7
Nire emazteak? Nik ez neukan emazte batek dirua tanka-tanka eman zuela? Arraioa, ezin zitekeen. Ez zukeen egingo, ahal izan balu ere.
Staplesek adi-adi begiratu zidan.
Ez zenekiela esan nahi al didazu? Ez al dizu esan zu askatzeko ahaleginetan zebilela?
Poz arrastoa nabaritu nion ahotsean. Ez nekien zer gertatzen zen, edo zein zen haren asmoa. Horrelako tipo batekin, ez da komeni barrua hustutzea.
Zera esan nion, banekien emaztea dirua aurkitu nahian zebilela, baina ez nuen uste lortuko zuenik. Zuk esandakoa da. Batek ez daki zer egin dezakeen, beharrean aurkitzen den arte.
Mmm baietz egin zuen, nire aurpegia miatuz. Pentsatzen ari nintzen nire artean. Pertsona batzuk deitu zuten almazenera zutaz galdezka. Zerrendatik erosi eta salgaiak noiz bidaliko zain zeudenak. Gertatutakoa esplikatu nien, zure ezbeharraren berri eman nien, eta...
Primeran! esan nion. Zergatik ez duzu egunkarietan iragarri?
Aditu, Frank. Nik lagundu egin nahi nizun, besterik ez. Oso koipezalea izaten zara nahi duzunean. Eta bururatu zitzaidan, agian zure bezeroren batek lagundu nahiko zintuela beharraldi honetan.
Buruari eragin nion. Tipoa kaskotik nahastuta zegoen erabat.
Bai, dudarik ez esan nion. New Yorkeko denda dotore batean lan egiten dudanez, bezero milionarioak ditut. Ez dut inor ostikatu behar izaten dolar bakarreko ordainketa ziztrinak kobratzeko.
Tira irribarre egin zuen, lotsati. Ez da harritzekoa etsiak hartuta egotea. Baina... nik zera esan nahi nizun, ez dudala uste zure emaztea deitu zizutenen artean zegoenik.
Eta zer? esan nion.
Ezer ez esan zuen airean. Jakina, espetxetik deituko zenion. Harrigarri samarra iruditu zitzaidan emazteak ez deitzea eta ondoren dirua bidaltzea beste emakume batekin. Nire artean esan nuen, seguruenez, e...
Sorbaldak altxatu nituen. Harrigarri samarra iruditu zitzaiola!
Gauzak argitzera etorri naiz esan nion. Ez nion emazteari deitu. Bezerotzat ditudan marizikin eta plater-garbitzaile guztiei deitu nien, eta berehalakoan ordaintzen ez bazuten, haienak egin zuela esan nien.
Benetan? besoan ukitu ninduen. Izan ere, emakume hura, neska, dirua ekarri zuena, ez zen batere itsusia. Narras samarra eta zarpaila, baina ez zegoen gaizki, halere.
Frances Smith izango zen orduan esan nion. Aldameneko neska. Joycek ziurrenez lanen bat aurkituko zuen, eta Frances bidali diruarekin.
Zigarro bat piztu nuen, eta nahi gabe bezala, lurrera bota nuen poxpoloa. Azeri begiratu jakinzalea desagertu zitzaion begietatik.
Aditu, Frank. Hemen zaudenez...
Hemen nagoenez esan nion, zor dizkidazun sosak jasoko ditut.
Baina, Frank bota zidan. Ez zara ba nirekin haserre egongo? Lana uzteko asmotan al zabiltza?
Aizu esan nion. Nik uste nuen...
Baita zera ere. Seguru nago aurrerantzean ardura handiz jokatuko duzula; hala beharko. Lanera itzul zaitezke oraintxe bertan, nahi baduzu.
Leher eginda nengoela esan nion; nahiago nuela astelehena arte itxaron. Hogei dolar eman zizkidan aurrerapen gisa, eta etxera joan nintzen.
Etxeak zabortegi usaina zuen. Lizunaren eta janari ustelaren kiratsa. Hozkailua garbitu nuen, barrukoa ontzi zaharretan pilatu eta mahai gainean jarri nuen. Orduan, dena mahaizapian bildu, ontziak eta zartaginak eta abarrak, eta zakarretara bota nuen fardela.
Leiho guztiak ireki nituen, eta maindireak zintzilikatu nituen. Gauza mordoa zegoen oraindik egiteko; leku hartan ez zen inoiz lanik faltako. Uztea erabaki nuen ordea. Ahul samar nengoen, hainbesteko neke eta estuasuna bizi ondoren. Nekatuegia nengoen zeinek atera ninduen edo zergatik egin ote zuen pentsatseko.
Hutsegite handia izan zen beharbada.
Ilundu egin zuen. Leihoak itxi nituen, eta kontrako leihoak ere bai. Ez nuen gehiegi jan espetxean egon nintzen bitartean; ezin nuen zabor hura irentsi. Gosetuta nengoen beraz. Baina armairuan putzik ere ez zegoen, kafea eta litro laurden bat whisky baino ez. Whiskya eraman nuen sofara eta zurrut egin nuen.
Etzan egin nintzen eta oinak altxatu nituen. Beste zurrutada bat egin eta zigarro bat erre nuen, joandako gaua nola eman nuen eta une hartan askoz hobeto nengoela pentsatzen nuen bitartean; batek ez du inoiz jakiten noiz dabilen ondo, pentsatu nuen nire artean, eta beharbada ni ez nintzen hain gaizki moldatu.
Lasaitzen hasi nintzen. Eta kezkatzen berriz ere.
Zein arraio ezagutzen nuen nik...
Zein demontre izan ote zen...
Norbait zetorren bidean gora. Lasterka, ia. Bidean eta eskaileretan gora, eta atarian barrena. Jauzi egin nuen eta atea zabaldu nuen zapla.
Mona! esan nion. Mona, ume. Zer ari...?
Dolly, Dolly! atzera eta aurrera kulunkatzen zen, ni besarkatuz. Ez ote zi-zinen, ez ote zinen hemen beldur nintzen eta... Ez iezaiozu utzi ni harrapatzen, Dolly! Eraman nazazu hemendik! Lagun iezadazu ihes egiten. Dirua daukat, gu biontzako adina, Dolly! Fa-faborez, faborez, faborez...
Zaude! Zaude pixka batean! esan nion, eta sorbaldetatik heldu nion. Lasai zaitez, neska. Ahal dudana egingo dut, laztana, baina jakin beharra daukat...
Har ezazu, Dolly! Har ezazu den-dena, baina eraman nazazu zurekin.
Eskuak sartu zituen bere beroki zahar zarpaileko poltsikoetan. Berriz ere atera zituen eta dirua erori zen nire magalean, bosteko, hamarreko eta hogeiko diru pilo zimurrak.
Fa-faborez, Dolly! Egingo al duzu? Hartu dirua eta eraman nazazu...
Baietz ba esan nion. Ziur egon zaitez. Baina lehendabizi gauza batzuk argitu behar ditugu. Izebari kendu al diozu dirua?
B-bai. Hau eta bestea, almazeneko gizonari eman niona. Ez ne-nekien zer pentsatu bueltatu ez zinela ikusi nuenean. Ziur nengoen gauza ikaragarriren bat gertatu zitzaizula. Bueltatuko zinela agindu zenidan eta banekien, ahal izanez gero, ez zenuela emandako hitza jango. Zu bezalako gizon a-atsegin eta zintzo batek ez lu-luke...
Ahotsa moteldu zitzaion. Eskua laztandu nion, ezinegonak hartuta.
Bai, jakina esan nion. Ezin izan nuen agertu, ulertzen al didazu?
Ho-horregatik zure telefono zenbakia bilatu nuen eta hona deitu nizun. Behin eta berriz deitu nizun. Eta az-azkenean, gaur, almazenera deitu dut, eta gizonak esan dit...
Gainerakoa arrapaladan irten zitzaion:
Staplesek nire berri eman zion. Neskak bazekien atsoak non gordetzen zuen dirua. Ni itzaletik ateratzeko adina diru lapurtu zion, baita etxera ekarri zidana ere. Guztira bostehun edo seiehun bat dolar izango zen diru harekin eta ni lapurreta kargutik libre utzi berria elkarrekin hanka egitekoak ginen. Zoriontsu biziko ginen ondoren, betiko.
Nik hala nahi nuen, Mona desiratzen nuen; eta barru-barrutik eskertzen nion egindakoa. Baina, ze kristo, nola egingo nuen?
Niri begira zegoen, begiekin erregutzen zidala.
E-ez al duzu nahi, Dolly? Horregatik esan al zenidan ezkonduta zeundela... e-ez ninduzulako maite? Behin eta berriz deitu dut hona, eta inortxok ere ez...
Ez, ez nizun gezurrik esan esan nion. Emazteak utzi egin nau. Orain ez du zeresanik nire kontuetan, arazo hori konponduta dago, beraz. Baina...
Hil egingo nau jakiten duenean, Dolly! Nik hartu dudala jakingo du, eta... negarrari eman zion berriz ere, negar-zotin isil errukarria, labana baten modura erdibitzen ninduena. E-ederki, Dolly. Ez za-zaitut gaizki sen-sentiarazi nahi. Jakin behar nuen e-ezin nuela zure gus-gustoko...
Bihotza esan nion. Entzun iezadazu, maitea. Ez dago zugatik sentitzen dudana adierazten duen hitzik. Maite zaitut, aditu? Sinetsi behar didazu. Horregatik ibili behar dugu patxadaz kontu honetan, bide okerretik abiatzen bagara, zuk esan duzun modura, ez baikara sekula elkarrekin egongo. Espetxean sartuko gaituzte biok.
Baina...
Entzun iezadazu. Utzi niri galderak egiten, eta zuk erantzun... Ez al zinen gaur iluntzean erosketak egitera joatekoa? Ederki ba, denda itxita zegoen eta beste batera joan behar izan duzu. Baduzu aitzakia. Eta orain, zure izebak ezkutatuta zuen diruari dagokionez, berak ez daki zuk bazenuela haren berri, ezta?
E-ez. Baina...
Erantzun nire galderei. Non gordetzen du? Eta nola jakin zenuen?
Sotoan gordetzen du. Ohol eta kaxa zahar batzuen atzean. Behin batean han behean nengoen, berogailua garbitzen, eta izebak ez zekien ni han nengoenik. Oholak eta kaxak kendu zituen, eta horman zulo bat zegoela ikusi nuen eta barruan dirua. Maleta txiki antzeko baten barruan. Dirua atera zuen eta zenbatu egin zuen, marmarka eta biraoka, burutik jota balego bezala, e-eta... beldurrak akabatzen nengoen, Dolly! Ikusiko ni-ninduen beldur nintzen eta...
Bai, noski esan nion. Zekenaren saiotxoa egiten, e? Ez al duzu berriz ere han behean ikusi? Noiz izan zen azken aldia?
Hura. Hura izan zen bakarra, duela hiru bat hilabete edo. Eskailerak oso irristakorrak dira, eta neu joaten naiz beti ezer behar dugunean...
Bai, noski. Ez al zara konturatzen, laztana? Lasai zaitez. Oraingoz dena ondo dabil. Ze kristo, urtebete igaro daiteke sosak falta direla konturatzen den arte.
Nora iritsi nahi nuen konturatu zen, eta etsipenean erori zen berriz ere. Beharbada ez zen urterik igaroko. Ez eta egunik ere. Andre zaharra sosak han ote zeuden begiratzen egon zitekeen une hartan bertan, eta...
Ixo esan nion. Aditu, maitea? Isiltzeko esan dizut, kasu egidazu... Zure izebak ez daki dirua hartu duzunik. Eta ez du jakingo. Lanera itzuliko naiz astelehenean. Ni ateratzeko kendu dizkiozun hirurehun dolarrak eta koska, hilabete barru izango ditut gutxi gorabehera. Zorroan sartuko duzu atzera, eta ekarri duzuna gaur bertan bueltatuko duzu...
Ez! Nik...
Bai! Ez al duzu ulertzen, laztana? Ez dugu beste irtenbiderik. Ez bazara gaur iluntzean etxera joaten, atsoa sosen bila hasiko da behingoan. Horixe izango da bururatuko zaion lehen gauza. Zuk hartu duzula jakingo du, eta poliziak berehala atxilotuko zaitu... Ez duzu halakorik nahiko, ezta? Konturatzen zara arrazoi dudala, ezta?
B-bai. baietz egin zidan buruarekin, gogoz kontra. Be-benetan...benetan maite al nauzu, Dolly?
Erakusteko beta izan nahi nuke esan nion, eta ez ziren hitz hutsak. Baina aspaldi alde egin duzu etxetik. Eraman egingo zaitut atzera, erosketa gunera, eta pare bat egun barru elkartuko gara. Nahi adina denbora izango dugu orduan.
Dirua sartu nion berriz ere poltsikoetan, laztanduz eta txantxetan, ostera irribarre egin zuen arte. Urduri samar zegoen oraindik eta izututa, baina moldatuko zela uste zuen. Logela beheko oinean zuen. Atsoak goian egiten zuen lo, eta behin lotara igoz gero, ez zen jaisten.
Aise egingo duzu esan nion. Ez duzu zertan kezkatu, bihotza. Ekatzu muxu handi bat eta abiatuko gara.
Muxu eman genion elkarri. Kotxea gidatu nuen hirirantz. Burua nire sorbaldan jarrita joan zen, ia ezertxo ere esan gabe; buruhausterik ez balu bezala. Eta niri halaxe ikustea gustatzen zitzaidan, jakina. Ni ordea, ez nengoen hain ondo.
Monak ez zekien zenbatetan zenbatzen zuen izebak dirua. Behin bakarrik harrapatu zuen, baina seguruenez beste batzuetan ere ibilia zen atsoa, neskak ezertxo ere jakin gabe. Atsoak dirua zenbatu zezakeen, Mona erosketak egitera bidaltzen zuen bakoitzean. Halaxe egingo zuen, dirua gogotik gustatzen zitzaion emakumea baitzen. Eta nik hirurehun eta berrogeita bostak itzuli baino lehen egingo balu...
Bost minutu baino ez lituzke beharko Monari zaplastekoka egia ateratzeko. Staplesek dirua bueltatu beharko zuen, eta ni espetxera bueltatuko nintzen. Delitu bikoitzagatik, seguruenez: almazenari lapurreta egiteagatik eta Mona lapurtzera behartzeagatik.
Ez ote nuen bide txarra hartu pentsatu nuen nire artean.
Ez zitzaidan besterik bururatzen.
Jakina, sorgin zaharrak dirutza balu, bestela pentsatuko nuen. Milaka dolar balitu ehundaka izan ordez behar bezalako zerbait egiteko adina, badakizu, arriskatzeko beldurrik ez izateko adina zera, orduan jakingo nuen bai zer egin. Puta zahar nazkagarri eta zatarra zen. Eskarmentua merezi zuen atsoak, eta neronek emango nion. Eta... eta, ze arraio! Ez zuen zertan oso arriskutsua izan behar. Arriskutsua, bai, baina ez asko. Pete Hendricksonek ere eskarmentua merezi zuen; eta Pete ez bazen biktima izateko jaio, itsu nenbilen ni.
Bai, jauna, banekien nola erabil nezakeen Pete. Plan bat sortu zitzaidan buruan, ia batere pentsatu gabe. Baina ehundaka gutxi batzuengatik... ez dakit. Milaka batzuk balira ere. Halakorik egitea lortuko banu inoiz, jesukristoren mauka izango litzateke. Harrapakin bakarra hartu, eta gero Mona, eta...
Bapatean, zerbait bururatu zitzaidan.
Bihotza esan nion. Mona, laztana. Ba al du izebak bestelako dirurik etxean? Hain gutxitan sartzen badu atzaparra sotoko ezkutalekuan...
Hara dudan-mudatan neska, izango du beharbada; logelan gordeko du, seguruenez. Ez dakit, atea beti giltzapetuta baitu, eta ez dit inoiz sartzen uzten.
Hm-mm egin nuen. Diru mordoa izan behar du, ez al duzu uste? Izan ere, zuen bion eguneroko gastuak ordaindu behar ditu, eta...
Ez dira gastu handiak. Arroza eta babarrunak jaten dugu gehienetan, eta merkeak diren gauzak. Bazter guztietan egin behar izaten ditut erosketak... dendak botatzeko zorian dauden gauzak erosten ditut. la ez dugu ezertxo ere gastatzen.
Bai, baina halere...
D-Dolly... hurbildu egin zitzaidan. Ez ni-nizun esan nahi, baina... egin behar izan dut... badakizu zer... askotan. Aspaldidanik egin behar izan dut. Be-behartu egin ninduen, eta horregatik...
Jainkoaren izenean! Pentsatze hutsak gaixotu egiten ninduen. Ume gaixoa putatzat erabiltzea, neska koxkorra zenetik putatzat erabiltzea...
Ahaz ezazu, laztana esan nion. Ez duzu berriro egin beharko, ez ezazu gogoratu beraz. Niri ahaztu zait dagoeneko.
Iritsi ginen ia, neska utzi behar nuen erostetxeetara. Dardarka hasi zen berriz ere.
Beharrezkoa al da, Dolly? E-ezin al dugu dirua hartu, eta...
Buruari eragin nion.
Ez, bihotza, ezin dugu. Ezin dugu egin, benetan. Bidaiatu egin beharko genuke... gelditu gabe bidaiatu beharko genuke. Dirua beharko genuke bizitzeko. Ezingo genuke ekarri duzunarekin iraun. Ez da nahikoa, ulertzen al didazu?
Baina... tente-tente eseri zen, bira egin zuen eta ezinegonak hartuta begiratu zidan. Gainerakoa lor dezaket, Dolly. Askoz gehiago dago, eta hori ere ekar dezaket.
Zer! Ez al duzu esan...
Berak ez zuen ezertxo ere esan ordea. Sorgin zaharraren sos guztiak harrapatu zituelakoan nengoen. Ezer harrapatzekotan, hala egingo nukeen nik behintzat, eta hala egin zuela jo nuen.
Diru gehiago zegoen, beraz... mordoa. Baina beharbada ez. Zer esan nahi ote zuten 'askoz gehiago' hitzek ume harentzat?
Eskuak dardarka nituen bolantean. Estuago heldu nion, ahotsean urduritasunik ez nabaritzeko gogor borrokatuz.
Ez dezagun burua galdu, polit hori esan nion. Dolly zaharraren esku dago kontua, eta ez dugu zertan kezkatu. Esan... esan, zenbat dago etxean? Esan iezaiozu aitatxori, polita. Zer esan nahi zenuen esan didazunean...
Zera... kosk egin zion ezpainari, kopetilun. Kendu egin beharko diot almazenekoari eman niona, eta hemen dudan...
Jainkoarren! esan nion. Ez zaitez matematika kontutan hasi! Bota ezazu! Esan iezadazu zenbaki biribiletan.
Esan egin zidan.
Eskuak dardarka hasi zitzaizkidan bolantean. Espaloian gora igo nintzen ia.
Mona esan nion. Bihotza, polit hori. Eder hori. Esan iezadazu berriro.
Ehun... nahikoa ote da, Dolly? Ehun mila dolar?
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea