agian lortu zuen nahi zuena azkenean.
Halere...
Halere, ezer ez zekien.
ARRAIOA, EZERTXO ERE EZ ZEKIEN!
Baina nik ez nuen lanerako batere gogorik. Ezin nuen bezero alprojen atzetik ibili. Nengoen moduan hasiko banintzaie diru eske, seguruenez beraiek kobratuko lidakete niri.
Etxera joatea zen nik egin nahi nuena. Ezer egin gabe egon, badakizu, hantxe; egun osoa han eman, Joyceren ondoan. Baina, arraioa, ezinezkoa zen. Oso kezkatuta zegoen ordurako, dirua zela eta; hain nahigabetuta zegoenez, ez zuen bertan, etxean, uztea nahi, berarekin. Prest zegoen ia amore emateko eta dirua gordetzeko, poliziarengana joan ordez, baina halere ez zitzaion batere gustatzen. Eta gaur bertan lana utziko banu, dagoeneko zekizkienak baino gauza okerragoak zeudela konturatuko litzateke.
Laupabost trago hartu nituen taberna hartan, eguerdia inguru arte luzatuz. Orduan, kotxera itzuli eta berriz ere gidatzen hasi nintzen.
Herri kanpoalderantz gidatu nuen, eta lurrez egindako errepide batetik desbideratu nintzen. Eserlekuan makurtu eta salgaien maleta ireki nuen.
Oraingoan bost dolarreko hamabi bilete hartu nituen. Lan egun oso baterako behar nuena. Eskuetan izan nituen, duda-mudatan, pentsatuz, eta orduan haietako sei bueltatu nituen, eta haien ordez hiru hamarreko hartu nituen.
Askoz hobeto zegoen horrela. Harnabi bosteko eta besterik ez, susmagarri irudituko zitzaion.
Nire kobratze zorroan sartu nituen bileteak.
Kobratze txartelak zabaldu nituen nire karpetan eta faltsutu egin nituen.
Ondoren... tira, hura zen guztia. Ez zegoen besterik egiteko, eta ia bost ordu nituen ezeginean ibiltzeko.
Filmeren bat? Arraioa, nik behintzat ez nuen filme bat ikustera joan nahi... iluntasunean eseri... bakarrik. Irakurtzen gustora egongo nintzen, irakurle ona naizelako. Baina ezin nuen kalean eseri eta irakurri, eta liburutegietan ez da inoiz irakurtzea merezi duen libururik izaten. Ez aitorpenezko kontakizun onik edo zinema-aldizkaririk, edo ezer interesgarririk.
Gidatzen hasi nintzen berriro.
Ez dago xederik gabe gidatzen ibiltzea baino bizkorrago lur jota utziko zaituen gauzarik.
Etxera joatea zein atsegina izan zitekeen pentsatu nuen etengabe ezinezko zela jakinik eta amorratzen jarri nintzen. Zer arraio, dena den? Tipo bat kezkati eta urduri dago, eta ezin du bere etxera hurbildu ere egin, bere emaztearekin hitz egin. Negar egiteko moduko egoera zen, egia esan behar badut. Gizon batek buru-belarri lan egiten du estuasun larrian jartzen du bere burua emaztearengatik eta honek gorriak ikustarazten dizkio. Behin ere isildu gabe, tipoa kezkaraziz, dagoeneko kezkatzeko adina arrazoi ez balu bezala.
Monak ez luke horrela jokatuko. Mona ttikia, oso ume ederra zen, azukre-koxkorra. Egin behar ez zituzkeen gauza batzuk egin behar izan zituen, beraz, beharbada, ez zen Joyceren mailakoa... Joycek ustez zuen mailakoa. Baina...
Bai: Joycez ari naiz. Joyce ez zen itxura egite kontuetan iaioa; askotan esana zidan iraganean. Sentitzen zuen bezalaxe jokatzen zuen, eta zuen itxurakeriarik egiten. Baina... Mona ere ondo zegoen, eta bera ikusteko premia nuen, norbaitekin egoteko premia nuen, norbaitekin hitz egiteko.
Nire alde zegoen norbait ia inor ez.
Herrian barrena gidatu nuen, Monak noizean behin erosketak egiten zituen gunerantz Hango taberna txikira joan nintzen, supermerkatua jotzen zegoenera, eta atearen aldamenean eseri nintzen.
Negozioak nola irauten duen kezkarazten zaituen horietako leku bat zen. Taberna zulo hartan alferrik ari baitziren. Agure txatxu bat garagardo merkea zurrupatzen. Emakume pintakatu bat jerezarekin mozkortzen eta bi minuturo bueltak zenbatzen... Han ez zegoen besterik.
Bi whisky doble hartu nituen. Tabernariari esan nion dolar bateko eskupekoa gordetzeko, eta bertan zerraldo eroriko zela iruditu zitzaidan.
Kakahuete ontzi bat jarri zidan aurrean. Eskukada bat fitxa sartu zuen musika makinan. Aurrealdeko argia bizi samarra zela esan nion eta ea ez litzaiokeen itzaltzea inportako. Egia esan, esaten hasi nintzaion. Esaldia bukatu baino lehen itzali zuen eta.
Zer moduz? Besterik behar al duzu, jauna?
Abisatuko dizut esan nion. Hitz erdiaz jabetu zen eta bakarrik utzi ninduen.
Zeharrera egin nuen pixka bat nire aulkian. Aurrera begira eseri nintzen, ukondo bat barra gainean, edaten eta pentsatzen. Eta denbora alferkerian pasa nuen.
Beste trago bat eskatu nuen, eta tabernariak beste batera gonbidatu ninduen. Zurrupada pare bat egin eta erlojuari begiratu nion. Hirurak eta minutu batzuk ziren. Seguruenez ez zen inguruan ibiliko. Benetan norbait ikusi nahi duzunean, ez duzu sekula ikusten, beraz, seguruenez, ez nuen Mona ikusiko.
Zutitu egin nintzen eta komunera joan nintzen. Irten egin nintzen... eta hantxe ikusi nuen, aurretik pasatzen.
Mementu bateko irudia izan zen. Atera joan nintzen poliki-poliki, haize pixka bat hartu nahiko banu bezala.
Supermerkatuan sartu zen. Minutu pare batez itxaron nuen, eta orduan nire aulkira itzuli nintzen. Hantxe egon nintzen, edatekoa zurrupatzen eta ateari zeharka begira.
Musika makinari fitxak bukatu zitzaizkion. Emakumea eta agurea alde eginak ziren. Bare samar zegoen lekua eta oihartzunez beteta, eta entzun egin nuen bere pausu arin haiek bera ikusi baino lehen. Atera iritsi nintzen, aurretik pasatzen ari zen mementuan. Eta, bai, pasatzen utzi nion.
Berarekin hitz egin nahi nuen, baina bazen askoz gehiago nahi nuen zerbait. Jakin nahi nuen zerbait. Aurrera jarraitzen utzi nion, eta atean gelditu nintzen begira.
Monari begira, kantoian buelta hartu zuen arte, bi etxadi haruntzago. Berari, kaleko kotxeei eta jendeari begira gelditu nintzaien, eta orduan begien bistatik galdu nuen; eta askoz hobeto sentitu nintzen. Inork ez zion jarraitzen. Polizia ez zebilen bere atzetik. Arriskutik kanpo zegoen, baita ni ere orduan. Zerri hura, Staples, joan zedila nahi zuena zirikatzera...
Nire aulkira itzuli nintzen, zertxobait damututa ez nuelako berarekin hitz egin oso neska jatorra baitzenbaina pozik horrela jokatu nuelako. Orain, seguru nengoen, eta ez nuen berarekin hitz egiteko premiarik. Lasai nengoen, eta eguneko zatirik handiena pasata nuen.
Keinu egin nion tabernariari. Astindu bana eman zien whiskyari eta sodari. Zigarro bat atera nuen, eta piztu egin zidan, irribarre itxuratiarekin eta begiarekin keinu eginez.
Hori neska puska, e, jauna? Behar bezala egina.
Zer? esan nion. Zein neska?
Ez al duzu ikusi, oraintxe bertan pasa dena? Neska polit hura, gerritik gora hainbesteko zama duenez, gainetik kostata ikusten duena?
O, hura esan nion. Bai, uste dut ikusi dudala. Aurretik pasa da haize pixka bat hartzen ari nintzen bitartean, ezta?
Horixe bera. Inguruan nonbait bizi dela uste dut. Esan didatenez, bero-bero jartzen den horietakoa da.
Benetan? esan nion. Neska zintzo baten tankera hartu diot ba nik.
Badakizu zer esaten duten, jauna. Zenbat eta itxura atseginagoa izan, orduan eta okerragoak dira. Nik...
Nire begirada ikusi zuen eta isildu egin zen. Barra garbitzen hasi zen tabernako zatarrarekin, irribarretxoak ezpain zokoetatik ihes egiten ziola.
Jakina, egia esan, nik ezer ez dakit esan zidan. Hona etortzen diren lagun batzuek esaten dutena baino ez. Gezur ustela izan daiteke, eta seguruenez, hala da.
Beste zurrupada bat egin nion tragoari. Esan egin nion, hara, nik ezertxo ere ez dakit horretaz.
Nik ikusten dudan moduan, kea dagoen lekuan, derrigorrez sua egon behar.
Hara... irribarretxo gezurti hura agertu zitzaion berriz ere.
Ez dut uste aurrealde hori bere kasa landu duenik. Zer izango ote da horri ukitu bat ematea?
Erraz samarra dela esan didate. Entzun dudanez, eta ez dut zalantzan hartzeko arrazoirik, nahikoa omen da betiko proposizioa egitea.
Bai? Hain sinplea al da?
Hala esan didate. Egingo al dinagu, polit hori? esan, eta besterik ez da behar lanean hasteko.
Baietz egin zidan, begiarekin beste keinu bat eginez.
Bueltak jaso nituen azken txanpona ere eta alde egin nuen.
Kotxean ibili nintzen pixka batean, kafe pixka bat erosi nuen eta mendazko gozoki eskukada bat jan nuen. Ordua zen, eta almazenera joan nintzen kontuak egitera. Staplesek ez ninduen txalotu, ezta zirikatu ere. Afaltzeko hitz emana egongo zen, edo beharbada ez zegoela muturra sartzeko moduko gauzarik erabaki zuen. Dena den, kontuak bizkor egin zituen, eta etxera joan nintzen.
Dena bart arratsean bezala gertatu zen. Afari gozoa; Joycek oso atsegin eta jator jokatu zuen, diruak izugarri kezkatzen bazuen ere. Niri, egia esan, ez zitzaidan bururatzen zer esan, beraz berriketan egiten utzi nion. Bapatean kopeta ilundu zitzaidan, konturatu gabe, kopeta ilundu zitzaidan egongelari begiratu bat ematen nion bitartean. Ez nintzen egongelaz akordatu ere egiten, baina berari hala iruditu zitzaion.
Barkatu, maitea barkamena eskatu zidan. Etxea goitik behera garbitzeko asmoa nian, baina ez nauk oso... tira, ez ziok inporta. Bihar goiz-goizean hasiko nauk lanean. Ez duk etxea ezagutuko bueltatzen haizenean.
Ze arraio esan nion. Uztan. Ondo zegon eta.
Ez esan zidan, garbituko diat. Garbiketak lagunduko zidak beste gauzetan ez... ez... ez zuen bukatu.
Hurrengo eguna osteguna zen. Joyce itzulitako beste egunetan bezalaxe, ondo hasi nuen eguna. Gosaria prest zegoen eta nire zain. Joycek primeran jokatu zuen. Goizeko egunkarietan ez zen hilke... kasua inon ere aipatzen.
Nire artean pentsatu nuen, zera, dena hain ondo dabil eta, baietz Staplesek gaur ni ondo izorratu. Baina erabat oker nengoen. Ni izan nintzen fitxatzen lehena, eta ez zuen nirekin denborarik alferrik galdu.
Kantoian buelta hartu, eta kotxean sartu nintzen. Espaloitik atzera egin nuen, eta...
Ez dakit non ibili zen ezkutatuta, nire zain. Ateren baten atzean, seguruenez. Baina bapatean hantxe ikusi nuen Mona bera nire kotxera igotzen. Beldurrak akabatzen, totelka. Ezin nion hitz bakar bat ere ulertu.
Ga-gauza ikaragarri bat ge-gertatu da, D-Dolly! Po-po-lizia atze-atzetik daukat...
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea