4
Lau gelako kobazulo batean bizi ginen, erostetxeak bukatzen ziren alderdian. Ez zen batere auzune dotorea, ulertzen duzu zer esan nahi dudan. Alde batean txatarra biltzeko orube bat genuen eta burdinbide itxi bat bestean. Baina hura nahikoa zen guretzat. Hantxe ondo ginen, beste edonon bezalaxe. Jauregi ala zerritegi, beti gauza berbera gertatzen zitzaigun. Hasieran txukun bazegoen, laster batean aldatzen zen.
Gu iritsi orduko, zerritegi bihurtzen zen.
Etxera sartu nintzen, eta berokia eta kapelua kendu nituen. Salgaien maletaren gainean utzi nituen hura garbi zegoen behintzat eta begiratu bat eman nion inguruari. Lurra eskobatu gabe zegoen. Hautsontziak zigarro-muturrez gainezka. Aurreko eguneko egunkariak batean eta bestean. Eta... ze arraio, dena hankaz gora zegoen. Zikinkeria eta nahaspila bazter guztietan.
Sukaldeko harraska ontzi zikinez bete-beteta; zartagin zikin koipetsuak suaren gainean. Orduantxe bukatu men jaten, hala zirudien behintzat, eta noski, gurina eta gainerakoa hantxe utziak zituen. Labezomorroak bapo ari ziren jan eta jan. Gustora bizi ziren labezomorroak gurean. Nik baino askoz gehiago izaten zuten sabela betetzeko.
Logelan begiratu nuen. Haize-erauntsi batek hankaz gora jarri zuela ematen zuen. Haize-erauntsi batek eta ifernuko madarikazioek.
Ostikada batez ireki nuen komuneko atea, eta sartu egin nintzen.
Egun ona zuela zirudien. Arratsaldeko zazpiak baino ez ziren, eta dagoeneko bazuen jantzirik soinean. Ez gehiegi ere; galtzerdi-liga bat, zapatak eta galtzerdiak. Nahikoa baino gehiago harentzat.
Ezpainetakoa irristatu zuen ezpainetatik, sendagaien armairuko ispilutik zeharka begiratzen zidan bitartean.
Hara esan zuen nekez beterik, etxeko jauna iritsi da eta! Eta modu onean, jakina.
Bale esan nion. Jantzi ezan atzera kamisoia. Ikusia haut, eta kale bazterretan hobeak ikusi ditudala esango ninake.
A bai? begiak sutan zituen. Putakume alena! Hirekin ezkontzeko zenbat tipo jator utzi nituen gogoratzen dudan bakoitzean...
Utzi? esan nion. Ohetik pasa esan nahiko dun, ezta?
Gezurti zikina! Nik ez diat sekula... ezpainetakoa konketan utzi, eta bira egin zuen niri aurrez aurre begiratzeko. Dolly esan zuen. Dolly, bihotza! Zer gertatzen zaiguk?
Guri? Zer esan nahi dun? esan nion. Egun osoa ematen dinat jo ta ke lanean. Leher eginda bukatu arte lan egiten dinat, eta zer arraio zeukanat trukean? Batere ez, ezertxo ere ez. Ez dinat jateko moduko otordurik, ez dinat ohe txukunik, ez eta lasai esertzeko lekurik ere, labezomorroak hanketatik igo gabe.
Aizak... kosk egin zion ezpainari. Bazekiat hori, Dolly. Baina behin eta berriz bueltatzen dituk zomorroak, hamaika alditan uxatzen baditut ere. Goizetik hasi eta ilundu arte lan egiten badut ere, leku honek itxura berbera izaten dik beti. Eta, hara, nekatu egiten nauk, Dolly. Alferrik duk saiatzea. Ez zegok lanean hasteko modurik. Harraska behin eta berriz ataskatzen duk, eta zirrikitu handiak zeudek lurrean, eta...
Eta izan ditugun beste etxeak, zer? Haiek ere txukun eta garbi izaten al hituen?
Ez gaituk inoiz leku txukun batean bizi izan, Dolly. Ez diat inoiz aukera izpirik izan. Beti bizi izan gaituk antzeko kobazuloetan.
Kobazulo bihurtu ditunala esan nahiko dun esan nion. Alferkerian ibili eta dena ifernura bidali eta gero. Bost axola zain, horixe dun. Ze kristo, ikusi izan bahu amak zein lekutan lan egin behar izaten zuen, zein txukun egoten zen gure etxea. Zazpi ume, ur hotza baino ez zuen etxebizitza batean, eta den-dena distiratsu eta zikinik gabe egoten zen...
Ederki! garrasi egin zidan. Ni ez nauk hire ama ordea! Ni ez nauk beste edozein emakume! Ni neu nauk, aditu? Ni, ni!
Harro egoteko modukoa iruditzen al zain? esan nion.
Ahoa ireki eta itxi egin zitzaion. Begiratu luze eta geldoa eman zidan, eta atzera begiratu zion ispiluari.
Ederki esan nion. Ederki. Printzesa xarmangarria haiz, eta ni alproja hutsa. Bazekinat ez dela erraza. Bazekinat askoz hobeto egongo ginatekeela diru gehiago irabaziko banu, eta hala nahi ninake. Ezin dinat ordea, eta ezin dinat ezertxo ere egin. Zergatik ez zionagu beraz daukagunari ahalik eta gehiena ateratzen?
Ez diat hitz bat gehiago esango esan zuen. Jakin behar nian alferrik zela.
Arraioa esan nion, barkatzeko esaten ari naun. Egun osoa eman dinat euritan, hi ohean etzanda hengoen bitartean, eta zerritoki madarikatu bat aurkitu dinat etxera etortzerakoan, eta nazka-nazka egina negon, nekatuta eta kezkatuta, eta...
Segi horretan esan zidan. Segi horretan.
Barkatzeko esan dinat! esan nion. Barkatzeko. Zer iruditzen zain orain hire zomorro horiek jatekotik uxatu eta afaria prestatzen badidan?
Presta ezak herorrek. Ez duk hire gustokoa izaten nik prestatzen dudana.
Ezpainetakoa utzi eta bekainetako arkatza hartu zuen. Oinaze min eta bizi batek ziztatu ninduen.
Joyce esan nion. Barkatzeko esan dinat, Joyce. Arren afaria prestatzeko eskatu dinat. Arren, ulertzen? Arren!
Segi ba eskatzen esan zidan. Atsegin handia duk ezetza ematea.
Aurrera jarraitu zuen bekainetako arkatzarekin. Ematen zuen ez nengoela han.
Bihotza esan nion, berriro esango dinat. Ez nenbilen txantxetan. Mugi ezan ipurdi hori sukaldera ahal dunan bitartean. Segi ezan ni izorratzen, eta gozoa jarriko haut.
Oso atsegina esan zidan.
Abisatzen dinat, Joyce. Azken aukera ematen dinat.
Gora etxeko jauna soinutxo bat egin zuen ezpainekin. Tori muxu bat, jauna.
Zartako galanta eman nion, inoiz ikusi duzun danbatekorik ederrena. Bira eginarazi nion eta atzerantz erori zen, ur zikinez beterik zegoen bainu-ontziaren barruan. Hura piura zuena gajoak.
Atearen ondoan jarri nintzen, barrez. Lauoinka irten zen bainu-ontzitik, xaboi aparra zurruztaka erortzen zitzaiola, eta toaila bat bilatu zuen. Ez nion minik egin, ez horixe. Ze kristo, egundoko zartakoa eman izan banio, burua txikituko nion eta.
Lehortzen hasi zen, hitzik ere esan gabe, eta nik barre egiteari utzi nion. Orduan, barrez lehertzeko moduko zerbait esan zuen, baina halere, triste samarra. Pentsakor eta isil-isilik esan zuen, munduko gauzarik garrantzitsuena balitz bezala.
Hauxe huen nire azken galtzerdi pare ona, Dolly. Nire galtzerdi pare bakarra hondatu duk.
Aa, tira esan nion. Beste pare bat emango dinat. Bazeuzkanat batzuk maletan.
Ezin dizkiat horietakoak jantzi. Desegoki geratzen dituk orkatiletan. Batere gabe joan beharko diat.
Joan? esan nion.
Banihoak. Orain. Gaur iluntzean. Ez diat hiregandik ezertxo ere nahi. Erlojua eta eraztuna bahituko dizkiat, behar adina aterako diat lanen bat topatu arte irauteko. Zera nahi diat, hemendik alde egin.
Ederki, esan nion, tuntuna izateko hala nahi bazuen: burutik egina zegoela.
Nire ustez ondo pentsatu behar huke. Hemen geratu behar huke lanen bat aurkitu arte. Badakin ez dagoela nightclub-ik herri kaskar honetan.
Aurkituko diat zeozer. Ez zegok herri honetan geratu behar dudala agintzen duen legerik.
Zergatik ez dun lehenago lanik bilatu? esan nion. Inoiz ezer egin izan bahu, laguntzen saiatu izan bahintz...
Zergatik? Zergatik egin behar nian ba? Kalera irten eta lanean ibili behar al nian sekula hitz goxo bat esateko gauza ez den tipo batentzat? ozenago hitz egin zuen eta gero isilago berriz ere. Ederki, Dolly, oraintxe esan diat. Ni neu nauk, ez beste inor. Aitortzen diat gauza mordoa egin behar nituela, baita hik ere, baina ez dizkiagu egin eta ez genizkiake egingo berriz hasiko bagina ere. Barka iezadak orain... utz iezadak pixka bat txukuntzen...
Zergatik jokatzen dun orain hain apal? esan nion. Oraindik senar-emazte gaitun.
Ez gaituk luze izango nire esku badago behinik behin. Alde egingo al duk, arren, Dolly?
Sorbaldak altxatu nituen eta aterantz joan nintzen.
Ederki esan nion. Herrira nihoan zeozer jatera. Ondo ibili eta goraintziak eman itzalean sartzen hauten mutilei.
Dolly... horixe bakarrik esan al dezakek honelako mementu batean?
Zer nahi dun ba nik esatea? Dona, dona, katona?
Ez al didak... Ez al didak muxu emango joan baino lehen?
Buruarekin keinu egin nion ispiluari.
Horri? esan nion. Ezta txoratuta ere.
Irten egin nintzen komunetik eta inuxente moduan bira egin nuen; konturatu nintzenerako lurra garbitzeko eskuila batek jo ninduen buruan. Jesukristoren mina egin zidan, eta garrasi egiten zizkidan sastarkeriek ere ez zidaten batere laguntzen. Baina ez nuen berriro astindu, eta ez nion merezi zuen moduan erantzun. Nahikoa esan nuen, nire usterako. Nahikoa egin nuen.
Maleta kotxean sartu, eta hirirantz alde egin nuen.
Ordu pare batez ibili nintzen ezertxo ere egin gabe, jaten eta nire kontuak faltsutzen, eta ondoren, etxera itzuli nintzen.
Joana zen baina bere arrastoa hantxe zegoen. Zerbait utzi zidan ni berarekin akordatzeko. Logelako leihoak zabal-zabalik zeuden, eta ohea blai egina. Nire jantziak... tira, ez zitzaidan jantzirik geratzen.
Tinta isuri zuen nire alkandoretan. Guraize pare bat hartu eta zulo handiak egin zizkion nire trajeari, nik nuen beste traje bakarrari. Gorbatak eta eskuzapiak txiki-txiki ebakita zeuden. Galtzerdi guztiak eta barruko arropa komuneko zuloan sartuta.
Oso neska atsegina, ez al nizun ba esan? Nire bihotzeko azukre-koxkorra. Goxoa jarriko nuke berriz ere topo egingo bagenu.
Lanari ekin nion, gauzak ahal nuen moduan konponduz, eta goizeko ordu biak edo izango' ziren garbiketak bukatu eta egongelan etzan nintzenerako. Leher eginda, haserre, kezkatsu. Ez zuen ez bururik ez hankarik. Ez bazitzaion tipo bat gustatzen eta ez bazuen berarekin ondo konpondu nahi, zertarako hartu ote zuen nekerik lepotik harrapatzeko?
Houstonen ezagutu nuen duela hiru bat urte. Astekariak saltzen zituen enpresa bateko arduraduna nintzen artean, eta Joycek zigarroak saltzen zituen dantzaleku kaskar batean; eta ni ia gauero agertzen nintzen handik trago bat hartzera. Hasiera bertatik hasi zen nirekin jolasean.
Nire mahai ingurutik ibiitzen zen modua ikusita, batek esango luke bera zela hautsontzia. Ez nuen ez tragorik hartuko, basoko kristaletik zehar bera ikusi gabe. Gauza batek bestea ekarri zuen, eta lanetik etxera eramaten hasi nintzen. Zer egin behar nuen ba, bere burua behin eta berriz eskaintzen zidan neska batekin? Etxeko atarian utzi nuen gau batzuetan, eta, halako batean, sartzen utzi zidan behin. Inoiz ikusi dudan apartamentu politena zuen. Neskame zerbitzua omen zuten leku hartan, eta bera bakarrik bizi zenez gero, oso txukun izaten zuen. Ez ezazu uste ordea, lekua miatu nuenik. Besterik nerabilen nik buruan. Esan egin nion beraz, egingo al dinagu, bihotza, eta... zapla! Egundoko matrailekoa eman zidan. Zutitu egin nintzen alde egiteko asmotan. Negarrez hasi zen. Nik nahi nuena eginez gero, ez nuela neska jatorra zenik pentsatuko esan zidan; ez nukeela berarekin ezkondu nahiko eta aurpegiratu egingo niola ondoren. Nik erantzun nion, tira, tira, laztana. Nor uste duzu naizela...
Ez, zaude pixka batean! Goitik behera nahastu naizela uste dut. Dorisek jokatu zuen horrela, Joycerekin ezkondu baino lehen emazte izan nuenak. Bai, Doris izan zen, edo Ellen akaso? Axola gutxi du horrek, denak antzekoak ziren eta. Berdintsu jokatu zuten denek. Esaten ari nintzen bezala: esan nion: «Zein uste duzu naizela?» Eta berak esan zidan... esan zidan... «Atsegina zarela uste dut». Eta.. .
...Oheratu egin nintzen.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea