14
Tira, boxeatzeko zaku batek ere atseden hartzen du noizean behin. Eta noizean behin, txiki-txiki eginda bukatu ondoren normalean, atseden pixka bat lortzen dut. Gauzak onerako aldatu ziren niretzat. Irits nintekeen zulo sakonenean izana nintzen, beraz orain gorantz hasi nintzen berriz ere, indar betean. Eta, aditu, horrela nagoenean, ez da erraza ni geldiaraztea.
... Joyce ni baino lehenago jaiki zen hurrengo goizean. Jantzi nintzenerako, gosaria prest zuen; eta sekulakoa, bai horixe. Eta ez zuen aurreko gauaz tutik ere esan. Gertatutakoak kezkatzen ninduen; kezkatu eta nolabait lotsatu ere. Baina ez zuen txintik ere esan gaiari buruz, edo ez zuen behintzat gauza apartekorik gertatu zenik adierazi ere egin. Eguna ondo hasi zen beraz, hasieratik bertatik.
Bidaiatik ekarritako diru apur bat gorde zuen erosketak egiteko, eta gainerakoa niri eman zidan. Laztan bat egiten zidan noizean behin, gosaria ateratzen zidan bitartean; eta besarkada handi bat eta muxu bat eman zizkidan alde egiteko prestatu nintzenean.
Ez al haiz konturatu? esan zidan, irribarre eginez. Etxeko mantala jantzi diat, orraztu egin nauk, txukundu, eta... Konturatu al haiz?
Esatekotan egon nintzen, eta zer: etxafuegoak botatzea nahi dun, ala? Baina hura ez zen horretarako goiz egokia, esan nion, beraz:
Jakina, tuntuna, konturatu naun. Ederra hago, bihotza.
Etxera etorriko al haiz gaur iluntzean?
Bai, noski esan nion. Zergatik ez ba? Zergatik uste dun ez naizela etorriko?
Jakin nahi nian. Afaria prest izateko.
Zer daukan buruan? esan nion. Kezkatzen hauen zerbait?
Aurpegia pixka bat ilundu zitzaion: nire ahotsaren doinuagatik, seguruenez. Ondoren, behatz puntetan jarri eta muxu eman zidan berriro; eta esan zidan, barrez:
Bai. Hi. Hi habil nire barruan. Hara, hoa behingoz, ea lan pixka bat egiten dudan.
Hirirantz abiatu nintzen. Bidean nindoala, gelditu egin nintzen eta egunkaria erosi nuen. Lanak izan nituen gertatutakoa aurkitzeko. Irakurri egin nuen orduan.
Ederki. Ondo zebilen gauza. Kasua hain garrantzi gutxikoa zenez, ez zen lehen orrialdera iritsi ere. Hirugarren orrialdean agertzen zen, eta zutabe erdia baino ez zuen betetzen:
Mona lo zegoen ohean, eta «borroka hots batzuek» esnatu egin zuten. Hasieran «ikaratuegia zegoen begiratzera joateko», baina azkenean bere burua behartu zuen «tiro hots batzuen ondoren, isiltasun luzea etorri zenean»... Farrell andrearen ilobak Hendrickson ezagutu zuen, izebak garai batean konponketa txikiak egiteko hartu zuen gizona. Lana utzi omen zuen, mendeku hartuko zuela zin eginez, esan zuen ilobak, soldata zela-eta eztabaidatu ondoren. Kasua aztertu ondoren, poliziaren ustetan, Hendrickson etxera itzuli zen bart arratsean mozkor eta zapuztuta eta eztabaidatutako kopurua ordaintzeko eskatu zion. Adineko emakumearen ezezkoa entzundakoan haserre, bertan hiltzeko moduko jipoia eman zion, dirua lapurtu eta ihesari eman zion. Farrell andreak eskaileraraino jarraitzeko ahaleginak egin zituen eta tiro egin zion. Orduan emakumea erori egin zen eta lepoa hautsi zuen, uste denez, hala ere, jipoiaren ondorioz, ezinbestean hilko bazen ere...
«Poliziak jakinarazi du Hendrickson zenbaitetan atxilotu duela mozkorkeria, jokabide nabarmena eta erasoengatik. Duela gutxi sei hilabeteko espetxe zigorra bete zuen atxilotu zuen ofizialari erasotzeagatik».
Hura zen guztia, garrantzizkoena behintzat. Monak esan beharrekoa esan zuen buruz, nik esan nion bezalaxe. Eta eskerrak Jainkoari, ez zen argazkirik agertzen. Hari argazkia egin izan baliote eta ez balu aurpegia estali negarrez ari zelako itxura eginez, badakizu, nik esan nion bezala galdera batzuk erantzun beharko nituen. Staplesek ezagutu egingo zuen ni espetxetik ateratzeko fidantza ordaindu zuen neskatzat, eta egundoko jakinmina sortuko zitzaion. Neskarentzat zer nintzen eta neska niretzat zer zen jakin nahiko zuen, eta non nengoen bart arratsean hilketak gertatu ziren orduan. Eta ezingo banitu bere galderak erantzun...
Baina ez zegoen argazkirik. Kasua nabarmenegia zen. Tartean zegoen jendeak ez zuen batere garrantzirik.
Almazenean gelditu nintzen, eta fitxatu egin nuen. Lanean hasi nintzen, sosak ezkutatzeko lekuren bat bururatzen ote zitzaidan ahaleginak egiten. Ez zen batere erosoa batetik bestera eramatea; astuna zen, eta salgaiek ez zuten behar bezala estaltzen. Bakar batzuk altxatu eta hantxe agertzen zen. Edozeinek aurki zezakeen nahi gabe, nik geldiarazteko aukera izan baino lehen. Joycek agian galtzerdi edo kulero batzuk hartu nahiko zituen maletatik, eta... zera, edozein aldetatik begiratuta ere, ez zen egokia nik soinean eramatea.
Goiz osoan ibili nintzen irtenbide bila, ingurutik gidatzen nuen bitartean. Kezkatu egin nintzen eta sutan jarri ere, zerbait pentsatu nahian, nire buruarekin haserre bizian ezin nuelako. Baina ezin nuen, eta akabo. Leku pare bat bururatu zitzaizkidan, baina ez ziren batere onak. Dirua nik gordetzea baino okerragoak ziren; edo hala ziruditen behintzat.
Tren geltokiko kutxan utzi? Tira, badakizu zer gertatzen den. Hangoak beti ibiltzen dira danbaka, leihatilak brast irekiz, nahi gabe egin dutelakoan. Edo zure maleta ematen diote beste norbaiti. Edo nahastu egiten dira egiaztagiriarekin, eta barruan dagoena adierazi behar duzu... Badakizu. Behin eta berriz irakurtzen dira horrelakoak.
Eta bankuko segurtasun kutxa batean? Aukera hura ere txarra zen, txarragoa beharbada. Nondik-norakoak eman beharko nituen bat alokatzeko... eta Staplesen izenean egingo banu, e? Halere, ni bezalako tipoek ez dugu giltzapean gordetzea merezi duen ezer izaten.
Nik gorde behar nuen. Banekien hura zela egin beharreko gauza bakarra. Fardela atera beharko nuen jendeari erakusten nion maletatik (eta ez nuen gehiegi erakusteko asmorik; ez nuen kolpe zorririk jotzeko asmorik). Joyceri zegokionez, zera, moldatuko nintzen. Zintzo jokatzen ari zen orain, ni haserretzeko beldurrez, eta ez nion azalpenik eman beharko edo barkamenik eskatu beharko. Almazenera joateko esango nion ezer behar bazuen: nekatuta nengoela nire salgaiak nola lardaskatzen zituen ikusita. Maleta giltzapetuta izango nuen, eta ez zuela inola ere hurbildu behar esango nion. Eta ez bazitzaion gustatzen, egon zedila.
Hitzak hausnartu nituen adimenean, sudurra sartzen hasiko balitz nola uxatuko nuen pentsatuz. Eta, orduan, bart arratsean gertatu zenaz pentsatzen hasi nintzen... eta erabaki nuen ez zegoela berari modu horretan hitz egin beharrik. Esango nion, tira, esango nion:
Aizan, laztana. Ez zienat hire behatz polit horiei zerrikeria horiek ukitzen utziko. Esaion Dolly zaharrari zer nahi dunan, eta berak ekarriko din etxera onena.
Hobe litzateke horrelako zerbait esatea. Zentzuzkoa zen, behinik behin. Ze kristo, atsegina izan zaitezke beste pertsona batzuekin, bost axola bazaizkizu ere.
Lana utzi nuen ordu batak aldera, eta saldutakoa zenbatu nuen. Hogeita zortzi dolar nituen: ez zegoen gaizki goiz baterako, baina oso gutxi zen lan egun osorako, noski. Baina beste hogeita hamarrekin, ehun milatik hartutako sei bostekorekin, lan egun bikaina izango nuen.
Taberna batean gelditu nintzen. Aurrez bildutako ogitarteko bat eskatu nuen jan zezatela putakume haiek beren zaborra! eta garagardo botila bat; eta mahai batera eraman nituen. Jan eta edan nuen. Beste garagarado bat eskatu nuen, eta kobratze txartelak zabaldu nituen aurrean.
Egundokoak ziren gure bezeroak. Lehen ordainketa egiten zuten, eta gero borrokan egin behar zenuen gainerakoa kobratzeko. Harrapatu egin behar zenituen sosak ordaintzeko edo bidaltzeko. Ez bazenuen haiekin borrokan egiten, ez zenuen dirurik lortzen. Eta orduan ere ez zenuen beti kobratzen.
Epea beteta zuten sei berezo aukeratu nituen, bosna dolar zor zizkigutenak. Besteengandik bereizi nituen, hogeita hamar dolarrak karteratik atera, enpresako zorroan sartu, eta, tira, kito.
Ordu biak inguru ziren ordurako. Beste taberna batera joan nintzen, eta bidean arratsaldeko egunkaria erosi nuen.
Oraingoan hiru paragrafo baino ez ziren agertzen. Ez zegoen gauza berririk, edo garrantzizkorik. Etxea eta altzariak ziren atsoaren ondasun guztiak. Eta itxuraz, hain atzeratuta zegoen zergen ordainketan, jabegoarekin nekez erantzungo baitzitzaien zorrei. Ez zuen inolako testamenturik utzi. Mona zen bizirik zuen senitarteko bakarra. Eta abar. Ez zegoen garrantzizko gauzarik. Dena ondo zegoen oraindik.
Bigarren trago bikoitza eskatu nuen, eta beste garagardo bat lagungarri gisa.
Barregarria zen zerga haien kontua, atsoak zergarik ez ordaintzea. Hainbeste diru izan eta zergak pilatzen utzi zituen, estatuak den-dena bereganatzeko zorian egon arte. Baina, beharbada ez zen batere barregarria. Harritzekoa zen, egia esan. Jende askok ez ditu, pistola batekin eskatu arte, zergak ordaintzen. Eta gainerako gauza guztiekin bezain zekena eta zikoitza izan zen. Babarrunak eta zaborra baino ez zuen jaten. Mona behartzen zuen agertzen zen guztiekin oheratzera. Zeken hutsa zen, eta alferrik zen zeken bat zuzentzen ahalegintzea. Atsoak gastatu zuen diru bakarra, Petek jardinean lantxoak egiteko atera zuena izan zen. Eta nire ustetan atsoak ez zuen diru gehiegi ordaindu. Ezer ordaindu bazuen. Petek lanaren truke... Monarengandik hartu zuen soldata.
Mona. Oso neska atsegina zen, eta hartaz maiteminduta nengoen. Baina lehen ere maitemindu nintzen, norbait berezia ezagutu nuela pentsatuz; eta zer gertatu zitzaidan? Nola nekien ez zitzaidala berarekin gauza berbera gertatuko?
Bart arratsa arte ez nuen horren gainean gehiegi pentsatu; ez nuen berari buruz zalantza handirik izan. Zertxobait kezkatuta nengoen nirekin jokatu zuen modu arinagatik. Baina bart arratsekoa kenduta, kontuan ez hartzeko prest nengoen.
Biak elkartzen dituzunean, nola jokatu zuen nirekin eta nola haserretu zen Peteren kontuarekin, eta beste tipo horiek guztiak gogora etortzen zitzaizkidan bakoitzean...
Hara, ez nuen urdanga gehiago jasateko asmorik. Zera, bizitza osoa betetzeko adina urdanga madarikatu ezagutu nuen eta! Seguru nengoen bera ez zela bat seguru samar baina inoiz pentsatuko banu arrastorik zuela, argi ibil zedila neska!
Zer arraio egin zezakeen berak, gainera? Eta oraintxe bertan esango banio ametsetan ibili zela, eta esnatzeko ordua iritsi zitzaiola? Ezingo luke ezertxo ere egin, horixe da kontua. Nik dirua gorde nezakeen eta bera ifernura bidali tira, beharbada bilete batzuk emango nizkiokeeta berak ezingo luke ezertxo ere egin.
Eta horrek ez ninduke hainbeste kezkatuko.
Eraman ezin dudan zerbait badago, urdanga madarikatu bat da.
Joyce, esate baterako. Hara, gaizki esaka ibili naiz Joyceri buruz, eta egia da nagia, ganoragabea eta utzia zela. Baina beti egon nintzen gauza batez seguru... seguru samar... guztiz seguru... nik esaten nuena esanda ere. Ez zen beste inorekin jolasean ibiltzen. Ez zen inoiz ibili, eta ez luke jakingo nola hasi. Ez zen bere moduko gauza, ulertzen?
Eta beste kontuetan horretan bezain zorrotz jokatu izan balu; itzuli zenetik itxura egin zuen moduan itxura egiten jarraituko balu...
Beharbada ez zebilen itxurakeriatan. Hala behar zuela izan pentsatu nuen nire artean, azeriak ez baitu larrua aldatzen. Baina oso ondo egiten zuen, bihotzez ariko balitz bezala, zer arraio axola zion, beraz?
Joyce. Bai, Joycek bere alde onak zituen. Eta orain bizimodua ateratzeko itoka lan egiten ibili beharko ez nuenez, zerbait lortu nuela pentsa nezakeenez eta gauza atseginak izan genitzakeenez... Baina hortxe zegoen koxka. Dirua. Nola azalduko nion diruarena? Zer asmatuko nuen berari esateko?
Ezin niola esplikatu konturatu nintzen; izan ere, ezin nuen bapatean gezur onik asmatu. Ez zegoen inolako presarik. Ez nuen Mona aste pare batez ikusi behar, eta seguruenez bururatuko zitzaidan gauza mordoa bitartean.
Tira... Beste trago bat hartu eta alde egin nuen. Kafe beltza erosi nuen, eta gidatzen hasi nintzen berriz ere. Inguruan, denborapasa. Laurak ziren. Bi ordu nituen almazenera joan aurretik eta etxera, Joycerengana.
Joyce. Mona. Joyce? Mona?
Zer arraio?, pentsatu nuen, eta burutik kentzen ahalegindu nintzen. Mona neska ona zen. Edozeinek ikus zezakeen hori; eta neska zintzo baten modura jokatu zuen kontu honetan. Esandako guztia egin zuen. Bere izeba hiltzen lagundu zuen sosak lortzearren...
Tira. Bai, neska prestua zen, bai horixe. Hobe zuen gainera hala izatea. Ederki bainekien Joyce hala zela, eta berehalakoan asma nezakeen ehun mila dolarren jatorria azaltzeko modu zuzena...
Seiak arte gidatu nuen, behar bezalako itxura izan nuen arte. Ondoren almazenean sartu nintzen, ito-itoan, egun osoan lasterka ibili izan banintz bezala; eta Staplesen bekainak zertxobait altxa ziren ekarri niona ikusi zuenean.
Ez dago gaizki, Frank esan zuen, dirua zenbatzen zuelarik. Ezta batere. Beharbada astea bukatzen denerako, berriro hasiko zara behar bezalako lan egunak egiten.
Kontxo, milesker esan nion. Argi ibili, Staples. Horrelako zapladatxoak ematen badizkidazu bizkarrean, eskumuturra okertuko zaizu.
Keinu egin zuen sudurrarekin. Gabon esan genion elkarri eta, alde egiten hasi nintzenean, atzera deitu zidan.
Ahaztu baino lehen, irakurri dudanez, zure bezero pare bat hil zuten indarkeriaz bart arratsean. Zure bezeroetako bat, egia esan, eta beste baten senitartekoa.
Bai esan nion. Irakurri dut. Hilko ahal dira denak noizbait!
O, bai zera, Frank. Zer egingo genuke bezerorik gabe?
Benetan esan dut esan nion. Putakume zikin horiek guztiak bertan luze geldituko balira, barrez lehertuko nintzateke.
Gustatuko litzaizuke, ez al da hala? baietz egin zuen buruaz. Baina Farrell kasu honetan, badago harrigarri samarra iruditu zaidan gauza bat.
Bai? esan nion. Benetan?
Mmm. Bai. Farrell andrea, itxuraz, oso behartsua zen, halere ilobak, bere mende bizi zenak, hogeita hamahiru dolar ordaintzen ditu mahai-zilarreria baten truke.
Begira gelditu zitzaidan, nik zeozer esateko zain.
Txistua irentsi nuen, eta ene Jainkoa, Niagara urjauziaren orroa iruditu zitzaidan.
Eta? esan nion. Zer axola dio?
Frank! Faborez! Beti hartu izan zaitut nire gizonik onenetakotzat; nazkante samarra zara, ordea... Ez al duzu kontraesanik ikusten egoera horretan?
Hara, esango dizut esan nion.
Bai? Bai, Frank?
Esango dizut zer uste dudan, Staples. Ni ez naiz gure kontuetan agertzen diren putakume horiek nolakoak diren asmatzen ibiltzen. Alferrik da, ulertzen al didazu? Ez ezazu espero gauza zentzudunik egitea. Ez baleude burutik jota, ez lukete gurekin traturik egingo.
Ha-ra duda-mudatan bera, bai. Ezin esan dezaket zurekin bat ez natorrenik. Zer iruditzen zaizu, orduan, gure bezeroei berezko zaizkien beste burugabekeriaren bat baino ez dela izan? Azken dolarra ere gastatzea, zera...
Esan dizudan bezala esan nion, ez dut bezeroekin denborarik galtzen. Ez zaitez nolakoak diren asmatzen ahalegindu. Niri axola zaidan gauza bakarra da, ea dirurik ote duten, eta beraiei kentzeko modua.
Hori da, hori da! txaloka hasi zitzaidan. Ordainerraz enpresako egiazko gizon baten hitzak dira horiek. Tira, zoaz orain, adiskide maitea, eta ondo lo egin.
Aterantz joan nintzen berriro.
Deitu egin zidan berriro.
Jainkoarren! esan nion, bira eginez. Zer arraio nahi duzu orain, Staples? Ez da nahikoa egun osoa jo ta ke lanean ibiltzea. Zutik gelditu behar dut hemen gau zikin osoa zurekin hitz egiten.
Aditu, Frank bota zidan. Nirekin haserre zaudela ematen du. Ba al dago kasu horretan... zera... Esan al dut zu asaldatzeko moduko gauzarik?
Asaldatu egiten ninduela esan nion. Nire onetik ateratzen ninduela. Berandu zen eta ez zidan joaten uzten; eta nik gauza bakarra egin nahi nuen, etxera joan, zapatak kendu, eta sabela bete.
Lanean ibili naiz egun osoan, ulertzen? Ez naiz lasai-lasai eserita egon egunkariak irakurtzen.
Ulertzen dut esan zidan. Kontzientziako harra sentitzen duzu. Farrell andreak Peteren nondik-norakoak eman zizkizun, ez al da hala?, eta zalantzarik gabe, hura konturatu zen eta...
Zer axola dit niri horrek? esan nion. Dena ondo irten da. Biak hil dituzte.
Kopeta ilundu zitzaion, niri begira zegoela; zertxobait zurbildu zen. Orduan, barre egin zuen, gogorik gabe, burua astinduz.
O, Frank esan zuen. Zer egingo dut nik zurekin?
Zutik egonarazten banauzu denbora luzeagoz esan nion ez duzu ezertxo ere egin beharko. Goseak txorabiatuta eroriko naiz.
Ezta pentsatu ere!... Gabon, Frank.
Gabon, Staples esan nion. Eta etxerantz abiatu nintzen.
Ez zekien ezer; ez zuen gainera ezertxo ere asmatu. Hitz egiteko modua zuen, besterik gabe; eta ni urduri jarri nintzen, isilduko al naiz inoiz! Arraioa, ez al zidan ba gauza berbera egin mila aldiz? Zirikatu; nire onetik atera, sudurra nire kontuetan sartu, zabortegian dabilen arratoiaren antzera. Eta ez inolako arrazoirik zuelako horrela jokatzeko, ulertzen? Nagusia zelako egiten zuen, eta zuk amen egin behar zenuen. Staplesek gora egin nahi zuenez, kosta ahala kosta, denak berdinak ginela uste zuen.
Bai, iluntze hartan egin egingo zuela susmatu behar nuen. Egun gogorra izan nuela pentsatuko zuen, eta beti gauza berbera egiten zuen egun gogor baten ondoren.
Beraz...
Beraz, ez zegoen zertan kezkatu. Ez zegoen inolako arrazoirik; den-dena primeran zebilen. Baina halere pozik nengoen etxera joateaz. Pozik nengoen Joycek besoekin inguratuko ninduelako, estu-estu; xuxurlatzen entzungo nuelako bere mutikoa nintzela amatxoren mutila eta ez ninduela berriro utziko.
Besarkatu ninduen, burua laztantzeko ahalegina eginez; eta azkenean mahaian eseri ginen, bata bestearen ondoan. Dena prest zegoen, afaria, alegia. Mahaian jarri zuen kotxea entzun orduko. Gozoa zegoen eta beroa; eta gero elkarren ondoan eseri ginen, eskuak estutuz noizean behin. Eta etxera iritsi aurretik goseak ez banengoen ere ez nuen uste mokadurik ere jango nuenik den-dena irentsi nuen.
Kafea atera zuen. Bi zigarro piztu nituen, eta bat eman nion.
Bart zerbait galdetu hidan -esan nion-. Orain erantzuna eman nahi ninake.
Pozten nauk, Dolly. Hala espero nian.
Hi itzultzeak pozten ote ninduen galdetu hidan. Esan beharra zeukanat kristorena pozten naizela.
O? dudatan egon zen. Ondoren aurrerantz makurtu eta muxu eman zidan. Pozten nauk hi pozteaz, Dolly. Zoragarria duk berriro etxean egotea.
Ontziak jaso zituen, eta nik lagundu egin nion. Ez zuen nik horrelakorik egitea nahi, baina hala ere, egin nuen. Nik lehortu nituen berak garbitzen zituen bitartean; eta ondoren egongelara joan ginen. Argia oso motel zegoen. Nire aldamenean kuzkurtu zen sofan, hanken gainean eserita, burua nire sorbaldaren gainean jarrita.
Oso atsegina zen, oso lasaia eta baketsua. Iruditu zitzaidan betiko honela gelditu ahal izango banintz, ez nukeela besterik eskatuko.
-Dolly esan zidan, eta nik aldi berean esan nion «Joyce». Batera hitz egin genuen, eta orduan barre egin genuen, eta Joycek esan zidan: Aurrera, laztana. Zer esan behar huen?
O, ezer gutxi esan nion. Seguruenez ez dinat ezer aterako.
Zer duk ba?
Hara, diru mordoa egiteko aukera zeukanat, kristoren diru pila. Izan ere, aukera ona zirudin. Almazeneko tipo bat, kobratzaileetako bat, zera, haren koinatua Las Vegaseko jokoetxe handi bateko arduraduna dun. Eta leku hartako nagusiek ez dinate aspaldi honetan ondo tratatu, ulertzen? Koinatuak aberats egin dizkin, eta orain kalera bidali nahi dinate. Horregatik, koinatuari idatzi zion, almazeneko kobratzaile honi, eta esan omen zion diru pixka bat bilduko balu, berak, arduradun honek, konfidantzazko norbait jarriko lukeeka jokoan, eta irabazten utziko liokeela, eta... eta...
Ez zuen hitzik ere esan, ez zuen jarrera ere aldatu. Baina bapatean gela hoztu egin zela zirudien, eta sorbalda altxatuta nabaritu nion nirearen ondoan.
Hara esan nion. Beharbada ez zegon hain ondo pentsatuta. Gorriak ikus zitzakenat tankera horretako tratu batean. Baina egin zidanate beste proposamen bat, eta...
Dolly esan zidan. Jakin beharra zeukeat. Nondik atera duk dirua?
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea