3

 

        — Zertan arraio uste duzu ibili naizela? —esan nion—. Nik ez dut egun osoa eserita eman bulego lehor eta atsegin batean. Emaidazu denbora pixka bat, Jainkoarren.

        Telefonoa mutu egon zen puska batean. Orduan Staplesek goxo-goxo barre egin zuen.

        — Ez gehiegi, Frank —esan zuen—. Zergatik ez zara pixka bat ahalegintzen lanean ari zaren bitartean? Erabil ezazu buru argi hori. Ez dakizu nolako poza emango lidakeen bihar goizean Hendricksonen dirua ekarri duzula ikusteak.

        — Bat gatoz orduan —esan nion—. Gogor saiatuko naiz.

        Gabon esan nion, eta telefonoa eskegi nuen. Garagardoa bukatu nuen, gehiegi gozatu gabe.

        Aholku bat ote zen hura, abisu bat? Zergatik zebilen hain tematsu bezero harekin? Hendrickson alproja hutsa zen, baina ez al ziren halakoak ia gure bezero guztiak? Oso gutxitan ordaintzen ziguten gogo onez. Tratua egiten zuten gurekin ezin zutelako beste inon zorrik utzi. Baina gutxienez ehunen bat zordun izanik, zergatik aukeratu behar ote zuen Staplesek tipo hura?

        Ez zitzaidan gustatzen. Bukaeraren hasiera izan zitekeen hura, espetxe bideko lehen urratsa. Bezero baten kontua faltsutzen harrapatuko banindu, beste batzuk ere faltsutu nituela pentsatuko luke. Gainerako guztiak egiaztatuko lituzke.

        Jakina, ez zen halakorik egiten zidan lehen aldia. Gustatzen zitzaiola esango nuke. Buru-belarri lan egiten duzu, eta jar dezagun egun ona izaten duzula. Ba, eskerrona jaso ordez, iluntze hartan eman zidatena jasotzen duzu. Badakizu. Agian horrelako tipoentzat lan egin izan duzu. Bost axola zaie egin duzun lana, eta beste zerbaitekin zirikatzen zaituzte. Hori da bururatzen zaien lehen alukeria. Lan jakin bat egin beharra dago, eta zeri begira zaude hor?

        Horixe... horixe behar zuen izan, erabaki nuen. Hala espero nuen behintzat. Staples asezina zen. Zenbat eta gehiago egin, are gehiago egin behar zenuen.

        Mostradorera hurbildu eta ordaindu egin nuen. Aterantz zuzendu eta euriari begiratu nion. Berokia hobeto itxi nuen. Prestatu egin nintzen kotxera lasterka joateko.

        Goiz iluntzen ari zuen, baina ez zen gau beltza oraindik. Ondo samar ikus zitekeen, eta hantxe ikusi nuen, eraikinaren kantoian. Laneko arropaz jantzitako tipo handi sendoa, zutik, eraikinaren teilatu azpian.

        Ezin nuen kotxera iritsi haren aldamenetik pasa gabe.

        Negutegitik hurbilegi gelditu nintzela pentsatu nuen.

        Tabernara itzuli nintzen, eta litro bat garagardo eskatu nuen etxera eramateko. Muturretik eutsi nion botilari, eta geldiro irten nintzen.

        Agian ez ninduen berehalakoan ikusi. Edo agian indarberritzeko ahaleginak egiten ari zen, besterik gabe. Halere, ni bere parean jarri arte ez zen teilatu azpitik irten eta nire aurrean jarri.

        Gelditu eta atzera egin nuen.

        — Kontxo, Pete —esan nion—. Zer moduz zabiltza, motel?

        — Putasemea, Dillon —esan zidan—. Zuk nirri lana kendu, e? Zuk nirri lana kendu, baina harrapatu zaitut!

        — Aditu, Pete —esan nion—. Errua zurea da, adixkide. Zutaz fidatu gara, zurekin zintzo jokatzen saiatu gara, eta zuk...

        — Gezurra! Zaborra saldu zenidan. Trrajea txarra da, paperrarren modurra puskatzen da. Espetxea da zurre lekua, lapurr gezurrtia! Lan ona nuen, eta zurre zaborra orrdaindu ez nuelako... Nik... nik... konponduko zaitut, Dillon!

        Burua makurtu zuen, eskutzarrak ukabil bihurtu zituen. Atzera egin nuen berriz ere, eta gogorrago eutsi nion botilari. Bizkar atzean ezkutatuta neraman. Ez zuen oraindik ikusi.

        — Espetxea esan al duzu? —esan nion—. Bakar batzuetan izana zara, ezta, Pete? Segi ezazu alukerietan eta beste bat ezagutuko duzu!

        Itsumustuan esan nuen, baina geldiarazi nuen behintzat. Ordainerraz almazenetako bezero bat itzalean egona dela pentsatzen baduzu, ez zabiltza oso oker.

        — Eta zerr! —bota zidan—. Espetxean izan naiz, eta bete nuen zigorra. Horri beste kontu bat da. Zuk...

        — Eta bortxaketagatik zigortzen bazaituzte? —esan nion—. Esan ezazu, arraioa! Esan ezazu ez zenuela egin! Esan ezazu ez zenuela neska gajo gosekil hura bortxatu!

        Hurbildu egin nintzaion, esandakoa ukatzeko astirik eman gabe. Ondo baino hobeto nekien egin zuela eta pentsatze hutsak nire onetik ateratzen ninduen.

        — Esan ezazu, putaseme zatarra —esan nion—. Zatoz hona eta argituko dugu!

        Eta zarrapastaka etorri zitzaidan.

        Alde batera egin nuen, botilari makila baten modura eragiten niola. Oinek irrist egin zidaten lokatzean. Sudur gainean eman nion bete-betean, eta lurrera erori zen zabal-zabal. Baina eskubiko ukabilarekin jo ninduen erortzen ari zela. Bihotz inguruan eman zidan. Eta ez banu eraikinaren hormaren kontra jo, berarekin batera eroriko nintzatekeen.

        Makurtuta gelditu nintzen, iruditu zitzaidan ezingo nuela inoiz arnasarik hartu. Orduan, lasaitu nintzen pixka bat, eta balantzaka hurbildu nintzen Pete zegoen lekura.

        Ez zuen konortea guztiz galdu, baina borrokarako gogoa hoztu zitzaion hari. Ez zuen zentzurik hura berriro astintzeak edo buruan ostikada bat emateak. Lepotik heldu nion eta arrastaka eraman nuen hormarantz. Tinko eserrarazi nuen, euriak busti ez zezan eta kotxeek harrapa ez zezaten. Eta orduan garagardoa brast ireki nuen harri batekin eta eskuan jarri nion.

        Ez zen hura berak espero zuen tratua. Edo ohituraz izaten zuena. Zakur jipoituaren begiradarekin begiratu zidan. Pentsatu gabe —edo bihotzak eraginda agian— bost dolarrekoa atera nuen poltsikotik eta magalean utzi nion.

        — Sentitzen dut lanarekin gertatu zaizuna —esan nion—. Agian aurkituko dizut nik beste bat. ... Nahi al duzu saiatzea? Deituko al dizut ezer jakiten badut?

        Geldiro egin zidan baietz buruarekin, sudurreko odola xukatuz.

        — Nahi dut, bai. Baina... baina zerrgatikan, Dillon? Dillon jauna. Zerrgatikan egiten duzu hau eta gerro...

        — Ez nuen beste aukerarik —sorbaldak altxatu nituen—. Enpresak dirua kobratzeko eskatzen badizu, kobratu egin behar duzu. Zuk borrokatu nahi baduzu, nik borroka egiten dut. Nire kabuz erabakitzen dudanean, ikusten duzu. Aspaldi galdutako anaiaren modura tratatzen zaitut. Nire poltsikoko dirua ematen dizut, eta zuretzat beste lan bat bilatzen saiatzen naiz.

        Zurrupada eman zion garagardoari; eta gero beste bat. Korrokada egin zuen eta buruari eragin zion.

        — Ez dago ondo —esan zidan—. Zerrgatikan egiten duzu, Dillon jauna? Hain gizon jatorra zarra, zerrgatikan lan egiten duzu jende txarrarrentzat?

        Hortxe zegoela koska esan nion: ni hain tipo atsegina izanik, jende hura nitaz baliatzen zen. Ondoren lasaitzeko esan nion, eta etxera abiatu nintzen.

        Saihetsezurrek kristoren mina ematen zidaten, eta ezin nuen Staples burutik kendu. Baina sekulako oinazea eta kezka banuen ere, barrez hasi nintzen zalapartaka... Hura bai ateraldia! Jende guztiak behin eta berriz esaten bazidan tipo jatorra nintzela, sinesten hasiko nintzen. Gainera, ze arraio, hain barregarria al zen hura? Ze kristo iruditzen ote zitzaidan hain barregarria?

        Sekula ez diot inori kalterik egin, behar-beharrezkoa ez bazen behintzat. Bakean utzi izan dut jende mordoa, alderantziz jokatu behar nuenean. Gaur gertatutakoa, adibidez; har dezagun gaurko eguna. Ez zegoen gaizki, e? Horixe ezetz, ez jauna! Zenbatek utziko lukete Mona eta lagunduko liokete norbera akabatzen saiatu den tipo bati?

        Pete ez zen ergela. Ez nintzen ni, lana baizik. Eta ez nekien nola ihes egin, nola sartu nintzen ez nekien bezalaxe.

        Pentsatu al duzu inoiz nolakoak diren lanak? Zein tankerako lanak topatzen dituen jendeak? Morroi bat ikusten duzu zakurrei ilea mozten, edo beste bat jo ta ke, zaldi gorotza palakadaz jasotzen. Eta zeure artean diozu, zergatik ari ote da horretan zoritxarreko astazakila? Tipo argia dirudi, beste edozein bezain argia. Zergatik egin behar du horrelakorik bizimodua ateratzeko?

        Keinu bat egin eta burn gainetik begiratzen diozu. Jota dagoela pentsatzen duzu, ulertzen al didazu, edo ez duela inolako anbiziorik. Eta orduan zeure buruari begiratu luze bat eman, eta beste tipoaz izandako kezkak ahazten zaizkizu. Gaztea zara, hogeita hamar urte gazte izatea bada behintzat, eta ez zara makala. Ez zara oso ikasia, baina gora iristen diren askok baino gehiago dakizu. Eta hala bada ere —jasan behar izan duzun guztiarekin— ez zara askoz urrutiago iritsi. Eta zerbaitek esaten dizu, ez zarela askoz urrutiago iritsiko.

        Eta orain ezin duzu ezertxo ere egin konpontzeko, jakina, baina ez duzu itxaropenik galtzen. Ezin dituzu kezkak uxatu...

 

        ... Agian gehiegizko anbizioa zenuen. Agian hortxe zegoen koska. Ez zenituela berrogei urte eman nahi bulegari postutik presidente izatera iristeko zain. Horregatik izen eman zenuen argitaletxe hartan; kostalde batetik bestera ibili zinen aldizkariak saltzen. Eta gero eskuila kontu harekin egin zenuen topo ... ez zirudien kontu txarra. Eta horretan lan egin zenuen gauza hoberik aurkitu zenuen arte. itxura hobea zuena behintzat. Kafea eta tea komisiopean, mahai tresneria, aseguruak, argazki albunak, hilerrietako lur-sailak, artilezko salgaiak, lurrinak, eta Jainkoak daki zer. Batzuetan eskupekoaren zain egoten zinen. Urre salmentan aritu zinen. Aldizkarietara itzuli zinen, eskubiletara, eta kafea eta tea saltzera. Dirutza irabazten zenuen, berrehunen bat astero, batzuetan. Baina batez-bestekoa eginez gero, aste onak txarrekin batzen zenituenean, diru gutxi izaten zen. Berrogeita hamar edo hirurogei astero, tira, hirurogeita hamar beharbada. Gasolina partitzen edo barrazain gisa egin zitekeena baino gehiago, ziurrenez. Baina horretarako itoka ibili behar zenuen lanean, eta halere, leku berdinean zeunden. Oraindik hasierako toki berdinean. Eta gizona zinen jadanik.

        Herri honetara etorri zara eta iragarkia ikusi duzu. Saltzailea behar dugu atez ate saltzeko eta kobratzeko. Eskaintza ona langile amorratuarentzat. Eta asmatu duzula pentsatzen duzu. Lan egokia iruditzen zaizu; herria ere egokia da. Lana lortzen duzu, eta herrian bizitzen jartzen zara. Eta, jakina, oker zaude bai batean, bai bestean, gainerakoen antzekoak dira. Lana zatarra da. Herria zatarra da. Zu zatarra zara. Eta ezin duzu gauza arraiorik egin aldatzeko.

        Besteek egiten dutena baino ez duzu egiten. Zakurrei ilea mozten dienaren modura eta zaldi gorotza garbitzen duenaren modura. Gorrotatzen. Zure burua gorrotatzen.

        Itxaropenez.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Idoia Gillenea

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus