15
Sofan aurreratu nintzen eta zigarroa zapaldu nuen hautsontzian. Sofa ertzean gelditu nintzen beste bat pizten nuen bitartean, eta orduan atzera eseri nintzen, aharrausi eginez.
Hau nekea! Prest al hago oheratzeko, laztana?
Dolly...
Zer? esan nion. O, dirua! Ez al ninan horretaz hitz egin? Bart arratsean etxean harrapatu nizkinan aspaldiko bezero batzuk, diru mordoa zor zigun jendea, eta...
Ikusi nian, Dolly. Ez zekiat zenbat zegoan, baina bazekiat mordoa zela. Zorro bat bete diru.
Bira egin nuen eta begira gelditu nintzaion. Zorrotz begiratu nion, begirada jaitsiko zuelakoan, baina ez zen estutu. Zimur txiki bat zuen kopetan, baina ez zirudien arriskutsua. Ez zuen itxura zakarrik eta ez zirudien zakartzeko asmorik zuenik. Hala egon izan balitz, jakingo nuen zer egin. Baina zegoen modua ikusita, ez nuen egin. Ezingo nuen astindu, ordaindu balidate ere.
Ezin nuen ezer egin.
Isiltasunak bost minutuz edo iraungo zuen. Azkenean, eskua luzatu eta nirea hartu zuen bere eskuen artean. Eta hitz egin zidan.
Hiregana itzuli nauk, Dolly. Ez huen erraza izan gure artean gertatu diren gauza guztiak eta gero, baina egin behar nuela iruditu zaidak. Maite haut eta lagundu egin nahi diat.
Aizan esan nion, esan al dinat nik kontrakorik?
Gogoratzen al haiz bart arratsekoaz, laztana? Ez al duk uste horren ondoren... ez al dakik, maite haut eta nitaz fida haiteke, eta nik egin nahi dudan gauza bakarra hiri laguntzea duk.
Entzun ezan esan nion. Baietz bihar goizean goiz esnatu. Harritxintxar bagoi pare bat jarri dinate burdinbide itxian, eta seguruenez mugitu egin nahiko dizkinate bihar...
Zutitu zen, eta etxeko mantala lisatu zuen. Begiratu zidan, kopeta pixka bat iluntzen zitzaiola; umea gelatik bidaltzen duen andereñoaren antzeko keinua egin zidan buruarekin.
Ederki, Dolly. Ez diat uste besterik dudanik esateko. Beharbada nire errua izan duk hi uzteagatik, kasketaldia eta gero alde egiteagatik, ondotxo jakin behar nuenean, hire jokabidea ikusita, ez hengoela burutik sano eta beharbada... O, Dolly! Dolly! Zer e-egin duk...?
Eskuak eraman zituen aurpegira, eta sofan eseri zen berriz ere, negarrez. Etsi-etsian, negar eta negar. Eta hain bakarrik zegoela zirudien, ni bart arratsean egon nintzen bezain galduta eta ikaratuta.
Joyce esan nion. Arren, bihotza. Zer arraio? Zergatik jokatzen dun horrela?
Hi-hik... hik badakik zergatik. Di-diru hura guztia... esango hidala espero nian, azalpen ulergarriren bat egongo zela. Ez ne-nekian zer izan zi-zitekeen, baina esperantza nian behintzat. Baina ezin didak azaldu. Bel-beldurrak hago, eta...
Hago, neska, hago pixka batean esan nion. Hago pixka batean, laztana.
Magalean jartzen ahalegindu nintzen. Sorbaldak mugitu zituen, nire eskuetatik askatuz.
Minutu batez itxaron nuen, berari begira, berari entzunez. Barrua txikitzen zitzaidala nabarituz. Ondoren, berriro saiatu nintzen, eta orduan lortu nuen.
Horri buruz hitz egin nahi ninan esan nion. Baina ez nengonan seguru dirua gordetzera iritsiko ote nintzen, ulertzen, horregatik hobe iruditu zitzaidanan egun batzuez ezer ez esatea. Bestela zain egongo hintzen, eta gero nahigabea handiagoa izango huen.
Nik ez di-diat... burua kendu zuen nire bularretik eta begiratu egin zidan. Zer... zer esan nahi duk?
Aurkitu egin dinat dirua.
O, Dolly! negarrez hasi zen berriro. Arren. Nahikoa duk, e-ezin diat hire gezurrak entzuten jarraitu...
Ez naun gezurretan ari. Bazekinat ez duela ez bururik ez hankarik; nik ere nekez sinets zezakenat. Baina egia dun.
B-baina...
Esan dinat ba. Esango dinat aukera ematen badidan. Nahi al dun esatea, bai ala ez?
Zintz egin zuen, eta berriz ere begiratu zidan. Bizitza osoan niri begira egongo zela pentsatu nuen, baina azkenean baietz egin zidan buruarekin.
E-ederki, Dolly. Baina, fa-faborez, ez bada... ez bada egia, e-ez...
Aizan esan nion. Ez dinat sinetsiko ote didanan hitza emango. Inork ez zidala sinetsiko beldurrak egon naun, eta horregatik dun hain zaila niretzat zer egin behar dudan jakitea.
Nik si-sinetsi nahi diat, laztana. Ez dago munduan gehiago nahi dudan gauzarik.
Bart arratsean gertatu hunan. Nire bezeroetako bat, Estill delako tipo bat, West Agnew kalean bizi zeta abisatu zidanaten. Haruntz joan nindunan beraz, eta etxea hutsik zegonan. Inoiz han bizi izan bazen, aspaldi joana hunan. Eskuargia atera ninan kotxetik eta barrura sartu nindunan, eta...
Barrura sartu hintzela? kopeta ilundu zitzaion. Zergatik?
Zergatik? esan nion. Jakingo huke inoiz kobratzen ibili izan bahintz, laztana; inoiz Ordainerraz bezalako enpresa batentzat lan egin izan bahu. Barrura sartu ahal izanez gero, beti sartzen gaitun. Horman idatzita dagoen telefono zenbakiren bat bar dezaken, edo beharbada bertan utzitako eskutitz zaharren bat. Hanka egin duenaren arrastoa eman diezanakeen zerbait.
O esan zidan; eta kopetiluna joan zitzaion eta begietako zalantza apur bat. Segi, laztana.
Barrura sartu eta gelaz gela ibili nindunan bila, baina ez ninan ezertxo ere aurkitu. Ez paper puskarik, ez helbiderik, ez ezer. Itxuraz... hara, bazirudin norbaitek sekulako lanak hartu zituela ezertxo ere ez uzteko. Etxe osoa goitik behera garbitu eta igurtzi izan balute bezala, alde egin baino lehen. Harritzekoa hunan, ulertzen al didan? Jakinmina piztu zidanan. Bila jarraitu ninan, eta azkenean hau aurkitu ninan: zorro txiki hau, logelako armairu bateko apal baten atzealdean. Ireki ondoren, barrura begiratu ninan, eta egia esango dinat, laztana, aho zabalik gelditu nindunan.
Eten egin nuen jarduna zigarro bat pizteko. Bat eskaini nion begiratu bizkor bat ematen nion bitartean bere jarrera neurtzeko eta arnasa sakona hartu nuen. Ordurarte, irentsi zuen. Aitzakia ona zen, eta Joyce irrikatzen zegoen irensteko.
Zein esan duk zela gizon haren izena, laztana? Bilatzen ari hintzen gizonarena...
Estill, Robert Estill. Hementxe zeukanat txartela poltsikoan, begiratu nahi badion.
Esan zidan, o, ez; baina segundo batez egon zen duda-mudatan. Txartela atera eta erakutsi egin nion. Txartela egiazkoa zen harena baitzen eta hura zen tipo harengatik esan nezakeen gauza on bakarra. Bi ordainketa atera genizkion, eta ondoren arrastorik utzi gabe desagertu zen.
Etxe hutsa erakutsiko dinat nahi badun esan nion, eta nahi izanez gero egin nezakeen. West Agneweko 1825ean zegon; eramango haut nahi badun oraintxe bertan.
E-ez, ez duk beharrezkoa. Nik... Zenbat diru zegok hor, Dolly?
Gezurretan hasi nintzen, bost edo hamar mila zegoela esanez. Kopuru hura sinetsi egingo baitzuen, baina gehiago esanez gero, ez. Eta behin sinesten hasiz gero, gainerakoa oso erraza izango zen. Esan nezakeen... bai, itxura egin nezakeen sosen zati bat inbertitu egin nuela. Edo jokoan irabazi nuela. Edo... edo zeozer egin nuela diru pilo hura inguratzeko.
Baina ez zegoen oraindik guztiz sinetsita. Batere ez, egia esan; ez zen zaila izango berriz ere galderak egiten hastea. Diruari begiratu bat eman nahi ziola esango balu, zenbatzeko agian...
Egia esan nion.
Salto egin zuen eta ia nire magaletik erori zen.
Dolly! Ene bada, laztana! E-ehun mi... Lapurretako dirua izan behar dik! Bahiketaren bateko dirua, edo...
Ez zegon markatuta esan nion. Hori bazekinat. Ondo baino hobeto begiratu dinat.
Horrelako zerbait behar dik izan. Ez zegok beste modurik. Poliziarengana eraman behar duk, Dolly!
Eta pentsa ezan zeozer iluna dagoela diru horretan; ez ninduken batere harrituko. Zer egingo ninake nik, batetik bestera dabilen ni bezalako tipo batek, lagunik edo ikasketarik gabe? Esango dinat zer gertatuko litzatekeen. Ez balu ni jipoituz aitorpenen bat sinatzea lortuko, itzalean sartuko ninduketen eta han egongo ninduken erantzun zuzena indarrez atera arte.
Baina dirua eramango bahu, horrek frogatuko liake...
Esan dinat, ez nindukete sekula sinetsiko! Besterik gabe ikaratu eta koartadaren bila nabilela pentsatuko linakete. Horregatik dun hain gogorra, horregatik ibili naun hain larri. Ez dinat esango gorde nahi ez dudanik, baina zer axola zion gordeko ez banu ere? Ez din ez bururik ez hankarik. Nik ere nekez sinets zezakenat, eta ez dinat uste hik sinesten dunanik...
Magaletik kendu nuen bapatean. Sukaldera joan nintzen, whisky botila hartu nuen armairutik, eta zurrupada galanta kendu nion.
Zeozer bururatu zitzaidan berarekin hizketan ari nintzen bitartean, diruari buruzko zeozer. Eta tximistaren modura astindu ninduen. Sosak ez zeuden markatuta, banekien hori. Baina egia balitz gauza ilunen bat zegoela diruaren inguruan, ez zela berez atsoarena. Egia balitz polizia eta FBIa zenbaki sail batzuen zelatan zeudela...
Dar-dar egin nuen. Orduan gogoratu nuen... eta lasaitasunez hasperen egin ere. Monak espetxetik atera ninduen diru hura erabiliz lau egun lehenago. Lapurretako dirua bazen, jakingo nuen ordurako.
Botila armairuan gorde nuen atzera. Bira egin nuen; hantxe zegoen Joyce, eta besoekin inguratu ninduen.
Sinesten diat, Dolly esan zidan, ahotsean etsipena antzematzen zitzaiolarik. Den-dena sinesten diat.
Kontxo, zera esan nion. Garbi hitz egingo dinat, maitea. Ez ninake gehiegi aurpegiratuko sinetsiko ez bahit.
Z-zer egingo duk, Dolly? Ezin diagu gorde.
Ez zekinat ba esan nion. Besterik egin al zezakenagu? Ez dinat esango gorde nahi ez dudanik, baina nahiz eta...
Ez! Ez, maitea. Egon behar dik moduren bat, zera...
Zein ba? Esaidan zein modu dagoen ni espetxera ez joateko, eta nire bizitza osoa alferrik ez galtzeko.
Ha-hara. Hara, ezin al haiteke auzune hartara joan galdera batzuk egitera? Galdetu ea...
Bai zera! Nire burua nabarmen jarri, norbaitek poliziari deitzeko? Ezta pentsatu ere. Ilundu zuenean izan nindunan bertan eta inork ez ninduen ikusi. Inork ez din nitaz susmorik hartu, eta horrela jarraitzeko asmoa dinat.
Baina e-ezin diagu besterik gabe...
Esaidan orduan zer egin dezakegun esan nion. Esaidan eta egingo dinat. Ez dun ba ni espetxera joatea nahiko, ezta?
E-ez. Ez, noski, maitea.
Mesederako dela usteko banu, egingo ninake esan nion, egingo ninake. Baina alferrik izango litzatekeela ikusten dinat. Ez huken inoren mesederako izango. Hainbeste diru, lapurtutakoa balitz, segurtatuta egongo hunan eta aseguru dirua ordainduta honezkero. Aseguru-etxeek gauza guztietan dinate sudurra sartuta, eta ezagutzen ditun tipo horiek. Dagoeneko munduko diru erdiaren jabe ditun. Jendeari iruzur eginez lortzen dinate: basetxeetako hipotekak betearazten eta jendeari jesukristoren buruhausteak ematen. Ez dinat ikusten zergatik arriskatu behar dudan aseguru-etxe lapurzikin batengatik.
Joyce isilik zegoen. Pentsakor.
Makurtu egin nintzen eta buruan muxu eman nion.
Gu biok, Joyce esan nion. Ez diagu inoiz ezertarako aukerarik izan, maitea. Beti ibili gaitun zulo zikin batetik bestera, inoiz ez dinagu ezertarako dirurik izan... Arraioa, hala dun eta. Gogor saia haiteke, gauzak aldi baterako konpontzen ibil haiteke, baina horrela bizitzen jarraitzen badun, goiz edo berandu...
Gogor estutu ninduen. Xuxurlatu egin zidan:
Dolly. Maite haut oso, bihotza.
Ehun mila esan nion leunki eta gurea dun, beste edozeinena bezainbeste. Ehun mila... Behar bezalako etxe bat. Leiho mordoa dituen etxea, eguzkiaren argia indarrez sartzeko modukoa, eta... eta behar bezalako altzariak, zaborra izan ordez. Eta kotxe on bat izatea ere ez zegon gaizki. Kezkarik gabe bizitzea. Hire onetik ateratzen ibili gabe, bizitzeko lain nondik aterako dunan pentsatuz. Eta...
Eta...? xuxurlatu zidan.
Jakina ba esan nion. Zergatik ez? Ni haurrak izatearen alde negon, jendeak zain baditzake behintzat.
Hasperen egin zuen eta estuago besarkatu ninduen.
Banekien horixe esango huela, maitea. Hain gizon ona izan haiz gauza askotan, ez zekiat zergatik bururatu zaidan... zera...
Ahotsa motelduz joan zitzaion.
Zain egon nintzen, bere ilea ferekatuz.
Ez zekiat, Dolly. Nik hainbeste nahi, hainbeste nahi diat...
Zergatik ez dion begiratu bat ematen -esan nion. Uki ezan. Zenbatu ezan. Elkarrekin zenbatuko dinagu, maitea, nola gasta dezakegun asmatuko dinagu.
Egin nahi al dun, e?
Zera dudan-mudatan. Ez! Ez, nahiago diat ez zenbatu. Kosta egiten zaidak dagoeneko zentzuz pentsatzea. Ez... ez diat diruaz berriz ere hitz egin nahi. Ez... ez...
Ez genuen beraz diruaz berriro hitz egin. Besoetan hartu nuen, eta logelara eraman nuen.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea