8
Tente eseri nintzen eta begira gelditu nintzaion, txundituta; Monak atzera begiratu zidan, larri, bularrak gora eta behera. Honela egon ginen minutu bat edo bitan, berak itxaropentsu begiratzen zidala eta ni, aho zabalik, ezer esateko gauza ez nintzela. Orduan, bere aurpegiak bizitasuna galdu zuen ostera, eta hobe nuela etxera eramatea esan zidan.
Zaude lasai, Dolly. Orain ez dit beldurrik ematen. Hi-hil egingo nau, eta dena bukatuko da horrela, eta...
Ez holakorik esan, polit horrek esan nion. Ez du inor hilko. Inortxo ere ez, entzun?
Bai zera! Konturatuko da eta...
Ezetz ba. Ez da holakorik gertatuko, ixo. Esan iezadazu zerbait, bihotza. Nondik eskuratu ditu sorginzaharrak ehun mila dolar?
Hara duda-mudatan berak Ez nago seguru, baina...
Ezer gutxi gogoratzen zuen haurtzaroan bizitakoaz. Atso zaharrak arrastoren bat edo beste eman omen zion, eta atze-aurreak batu eta gero, diruaren nondik-norakoak somatu zituen. Niri behintzat, zentzuzkoa iruditu zitzaidan.
Martxan jarri nuen kotxea eta neskaren etxerantz gidatu nuen. Pentsa eta pentsa, buruan nerabilena nola bota hausnartuz. Edota benetan bota nahi ote nion.
Beste gauza bat, laztana. Ongi irtengo dela uste dut, irten litekeela, behintzat. Moldatuko naiz zu eta ni elkarrekin alde egiteko, eta... eta... ez zitzaizkidan hitzak ateratzen: benetan esan nahi niona. Txistua irentsi nuen eta berriz ere ekin nion, beste ikuspuntu batetik. Tipo hura, Pete Hendrickson; gogoratzen, laztana? Ederki ba, zer iruditzen Pete horrek...
Dardar egin eta beste aldera begiratu zuen. Higuinez, lotsaz eta beldurrez, Peteren izena entzun orduko.
Maite-maite egin, eta azukre-koxkorra deitu nion.
Barka iezadazu, polita. Ez dizut Pete berriro aipatuko, ezta zerri zikin horiek guztiak ere, zure izebaren erruz... tira, berdin dio. Nik esan nahi nizun, zera... zera... pentsatzeko inor indarrez sartuko balitz zure etxean...
Ez esan zidan. Ez, Dolly.
Baina, bihotza. Entzun...
Ez esan zidan ostera. Oso atsegina zara. Asko egin duzu dagoeneko. Ez dizut holakorik ametituko. Txistua irentsi nuen, zapuztuta egon behar nuela iruditzen zitzaidan. Hura baitzen hainbesteko dirutza eskumenean nuen lehen aldia, eta oker ez banengoen, azkena.
Aitortu beharra daukat, halere, lasaitu ederra hartu nuela.
Pozik nengoen ia, pentsatutakorik gertatuko ez zelako.
Ongi da esan nion. Nik uste nuen...
Pistola bat dauka. Zauritu egingo zaitu, edo hil esan zuen.
Eta buruan nerabilenari ekin nion ostera.
Erostetxe gunera iritsi ginen, hantxe zen jaistekoa. Espaloira hurbildu eta kotxea gelditu nuen.
Atsoa zuenera noiz bueltatuko naizen zain dago. Ahaztu al zaizu? Bueltatuko nintzela esan nion. Iluntze batean agertzen banaiz, berandu samar, eta...
Arrasto txiki bat eman nion. Baina ez kontu osoa, oraindik ez bainuen den-dena taxututa, oinarria bakarrik. Atso zaharrari gertatuko zitzaiona baino ez.
Zuk ez duzu tartean sartu beharrik, ttiki. Gauza bakarra egin behar duzu, sosak prest eduki nik eramateko eta poliziari deitu nik alde egin eta gero.
Eta gero... txinparta itzuli zen bere begietara, eta aurpegia alaitu zitzaion. Elkarrekin alde egingo dugu gero, Dolly? Elkarrekin egongo al gara gero?
Astebete barru edo, bai. Gauzak pixka bat lasaitu bezain pronto.
Egin ezazu gaur gauean, Dolly esan zidan. Hil ezazu gaur.
... Ez dago zertan esan beharrik gau hartan ez nuela ezertxo ere egiteko asmorik. Tamaina hartako kontuak behar bezala antolatu beharrekoak ziren; Pete Hendrickson hura aurkitu eta nirera ekarri behar nuen. Itxaron egin beharko genuela esan nion: seguruenez, astelehenean egiteko moldatuko nintzela. Bitartean, hobe zuela laster batean etxera itzultzea, eta eguneroko zereginetan zebilelako itxura egitea.
Eta dirua kendu diodala konturatzen bada? Astelehena baino lehen jakiten badu... nintzen, isilduko al naiz inoiz! Arraioa, ez al zidan ba gauza berbera egin mila aldiz? Zirikatu; nire onetik atera, sudurra nire kontuetan sartu, zabortegian dabilen arratoiaren antzera. Eta ez inolako arrazoirik zuelako horrela jokatzeko, ulertzen? Nagusia zelako egiten zuen, eta zuk amen egin behar zenuen. Staplesek gora egin nahi zuenez, kosta ahala kosta, denak berdinak ginela uste zuen.
Bai, iluntze hartan egin egingo zuela susmatu behar nuen. Egun gogorra izan nuela pentsatuko zuen, eta beti gauza berbera egiten zuen egun gogor baten ondoren.
Beraz...
Beraz, ez zegoen zertan kezkatu. Ez zegoen inolako arrazoirik; den-dena primeran zebilen. Baina halere pozik nengoen etxera joateaz. Pozik nengoen Joycek besoekin inguratuko ninduelako, estu-estu; xuxurlatzen entzungo nuelako bere mutikoa nintzela amatxoren mutila eta ez ninduela berriro utziko.
Besarkatu ninduen, burua laztantzeko ahalegina eginez; eta azkenean mahaian eseri ginen, bata bestearen ondoan. Dena prest zegoen, afaria, alegia. Mahaian jarri zuen kotxea entzun orduko. Gozoa zegoen eta beroa; eta gero elkarren ondoan eseri ginen, eskuak estutuz noizean behin. Eta etxera iritsi aurretik goseak ez banengoen ere ez nuen uste mokadurik ere jango nuenik den-dena irentsi nuen.
Kafea atera zuen. Bi zigarro piztu nituen, eta bat eman nion.
Bart zerbait galdetu hidan esan nion. Orain erantzuna eman nahi ninake.
Pozten nauk, Dolly. Hala espero nian.
Hi itzultzeak pozten ote ninduen galdetu hidan.
Esan beharra zeukanat kristorena pozten naizela.
O? dudatan egon zen. Ondoren aurrerantz makurtu eta muxu eman zidan. Pozten nauk hi pozteaz, Dolly. Zoragarria duk berriro etxean egotea.
Ontziak jaso zituen, eta nik lagundu egin nion. Ez zuen nik horrelakorik egitea nahi, baina hala ere, egin nuen. Nik lehortu nituen berak garbitzen zituen bitartean; eta ondoren egongelara joan ginen. Argia oso motel zegoen. Nire aldamenean kuzkurtu zen sofan, hanken gainean eserita, burua nire sorbaldaren gainean jarrita.
Oso atsegina zen, oso lasaia eta baketsua. Iruditu zitzaidan betiko honela gelditu ahal izango banintz, ez nukeela besterik eskatuko.
Dolly esan zidan, eta nik aldi berean esan nion «Joyce». Batera hitz egin genuen, eta orduan barre egin genuen, eta Joycek esan zidan: Aurrera, laztana. Zer esan behar huen?
O, ezer gutxi esan nion. Seguruenez ez dinat ezer aterako.
Zer duk ba?
Hara, diru mordoa egiteko aukera zeukanat, kristoren diru pila. Izan ere, aukera ona zirudin. Almazeneko tipo bat, kobratzaileetako bat, zera, haren koinatua Las Vegaseko jokoetxe handi bateko arduraduna dun. Eta leku hartako nagusiek ez dinate aspaldi honetan ondo tratatu, ulertzen? Koinatuak aberats egin dizkin, eta orain kalera bidali nahi dinate. Horregatik, koinatuari idatzi zion, almazeneko kobratzaile honi, eta esan omen zion diru pixka bat bilduko balu, berak, arduradun honek, konfidantzazko norbait jarriko lukeeka jokoan, eta irabazten utziko liokeela, eta... eta...
Bai zera esan nion, berari sinestaraziz. Nire buruari sinestaraziz. Zoaz bizkor etxera, tira, eta ostera hitz egingo dugu bihar gauean. Hementxe elkartuko gara zortziak aldera.
Duda-mudatan egon zen, atsoari aurpegi emateko beldurrez, nirekin gelditzeko amorratzen. Baina goxo-goxo hitz egin nion, barrua gogortzen zitzaidala aldi berean, eta azkenean alde egin zuen.
Begira gelditu nintzaion kantoian buelta hartu zuen arte. Orduan, kotxeari bira osoa emanarazi nion, eta etxerantz abiatu nintzen.
Egin beharrekoa erabakita bazegoen ere jakina, Pete nireganatu eta gero, epeltzen hasi nintzen. Edo, egia esan behar badut, kezkatzen. Ez nengoen guztiz beldurtuta; ze arraio, ez nuen zertan beldurtu beharrik; Mona ttiki hura niretzat nahi nuen eta, jakina, ehun mila haiek. Baina ez nuen neure burua egin beharrekoa egiten ikusten.
Burutik jota hago, txo! pentsatu nuen. Norbait akabatu behar al duk? Bi lagun akabatzeko gauza al haiz? Ez, motel. Hik ezin duk egin.
Etxerako biderdian nengoela, eskubitara jo nuen bapatean eta herrirantz abiatu nintzen. Ganorazkorik jan gabe nengoen azken hiruzpalau egunetan. Beharbada horregatik nenbilen hain estu eta larri. Askoz hobeto egongo nintzen bapo jan eta gero.
Atzera eta aurrera ibili nintzen puska batean erostetxe gunetik, zer jan erabaki nahian eta behar bezalako lekuren bat aurkitzeko asmotan. Azkenean eguneroko taberna zuloan sartu nintzen; taberna eta erretegi antzeko bat, almazeneko kantoian zegoena.
Eseri egin nintzen, eta kamarerak menua jarri zidan muturrean. Ez zegoen itxura oneko gauzarik, eta gainera, kamarerari begiratu orduko, sabela bihurritu zitzaidan. Ez dakit zergatik gertatzen zaidan, baina arraioa, badakit nola izaten den. Sartzen naizen jatetxe madarikatu guztietan gauza berbera gertatzen zait... Atsoren bat izaten dute kamarera lanetan, trapu zaharren armairuan gordeta izaten dutena, sartzen ikusten nauten arte. Eta dotore antzean agertzen da mantalik zikinenarekin eta azkazaletako laka gorri kakatsuaren koxkola kenduta, kraka, kiratsa, eta koipea baino ez dariola. Eta hura da beti egokitzen zaidan kamarera.
Ez nabil txantxetan, adiskide. Edonora Joan, eta komeria berbera.
Trago bat eta botila bat garagardo ekartzeko eskatu nion; geroxeago jateko asmoa nuen. Baina saltzaile sena duten horietakoa zen. Inguruan gelditu zen, «gauza goxoak» gomendatzen, eguneko jaki bereziak eta antzekoak, atzapar gorri madarikatu haiekin platerak seinalatzen zizkidalarik. Lepo egina utzi ninduen arte entzun nion, eta gero begiratu makurra eman eta hanka egiteko esan nion.
Agian ez didan ondo entzun, neska esan nion. Agian nagusiari eskatu beharko zionat tragoa eta garagardoa ekartzeko.
Baina... zaplasteko bat eman niola zirudien, aurpegia sutan jarri zitzaion eta. Barkatu, jauna. Nik galdetu nahi nizuna...
Eta nik trago bat baino ez dinat nahi esan nion. Ekarriko al didan, bai ala ez?
Airean ekarri zidan. Baina eskatu nuen hurrengoan, beste neska bat hurbildu zitzaidan. Ez zegoen inolako alderik, lehena bezain txarra baitzen hura ere; denak ziren halakoak; beti izaten dira. Baliteke hain txarrak ez izatea; baina nik leku bateko atea zabaldu orduko, neskek hala erabakitzen dute: zakarrak izango gara orain, Dolly dator eta. Gizajoa hamaika saltsatan sartuta dago, sabela nahastea baino ez du behar.
Badakit nola egiten duten. Ez didate behin ere ziririk sartuko.
Tira, berdin dio. Lehen tragoa bukatu eta bigarrenarekin hasi nintzen. Hantxe ari nintzen garagardoa zurrupatzen, pentsakor eta une berean ez pentsatzeko ahaleginak egiten, mahai gainean itzal bat erori zenean.
A, Frank Staplesen ahots sisipasa, koipetsua zen. Hara non zauden!
Asaldatu egin nintzen, eta berak irribarre egin zuen eta nire aurrean eseri zen. «Hara non zauden» horrekin zer esan nahi zuen galdetu nion.
Neure buruarekin egindako apostu txikia zen. Zera... O, milesker, andereño. Zuen zopa gozoa hartuko nuke, arren, eta basokada luze bat esne... Esaten ari nintzaizun bezala, Frank, berandu arte lan egin dut gaur almazenean, inbentario berezia egiten, eta ondoren, ohera sartu aurretik mokadu bat jateko gogoak eman dit. Baina ez zait batere gustatzen bakarrik jatea; nahiago izaten dut batere gabe pasa. Eta txiripaz lagunen batekin topo egin nezakeela pentsatu dut... ez zurekin, noski. Ez nuen uste gaur gauean kanpoan afalduko zenuenik...
Jaten nagoela iruditzen al zaizu? esan nion. Emazteak neska lagun batzuk gonbidatu ditu afaltzera, eta ez nion enbarazurik egin nahi.
Oso prestua zara. Eta emaztea berriz, ganoragabea; zu irten eta lehen gauean gonbidatuak izatea ere... Ondo konpontzen al zara andrearekin, Frank? Errieta egin al duzue?
Sentitzen dut zu zapuztea esan nion. Orain esan iezadazu zein den zure buruarekin egin duzun apostua.
A, bai koilarakada zopa sartu zuen ahoan. Esan dizudan bezala, afaltzeko norbait topatzea espero nuen, eta zu edo mutilen bat hemen egongo zinetelakoan, begiratu bat eman dut leihoan barrena...
Irribarre egin zuen, zertan nenbilen noiz esango nion zain. Itxaroten utzi nion, garagardoari beste zurrupada bat ematen nion bitartean; kopeta zertxobait ilundu zitzaiola iruditu zitzaidan.
Ezin zintudan kaletik ikusi, Frank. Baina halere banekien hemen egongo zinela. Ez al duzu jakin nahi zergatik?
Jakinmina nuen. Baina sorbaldak altxatu nituen eta bost axola zitzaidala esan nion.
Begiak ñirñirka zituen, maltzurkeriaz.
Leku honetako giroa, Frank. Neska gajo horiek duten begirada. Aizu, ez bazaizu jatekoa eta zerbitzua gustatzen, zergatik ez zara beste leku batera joaten?
Zertarako? esan nion. Denak igoalak dira.
O? Baina... harrituta begiratu zidan; gero, buruarekin baietz egin zuen, eta ulertu ez nuen moduan irribarre egin zidan. Bai esan zidan, hala izango dira, bai, baldin eta...
Bai...?
Ezer ez. Ni oso gustora nago, Frank; hain da atsegina beti zurekin hitz egitea... Pasatako nekea eta gero, lasaituko zinela espero dut. Ez zara ba nirekin haserretuta egongo?
Zu bezalako tipo jatorrarekin? esan nion. Ez horixe.
Pozten naiz ba. Aizu eta, gu biok hain lagun onak garenez...
Bota.
Nola demontre sartu zara saltsa honetan? Beste saltzaileek ere euritan ibili behar izan dute, zuk bezala, eta denen artean ez dute enpresako hirurehun dolar baino gehiago harrapatu.
Hara hasi nintzaion. Entzun, Staples...
Bai, Frank...?
Ezin nion esan. Eta ez nion esango hitz egokiak aurkituko banitu ere; ez zen zuhurra izango. Halere, ezin nuen hitz zuzenik aurkitu.
Nazkatuta al zaude, Frank? Hori al da? Ahalegintzea alferrik dela iruditzen al zaizu, bizitzak berak ez duela baliorik?
Esan dudan bezala, ezin nion ezertxo ere esan; baina ez zebilen hain urruti. Ezin nuen handik alde egin eta eguneroko moduan jokatu, bost axola baitzitzaidan guztia. Eta gogorik ez baduzu, alferrik da itxura egitea.
Erantzun ba, Frank sisipasarik gabe hitz egin zidan. Esaidazu orain, nekatuta baldin bazaude.
Ze arraio esan nion. Txorakeriak baino ez dituzu esaten. Ze kristo axola zaizu zuri?
Ez zuen erantzuteko ahalegin txikiena egin. Zain gelditu zen. Axola zitzaion bai; ni ez banintzen sosak irabazteko gauza, lapurretan hasiko nintzen ostera. Eta airean egin nezakeen hanka diru mordoarekin, berak harrapatu baino lehen.
Ez dizut ulertzen esan nion, denbora irabazi nahian. Kezkatuta bazaude, zergatik ez nauzu gaur arratsaldean bertan bota...
Ni ez naizelako tankera horretakoa, Frank. Ondo pentsatzen ditut gauzak; atze-aurreak batzen ditut, ekin baino lehen. Zer egin duzu diruarekin?
Hilabete barru edo, Staples zakurraren ipurdira bidaltzeko moduan egongo nintzen; esango nion nazka-nazka egina nengoela lan zikinaz eta ez zela harritzekoa, eta zer arraio nahi ote zuen. Baina hilabete itxaron beharko nuen, eta ordurarte gauzak lasaitu eta Monarekin alde egiteko moduan egon arte herri ziztrin hartan gelditu behar nuen. Eta lanari eutsi behar nion.
... ulertzen, mutiko? galdeketan hasi zen berriz ere. Ni ez naiz sudurra sartzeagatik ari. Gauza Hun eta txororen bat egin baduzu, zera, emakumetan gastatu baduzu edo zaldi apostuetan ibili bazara...
Gorantz begiratu nuen, eta bere begiekin topo egin nuen lehenengoz. Esandako azken hitzek bidea argitu zidaten. Kinka larri hartatik nola ihes egin nezakeen erakutsi zidan Staplesek, eta berari galdera batzuk egiteko aukera eman zidan.
Gogoratzen duela denbora gutxi erakutsi nizun gutun hura? Oklahomako petrolio enpresa hark bidalitakoa?
Gutuna? sorbaldak altxa zituen. Dozena bat aldiz erakutsi didazula esango nuke. Atzo jaio ez zen gizona izateko, harritzekoa da zenbat alprojarekin egiten duzun topo. Baina... isildu egin zen, niri begirik kendu gabe. Bai zera! esan zuen. Baina, Frank, ez iezadazu esan dirua bidali zenienik!
Bai lotsati begiratu nion. Halaxe egin nuen.
Ez al nizun argi eta garbi esan...
Bai, badakit esan nion baina beste hamaika gauza ere esan zenidan. Zenbat aukera galdu zenuen duela hiru une bertako almazen bateko arduradun zinenean, eta...
Baina, ene Frank maitea! Hura guztiz bestelakoa zen. Lurrak erosteko aukera izan nuen. Aurrez aurre nuen lurra, eta ez paper gainean idatzitako hitz hutsak.
Hurrengorako ikasi dut esan nion. Zuk berehalakoan antzemango zenion, ezta?
Staplesek gogokoen zuen gaia zen; zu zirikatzen ibiltzeaz gainera, hura zen benetan pizten zuen gauza bakarra. Petrolioa eta bere ardurapean egon zen lehen almazena aipatu orduko, guztiz aldatzen zen.
... ez zenuke sinetsiko, Frank. Munduko lur puskarik idorrena zen hura. Harritsua, errea, alferrik galdua. Orduan, aurkikuntza gertatu zen eta nekazari gaixo haiek, hilabete batzuk lehenago sabela betetzeko lain ere ez zutenak, ametsik ederrenean baino aberatsagoak ziren. Pentsa, milioi t'erdi dolarretan saldu zen hogeita hamabi bat hektareako lur-sail bat ikusita nago, eta...
Txistu egin nuen, harriduraz, esaten zuena etenez; galdetu nahi nion galderetako bat tartean sartuz.
Ez zuten ba denek dirutza hura kobratuko, ezta? Batzuek akaso goizegi salduko zuten edo...
Halaxe da, Frank. Halaxe. Amets guztiak ez dira gozoak izaten. Kasu askotan, nekazarien mutur aurrean berrogeita hamar edo ehun mila dolar astintzen zituen lehen tratulari alprojak...
Eskudirutan? txistu egin nuen berriz ere. Egia al da hainbeste diru erakusten zietela?
O, bai, baita diru gehiago ere. Efektu psikologikoa, badakizu; eta nekazari haiek ezikasiak ziren eta begitan hartuak zituzten banketxeak. Dirua tanka-tanka nahi zuten. Txeke bat... zera, paper puska hutsa zen beraientzat.
Eta zertarako nahi zuen dirua tankera horretako jendeak? esan nion. Apostu egingo nuke gehienek ez zekitela zer arraio egin diruarekin zorroan sartu ondoren.
Egia. Egia osoa, Frank. Zuk edo nik, tira... inoiz hainbesteko dirutza eskumenean izateko aukera banu... isildu egin zen, hasperenka, eta zopa jaten jarraitu zuen. Bai, Frank. Halako esperientzia batek eraman onekoa ez den edozein zaputz dezake betiko. Hantxe nengoen ni, bizitzako gauza onenak maite dituena, batere sosik gabe. Eta astakirten haiek berriz, diruz josita eta zer egin jakin gabe. Kasu guztietan, ez zuten bizitzeko gauzarik premiazkoena ere erosi. Betidanik bizi izan ziren moduan bizitzen jarraitu zuten, eta milaka eta milaka dolar pilatu zituzten.
Keinu egin nion.
Seguru nago hura ikusteak zure onetik atera zintuela, Staples. Saltsa guztiaren erdi-erdian egon, eta batere tokatu ez.
O, saiatu nintzen, Frank buruari eraginez, serio-serio. Saiatu nintzen, bai, gogor gainera. Baina bolada hartan gaztetxo eta inuxente samarra nintzen. Trakets samarra. Ahalegindu orduko, beste almazen batera bidali ninduten.
Beste trago bat hartu nuen Staplesek mokadua bukatzen zuen bitartean. Orduan hotelera alde egin zuen, eta ni etxerantz abiatu nintzen. Oraindik ez nuen ezertxo ere jan, baina nahiko ondo nengoen. Staplesekin izandako berriketak nire asmoarekin jarraitzeko berotu ninduen.
Baina egia esan, ezertxo ere ez nekien. Monak gogoratzen zituen, edo ustez gogoratzen zituen bizpahiru gauza haiek, eta atsoari entzundakoak. Nekiena kontuan hartuz gero, eta Staplesek esandakoa gaineratzen banion, bat zetorren guztia.
Garai batean hegoaldean bizi izan omen men... Mona, atsoa eta gogoratzen ez zuen beste pertsona batzuk: gurasoak, seguruenez. Hegoaldean behar zuen izan, bero egiten baitzuen eta gauzek luzeago irauten baitzuten berde... hala gogoratzen zuen, edo uste zuen, behintzat. Eta dorretxoak zeuden petrolio zulagailuak eta... Eta akabo, han bukatzen zen gogoratzen zuen guztia. Zergatik jarri ziren han bizitzen, batek daki; hutsune bat zegoen, beraz, kontakizun hartan. Baina ez nion garrantzi handirik eman, eta gainerakoa, sinesgarri samarra zen.
Petrolioa aurkitu omen zuten hegoaldeko etxeko lurretan. Atsoak ehun milagatik saldu zuen lurra. Edo beharbada gehiago eman zioten, eta ehun mila horiek bakarrik gorde zituen. Sorgin zitala. Dolar bakarra askatzeko mixerableegia, eta askatuz gero ere, zer arraio erosi jakingo ez lukeena. Ehun mila dolarren gainean bizi zen, eta iloba puta modura erabiltzen zuen sos batzuk ateratzeko.
Bai, hala zen.
Nik hala izatea nahi nuen behintzat; hortaz, hala zen.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea