10

 

        Aurreko gauean eman nizkion bost dolarrak hartu eta Salt Creekeko arlote batzuekin ibili zen parrandan. Egundoko mozkorra harrapatu zuten ardoa gogotik edanez eta ez zen hurrengo eguna arte esnatu. Trago bat behar zuen umeak ama behar duen moduan. Trago bat, mokadu bat eta lo egiteko lekuren bat. Eta etxean hartuko zuen tipo bakarra etorri zitzaion gogora. «Hain jatorrra» izan nintzen berarekin. «Bost dolarr» eman nizkion, eta «lantxo» bat aipatu nion, horregatik...

        Urruma egin zuen, deseroso, vire isiltasuna gaizki ulertuz.

        — Ez dizut atea jo, Dillon. Zurre emaztea —emaztea daukazu, bai?— ikarratzeko beldurr nintzen; hain berrandu zen ni bezalako arrlote bat atean ikusteko. Horrregatik bagoian itxarron dut zurre kotxea entzun arrte, eta...

        Ahotsa moteldu zitzaion.

        Nire onera itzultzea lortu nuen.

        — Pozik nago etorri zarelako —esan nion—. Zu ikusteko amorratzen nengoen. Zatoz barrura eta...

        — Ez da komeni. Arrlote itxurra daukat, eta zurre emaztearri ez zaio gustatuko. Emango balidazu... tirra, dolar parre bat... lana aurrkitzen dudan arrte...

        — Bai zera —esan nion, eta besotik heldu nion—. Askoz gehiago behar duzu zuk, Pete. Zatoz barrura, eta horri buruz hitz egingo dugu, eta, ez, ez zaitez emazteaz kezka. Kanpoan dago eta.

        Barrura sarrarazi nuen. Kontrako leihoak itxita zeudela ikusi ondoren, argia piztu nuen, eta irekita nuen whisky botila eman nion.

        Zurrupada luze batekin bukatu zuen, ondoren dardar eta hasperen egin zuen. Beste whisky botila bat eman nion eta gero zigarro bat.

        Beste trago bat egin zuen, eta gogotik erre zuen zigarroa. Atzera etzan zen aulkian, hasperenka.

        — Aaaaa —esan zuen, besterik gabe—. Aaaa. Nirre bizitza salbatu duzu, Dillon.

        — Zure bizitza beharbada ez —esan nion—. Bizitzako berrogei bat urte, bai. Hori baita adin txikiko bat bortxatzeagatik estatu honetan jartzen duten zigorra.

        Mementu batez ez zen konturatu ere egin. Zulo beltzean galduta ibili zen, eta orain espreso batean zetorren; ez zuen seinaleei jaramonik egiteko asmorik.

        Beste zurrupada bat eman zion botilari. Ezpainak garbitu zituen, eta gizon jatorra nintzela esan zidan. «Jaun prrestu» bat nintzela, eta adiskide fina. Eta orduan esan zidan, «Zerr! Borrtxatzea?» Eta aurreratu egin zen bere aulkian.

        — Aditu duzu —esan nion—. Farrell atsoaren iloba. Mona.

        — Baina —esan zidan—. Baina...

        — Bai?

        — Gezurrra da! Nik... nik... —txistua irentsi zuen eta beste alde batera begiratu zuen—. Neskarrekin izan nintzen, bai. Zerrgatik ez? Lan egin nuen, eta nirre ordainarren zati zen. Ez zuen ezetz esan, neska konfoiiine zegoen, eta...

        — Bai, e? —esan nion—. Berak behartu zintuen orduan, ezta?

        Eta pentsatu nuen, putakume zikina! Putakume gezurti zikina! Ikusiko duk.

        — Harra —irribarreka hasi zen, baina laster asko ilundu zitzaion aurpegia nire begiratuaz jabetu zenean.— Harra, ez. Esan dizut nola gerrtatu zen. Nik lana egin, berra zen orrdaina.

        — Eta adin txikikoa da. Ume bat legearen aurrean.

        — Ez da eta! Ez da ume bat! Eta gainerra, nik ez nuen beharrtu.. .

        — Atsoak esan du adin txikikoa dela —esan nion—. Bera eta neska hilko zenituela mehatxu egin zeniola, eta gero bortxatu egin zenuela.

        — B-baina, baina...

        Botila altxa zuen berriz ere. Begira gelditu zitzaidan, begi maltzurrez.

        — Uste dut, uste dut ez duzula egia esaten, Dillon.

        — Ederki ba —esan nion.

        — Zerrgatik egingo luke neskak horri? Ni ez naiz lehena; beste asko ibili dirra etxean. Eta nola... nola dakizu zuk?

        — Uztazu —esan nion—. Zu lanik gabe utzita gaizki jokatu nuela iruditzen zitzaidan, eta gauzak konpondu nahi nituen zuretzat. Baina gezurretan nabilela uste baduzu, uztazu.

        Zutitu eta kartera atera nuen. Dolar pare bat atera nuen, ikusten utzi nion, eta ondoren atzera gorde nituen eta bosteko bat atera nuen. Luzatu egin nion.

        — Eta eraman ezazu botila —esan nion—. Hobe duzu behar bezala mozkortzea poliziak atxilotu baino lehen.

        — Baina... —dirua zegoen lekutik aldendu zen—. Nik ez nuen inorr mindu nahi. Zurregana etorri naiz...

        — Lasai gelditu nahi baduzu —esan nion—, zergatik ez diozu atsoari deitzen? Hortxe duzu telefonoa. Galde egiozu ez ote duen lehen okasioan zu itzalera bidaltzeko asmorik.

        — Nik ez nuen nahi orrdea...

        — Ez da egia, gogoratzen? Gezurra esan dizut.

        Aurpegia gris kolorekoa jarri zitzaion. Jesukristoren zurrupada eman zion botilari, eta hantxe ahitu zuen ia.

        — Dillon —esan zidan—. Nola... zerr... zerr da?

        Bere aurrean eseri nintzen. Begietara begiratu eta hizketan hasi nintzaion.

        Agian ez zen bera Monarekin egondako lehena, esan nion. Froga al zezakeen ordea? Froga al zezakeen neska ez zela adin txikikoa, eta atsoarekin bat zetorrela tratuan? Haien hitza izango zen berearen kaltetan. Eta poliziak fitxatuta zuen eta ezaguna zen mozkor galanta zela.

        Zergatik egiten zion atsoak horrelakorik? Tresna txarra zelako eta ifernuko sua baino beldurgarriagoa (baietz zioen berak), eta berarekin haserre zegoelako, gogoratzen al zuen? Egundoko errieta izan zuten berak lana utzi baino lehen (baietz egin zidan buruarekin berriz ere), eta atsoa amorratuta zegoen horregatik. Odol egarria asetu nahi zuen sorgin zaharrak, eta bera aukeratu zuen.

        Petek astiro eragin zion buruari. Lerde pixka bat zerion ezpain zokotik, eta garbitu egin zuen.

        — Zerrgatik —esan zuen—. Nik ez dut zurrea zalantzan jarrtzen, Dillon, baina zerrgatik esan du andrreak...

        — Ni bere alde nengoela pentsatu zuelako, ulertzen? —gezur esan nion—. Almazenaren izenean joan nintzen haren etxera zure bila, eta zuk badakizu niretzat lan kontua baino ez zela; ni ez nengoan zurekin haserre, eta ondo erakutsi nizun zuri. Baina, hala ere, atsoak pentsatu zuen ni haserre nengoela, eta lagundu egingo niola. Alde egiteko nengoenean, itzultzeko eskatu zidan eta berari jakinarazteko zuk oraindik negutegian lan egiten ote zenuen ala ez. Ederki asko daki atsoak zer egin zu ondo izorratzeko.

        Hara, esan dizut ni ez nengoela zurekin haserre. Ni zure laguna naiz eta erakutsi dizut, ez al da hala? (Dudamudatan ibili eta gero, baietz esan zidan sendo.) Itzuli egiten naiz eta esaten diot negutegia utzi duzula, eta orduan galde egiten diot zertan dabilen. Nik jakin egin nahi nuen, zuri esan ahal izateko.

        Orduan nitaz susmoa hartu zuela uste dut, behin eta berriz esaten baitzidan berdin ziola; poliziak aurkituko zintuela eta zu aurkitutakoan, gorriak ikusiko zenituela. Baina ni, badaezpada, hantxe gelditu nintzen, zurekin amorratuta nengoelako plantak egiten, eta berari laguntzeko irrikatzen, eta azkenean esan zidan sorginak zein zen bere asmoa...

        Eztul egin nuen eta beste aldera begiratu nuen. Ze arraio, ezin nuen besterik egin barrez lehertzen ez hasteko! ... Lerdea kokotsetik behera zerion berriz ere; eta begiak... begiak lausotu egin zitzaizkion eta ondoren, begizuloetatik aterako zitzaizkiola ematen zuen. Beldurrak akabatzen zegoen kaikua, baina ez naiz horretan luzatuko.

        — Hara, ni beldurrez nengoen berari asmoa burutik kentzeko jarraitu nuen—. Zure laguna nintzela konturatuko zen, eta hantxe bertan deituko lioke poliziari. Horregatik esan nion ados nengoela, baina beharbada ez lukeela berea egingo. Askoz egokiago litzatekeela ni zure bila joatea eta etxera ekartzea. Badakizu; trago batzuk hartu zurekin eta gero parranda egitera joan gintezkeela esan. Salatu egingo zintugun —esan nion—, ulertzen? Poliziari deituko genion etortzeko, eta...

        Bai, ez zuen ez bururik ez hankarik, baina tipoa ergel samarra zen. Ez zen batere ikasia, gainera. Eta poliziak sarritan zirikatu zuela ziur nengoen. Begira gelditu zitzaidan, ezpainak zurrunegi mugitu ahal izateko, aurpegia, gris kolorearen azpitik, berde bihurtzen zitzaiolarik. Eztul egin nuen eta beste aldera begiratu nuen berriz ere.

        — Ba al dut... ba al dut astirrik, Dillon? Herritik alde egingo dut...

        — Nora iritsiko zinateke? —esan nion—. Poliziak zure argazkia eta behatz arrastoak ditu. Norbait bidaliko lukete zure bila eta berehala harrapatu zintuzkete.

        — Baina zerr...

        — Entzun iezadazu —esan nion—. Astelehen iluntzea arte utzi dit; astelehenean atsoaren etxera joan behar dugu, beraz. Ni lehendabizi sartuko naiz eta esango diot berehala etorriko zarela, eta orduan zu atarian agertuko zara eta ni berarekin hizketan hasiko naiz. Esango diot arrisku handia dela niretzat, eta ordainetan, uzteko neskarekin saio txiki bat egiten. Eta atsoa neskaren bila joango da; dagoeneko aginduta zidan eta. Orduan esango diot ziur egon behar dudala ez didala ziririk sartuko. Zerbait eman beharko dit idatziz, neska eta bera tratuarekin bat datozela erakusteko. Neska hogeita batetik gorakoa dela eta lehenago ere egin izan duela eta... Zer arraio gertatzen zaizu?

        Aurpegia ilundu zitzaion pixka bat. Begiratu zorrotza eman nion eta urruma egin zuen barkamen gisa.

        — Ez... ez al da harrrigarrri samarrra? Halakorrik egingo duela uste al duzu?

        — Bai, motel. Gauza segurua da.

        — Orrduan zergatik da beharrrezkoa ni han egotea?

        — Zergatik? —esan nion. Eta mementu batez zer esan jakin gabe gelditu nintzen—. Zergatik, arraioa, hori ere azaldu behar al dizut?

        — Inporrta ez bazaizu, faborrez. Nahaspila handia daukat burruan, ezin dut...

        — Zergatik, balitekeelako atsoak atzera egitea hitz egindakoan, ulertzen al didazu? Ziria sartu nahi diodala pentsatzeko gauza da. Horregatik, atean agertuko natzaio eta esango diot, hara, hementxe nago. Papera lehenbailehen ematea nahi dut. Oraintxe bertan nahi dut edo ez dut tratuan jarraituko. Zuri egia esango dizudala eta poliziei esango diedala tranpa hutsa zela, eta atsoak gorriak ikusiko ditu.

        Baietz egin zuen buruarekin, aurpegia lasaitzen zitzaiolarik. Duda-mudatan zegoen.

        — Uste duzu... Ez al duzu uste poliziarrengana joan zaitezkeela orrain eta...

        — Burutik pasa zait —esan nion—, baina alferrik izango dela beldur naiz. Seguruenez giltzapetu egingo zintuzkete gertatutakoa behar bezala argitu bitartean; eta agian ez lizukete bortxatzea leporatuko, baina zuloan utziko zintuzkete denbora luzerako. Oso gauza korapilatsua da, edozein ikuspegitik hartuta ere. Bortxaketa gertatu ez balitz ere...

        — Nik ez nuen borrtxatu! Zin egiten dut, Dillon!

        — ... ez du itxura onik halere. Eta ez dago gauzak aldatzeko modurik. Gutxienez beste kargu pare bat daude zuri leporatzeko, eta ez dudarik egin gehienezko zigorra emango lizuketela.

        Hasperen egin zuen; baietz egin zuen buruarekin ostera.

        — Arrrazoi duzu, nirre lagun maitea. Prrest baldin bazaude nirri mesede handi hau egiteko...

        — Zorretan nago zurekin —esan nion—. Nire erruz eman zizuten atea, eta egindako kaltea konpondu nahi dut. Gainera, atsegin handia izango da puta zahar hori amorraraztea.

        Gizon jatorra eta «prrestua» nintzela esan zidan berriz ere. Botilari begiratu zion, mahaiaren ertzean jarri zuen, eta zutitu egin zen.

        — Hainbeste egin duzu nirregatik, lotsa ematen dit eskatzeak...

        — Eseri —esan nion—. Hemen geldituko zara. Hemen geldituko zara guztia bukatzen den arte.

        — Baina —berriz ere eseri zen; ez zuen bitan entzun behar izan— Gehiegizkoa da.

        — Bai zera —esan nion—. Oso pozik nago lagunartean egoteaz. Jango al duzu arrautza pare bat?

        Begiak malkoz bete zitzaizkion; eta pentsatu nuen nire artean, Jainkoarren, negarrez hasiko zait hementxe bertan.

        — Nine lagun maitea —esan zidan—. Nirre lagun maitea. Eta sudurra garbitu zuen maukarekin.

        — Beste gauza bat —esan nion—. Ezkutuan egon beharko duzu, aditu? Ez zaitez etxetik irten, inork ez du jakin behar hemen zaudenik. Ez litzateke itxurazkoa izango, pentsa ezazu, atsoak bere kasa erabakiko balu poliziarengana kontu kontari joatea. Adixkideak garela konturatuko lirateke, ezta? Pentsatuko lukete bat gezurretan dabilela eta bestea zeozer ezkutatu nahian.

        — Ederrki —esan zidan—. Zuk esan duzuna egingo dut.

        Jatekoa prestatu nion.

        Kalera irten nintzen eta whisky gehiago erosi nuen.

        Logelan oheratzera behartu nuen, eta ni sofan etzan nintzen.

        Berehala lo hartu nuen, baina goizeko hirurak aldera esnatu nintzen; gorputza inurrituta nuen eta zerbaitek estutzen ninduela nabaritu nuen.

        Hala zen. Mantak ziren. Biribilduta nengoen, bi urteko ume baten modura.

        Behar ez nituenak Peteri eramango nizkiola pentsatu nuen; baina orduan Mona etorri zitzaidan gogora, ume eder hura, eta nola erabili zuen gajoa. Behar nituen mantak hartu eta gainerakoak lurrera bota nituen.

        Izotz zedila putakumea. Ederki asko berotuko zen nik bidaliko nuen lekuan.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Idoia Gillenea

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus