2
Lortu nuen azkenean neska lasaitzea. Mantala jazten lagundu nion eta ohearen ertzean eseri ginen, isilka hitz egiten genuen bitartean.
Izena Mona zuen, abizena berriz, Farrell, izebarena. Hura zen berak zekien guztia. Atsoak esan ziona baino ez. Ez zuen beste inorekin bizi izan zenik gogoratzen. Ez zuen bestelako senitartekorik, bere ustetan.
Zergatik ez duzu hanka egiten? esan nion. Izebak ezin zaitu geldiarazi. Arazo larriak izango lituzke saiatuz gero.
Baina... burua astindu zuen, emeki. Ez nuke jakingo zer egin, Dolly. Nora jo. E-ez nuke jakingo.
Arraioa, egin ezazu zerbait esan nion. Gauza mordoa egin dezakezu. Kamarera izan zaitezke. Zine batean laguntzaile. Dendaren batean saltzaile. Etxeko lanetan aritu, ezingo bazenu besterik aurkitu.
Badakit, baina... baina...
Baina, zer? Lortuko zenuke, laztana. Ez iezaiozu esan alde egin behar duzula, ez baduzu nahi. Alde egin ezazu eta ez bueltatu. Noizean behin irtengo zara, ezta? Ez zaitu egun osoan etxean edukiko?
Ez... bai esan zidan. Askotan irteten omen zen. Erdialdera eta auzunera, atsoarentzat erosketak egitera.
Orduan? esan nion.
E-ezingo nuke, Dolly...
Hasperen egin nuen. Ezin zuela baitzirudien. Etsita zegoen, ez zuen inolako kemenik. Norbaitek aldenduko balu leku hartatik, norbaitek lagunduko balio indarberritu arte...
Barkamena eskatu nahian begiratzen zidan. Apaltasunez. Begiekin erregutzen zidan. Lurrera begiratu nuen.
Zer arraio espero zuen ba nik egitea? Ordurarte egin nuena, egin beharrekoa baino askoz gehiago zen.
Hara esan nion, oraingoz ez zaizu okerrik gertatuko. Zilarreria utziko dizut hemen. Atso zaharrak ez dizu... ez dizu... bakea emango dizu egun batzuz.
D-Dolly! ...
Hobe izango duzu niri Frank deitzea esan nion, esku artean genuen gaia nolabait arindu nahian. Dolly barre egin nuen nire golkorako. Ez al da kristoren izena ni bezalako tipo itsusi batentzat?
Zu ez zara itsusia esan zidan. Zu eder... Horregatik jarri al zizuten izen hori? Hain gizon... hain gizon...
Bai esan nion. Tipo polita naiz ni gero. Astakilo eta burugogor samarra, eta aldatzeko esperantzarik gabea.
Atsegina zara esan zidan. Nik ez dut sekula inor atseginik ezagutu.
Mundua jende atseginez gainezka zegoela esan nion. Egundoko lanak izango nituen hura frogatzen, baina halere, esan egin nion.
Oso ondo moldatuko zara, behin hemendik alde egin eta gero. Zergatik ez duzu behingoagatik zure mesederako den zerbait egiten? Utziko al didazu laguntzen? Poliziari esango diot...
Ez! besotik hain estu heldu ninduenez, ia erori egin nintzen bertan. Ez, Dolly! Hitz eman behar didazu.
Baina, polita esan nion. Atsoak kontatu dizuna gezur hutsa da. Poliziak ez dizu kalterik egingo. Atsoak nahi duena...
Ez! Ez didate sinetsiko! Gezurretan ari naizela esango du, behartu egingo nau hori esatera, eta ge-gero... gero, bakarrik harrapatzen nauenean...
Neskaren ahotsa isiltasun ikaragarrian itzali zen. Besoarekin inguratu nuen.
Lasai, bihotza esan nion. Bururatuko zait beste zerbait. Zu zaude lasai eta... eten bat egin nuen, atsoak eskaintza berehalakoan egin zidala gogoratu bainuen. Inoiz egin behar izan al duzu honelakorik, Mona? Behartu al zaitu atsoak?
Ez zuen hitzik ere esan, baina gora eta behera egin zuen buruarekin. Aurpegi zuri fin hura zertxobait gorritu zen.
Ni bezala agertzen den jendearekin?
Baietz egin zuen berriz ere, gogoz kontra.
Ge-gehienetan...
Hura ez zegoen gaizki. Izebak tipo okerra aukeratu zuen betiko saioa egiteko egokia, egia esan eta itzalera bidaliko zuten, bizkor gainera.
Ez du ba berriro egingo esan nion. Ez, ez zaitut salduko. Izebak gauzak betiko moduan gertatu direla pentsatuko du. Hori da nire asmoa, ulertzen? Gauza polit mordo batekin itzuliko naiz, eta ez dut zuk kezkatzea nahi.
Burua altxa zuen berriz ere, eta bere begiek aurpegia miatu zidaten.
Benetan, Dolly? I-itzuliko al zara?
Ez al dizut ba esan? esan nion. Itzuliko naiz, eta aukera izan orduko aterako zaitut hemendik. Ondo prestatu beharko dut ordea, ulertzen al didazu? Korapilatsu samarra da niretzat gaur egun halakorik egitea. Hara... ezkonduta nago eta.
Baietz egin zidan. Ezkonduta nengoen. Eta zer? Bost axola zitzaion berari. Ez zen harritzekoa, pasa behar izan zituenak pasa eta gero.
Bai jarraitu nuen. Urteak daramatzat ezkonduta. Eta lanean ibiltzen naiz leher egin arte bizimodua ateratzeko.
Hura ere bost axola zitzaion. Nik berak baino askoz gauza gehiago nuela besterik ez zekien.
Neskaren jokabideak zertxobait mindu ninduen, baina halere gustatu zitzaidan. Hain fidakorra zen, hain seguru zegoen gauzak konponduko nituela, korapilatsuak baziren ere. Ez ninduen inoiz jende gehiegik aintzat hartu. Jende gehiegik? Batek ere ez, ze kristo!
Irribarre egin zidan, lotsati, hura zen ezagutu nuenetik egiazko irribarrea egiten zidan lehen aldia. Eskua hartu zidan eta bularrera eraman zuen.
Nahi... nahi al duzu, Dolly? Ez zait zurekin egitea inporta.
Hurrengoan agian esan nion. Hobe izango dut orain hanka egitea.
Irribarreak ihes egin zion. Galdetzen hasi zitzaidan ea besteena axola ote zitzaidan. Zer arraio axola behar ote zitzaidan erantzun nion, eta aho zabalik utzi zuen muxua eman nion.
Desiratzen bainuen, eta ez nuen itzultzeko asmorik. Eta neska batek hori eskaintzen dizunean eskaintzeko duen guztia kontu handiz ibili behar duzu ezetz esateko orduan.
Zilarreriaren kaxa atera nuen maletatik, eta apaintzeko mahaian utzi nuen. Beste muxu bat eman nion, ez kezkatzeko esan nion, eta alde egin nuen.
Sorgin zaharra, izeba, sarreran zegoen, irribarre egiten eta eskuak igurtzitzen. Muturreko galanta emateko gogoa izan nuen, baina, noski, ez nuen egin.
Horixe bai gauza ona han daukazuna, andrea esan nion. Ondo zain ezazu, gehiagotan etorriko naiz eta.
Barre egin zuen, arranditsu.
Ekar iezadazu beroki on bat, entzun, jauna? Ba al duzu negurako beroki onik?
Inork baino beroki gehiago daukat nik erantzun nion. Ez dira bigarren eskukoak, ulertzen, eta ez dut trukean bigarren eskukorik jaso nahi. Bueltatzen naizenean inor harrapatzen badut oilategian, akabo tratua.
Utzi nire esku, jauna esan zidan berehala. Noiz etorriko zara?
Bihar esan nion. Edo etzi, agian. Edozein mementutan agertzeko kapaz naiz. Ez iezadazu itsuskeriarik egin berokia nahi baduzu.
Ez zidala halakorik egingo agindu zidan.
Atea ireki nuen, eta lasterka abiatu nintzen kotxerantz.
Euria gogotik ari zuen oraindik. Ez zuela inoiz atertuko ematen zuen. Eta enpresari beste hogeita hamahiru dolar zor nizkion. Hogeita hamabi laurogeita hamabost, zehatz eta mehatz.
Primeran ari haiz, Dolly esan nuen nire golkorako. Bai horixe, Dillon, oso ondo ari haiz... Staples ergel hutsa dela uste al duk? Horregatik lortu zuela uste al duk, hi bezalako tipoak kontrolatzeko lana? Ez al dakik Ordainerraz almazenetako putasemerik maltzur eta zikoitzena dela?
Kaka zaharra, pentsatu nuen. Kaka zaharra eta putza.
Kotxeko martxa sartu nuen eta abiatu nintzen. Lau t'erdiak baino ez ziren. Nahi adina denbora nuen negutegira joateko eta Pete Hendricksonekin hitz egiteko, hark laneguna bukatutzat jo baino lehen.
Eta Petek ez bazuen zintzo jokatzen...
Bapatean, barre egin nuen nire artean. Eta aldi berean begitartea ilundu zitzaidan... Mona, neska gajo harekin izana zen tipoa; edozer jokatuko nuke. Atsoa modu hartan ordaintzen ahaleginduko zen, eta Petek ez zion ezetzik esango. Ifemura bidali zituen bere fakturak bere atzetik ibili behar izan nuen bazter guztietatik eta neska gajoarekin egin zuen. Eta egin izan ez bazuen ere, alproja hutsa zen halere.
Eta nik zor zigun azken txanponaren premia nuen.
Negutegiaren aurrean aparkatu nuen, bulegoaren aurrean, alegia. Kotxearen aurrealdean nuen paper mordoa eskuetan hartu eta bila hasi nintzen jarraian.
Peteren salmenta kontratua aurkitu nuen, behar izanez gero soldatarekin ordaintzeko betebeharra atxikita zuela. Ez zen berehala ikusten, letra txikiz idatzita baitzegoen, baina hantxe agertzen zen. Guztiz legezkoa eta ukaezina.
Bulegora eraman nuen eta Peteren nagusiari erakutsi nion. Makina txanpon-zulo baten modura ordaindu zidan. Hogeita hemezortzi dolar, pitzik ere esan gabe. Nire aurrean zenbatu zuen, eta gero atzera zenbatu nuen nik, eta han nengoen bitartean bulegari bati esan zion Peteren bila joateko.
Zenbaketa bukatu nuen berehala, eta hanka egin nuen.
Soldatarekin ordaintzeko betebeharra eta bahiturak... Nagusiei, jakina, ez zaizkie horrelako gauzak gustatzen. Ez zaie saltsa horietan sartzea gustatzen, eta ez zaizkie horrelako saltsetan sartzera behartzen dituzten enplegatuak gustatzen. Pete kale gorrian utziko zuen. Eta niri beste inon egotea komeni zitzaidan bidaltzen zuenean.
Kalean behera gidatu nuen, garagardotegi zulo bateraino. Garagardo pitxarkada eskatu nuen, atzealdeko mahai batera eraman eta erdia edan nuen trago batean. Orduan, bete gabe zegoen kontratu bat atera nuen mahai gainera, eta Mona Farrelli eskudirutan egindako hogeita hamabi laurogeita hamabost dolarreko salmentarekin bete nuen.
Zeozer konpondu nuen behintzat. Zilarreriaren kontua bukatuta zegoen, eta bost dolar nituen sobran. Euriak behingoz atertuko balu eta aste on batzuk izango banitu segidan...
Pixka bat hobeto sentitzen hasi nintzen. Ez nengoen hain triste eta etsita. Beste garagardo pitxarkada bat eskatu nuen, baina oraingoan patxadaz hurrupatu nuen. Mona zein neska atsegina zen pentsatu nuen, eta zergatik ez ote nintzen berarekin ezkondu, Joyce bezalako nazkante batekin ezkondu ordez.
Joyce. Hura bai tresna txarra. Marixikina, maripurtzilen erregina, ganoragabe galanta eta edozeini debalde emateko modukoa. Egundoko emakumea zela uste izan nuen, baina azkenaldian begiak zabaldu zitzaizkidan. Aitortu beharra daukat ergel samarra izan nintzela, baina laster igarri nion. Joyce... Joyce bezalako emakume alfer, zikin, berekoi eta zarpaila nuen emaztetzat.
Zergatik ez ote zen Mona?
Zergatik okertzen ote zitzaidan guztia, asmatu nuela pentsatzen nuen bakoitzean?
Erlojuari begiratu bat eman nion. Seiak hamar gutxi. Telefonora hurbildu nintzen, eta almazenera deitu nuen.
Staplesen ahotsa nahasezina zen. Koipetsua, maltzurra, ahots mamitsua. Salmenta bat bukatu nahian nenbilela esan nion, eta ezingo nuela hurrengo goiza arte agertu.
Ongi da, Frank esan zidan. Zer moduz, halere? Ba al duzu Hendricksonen arrastorik?
Oraindik ez gezur esan nion, baina nahiko egun ona izan dut gaurkoan. Zilarreria bat saldu dut eskudirutan.
Oso ondo esan zidan. Hendricksonen berri izango bazenu orain.
Ahotsak geldiro ahoskatu zuen izena. Azpimarratuz. Zortzi kilometrora zegoen tipoa, baina aurrez aurre nuela iruditzen zitzaidan. Irribarrez, niri begira, nire burua noiz salduko nuen zain.
Zer gertatzen da, Frank? esan zidan. Zer gertatzen da Hendricksonek zor dizkigun hogeita hemezortzi dolarrekin?
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea