1
Kotxetik jaitsia nintzen eta atarirantz nindoala, hantxe ikusi nuen emakumea. Ateko gortinen artetik ari zen zelatan, eta tximistargi batek kristal iluna argitu zuen une batean. Aurpegia argazki batean balu bezala ikusi zitzaion. Ez zen inola ere argazki polita, ez horixe; ni bezain urruti zegoen edertasunetik hura. Baina zerbaitek erakarri ninduen. Estropoza egin nuen zulo batean, eta muturrez aurrera erori nintzen ia. Berriz ere begiratu nuenerako, joana zen, eta gortinak geldirik zeuden.
Herrenka igo nituen eskailerak, salgaien maleta lurrean utzi eta txirrina jo nuen. Atetik atzera egin nuen eta hantxe gelditu nintzen zain, irribarrerik gozoena prestatzen, eta inguruari begiraldi bat ematen.
Antigualeko etxe handia zen hum, estatuko unibertsitateko kanpusetik gutxi gora behera kilometro batera zegoena, eta hura zen etxadian zegoen bakarra. Itxura eta zegoen tokia kontuan harturik, garai batean beharbada basetxe bat izan zela pentsatu nuen.
Txirrina zapaldu nuen ostera. Behatzari eutsi nion, etxe barruan egiten zuen zarata entzuten nuen bitartean. Sarezko atea indarrez ireki nuen eta ate joka hasi nintzen. Tankera horretako gauzak egiten zenituen «Ordainerraz» almazenetarako lan egiten zenuenean. Ohitu egiten zinen zu ikusi orduko jendea ezkutatzen zela ikustera.
Atea ireki zen oraindik joka ari nintzela. Begiratu bat eman nion han agertu zen andreari eta atzera egin nuen bizkor. Ez zen nik ikusitako gaztea, gortinen artetik zelatan ikusi nuen neska kezkatia. Atso zahar bat zen, putre baten moduko mokoa zuen eta begi txiki gaiztoak, bata bestearen ondo-ondoan. Hirurogeita hamarren bat urte zituen ez dakit nola itsusi daitekeen inor hainbeste hirurogeita hamar urtetan baina atso sendo eta osasuntsua zirudien. Eskumakila astun bat zeraman, eta susmoa hartu nion erabiltzeko prest zegoela. Nigan, noski.
Barka eragozteagatik esan nion bizkor. Dillon jauna nauzu, Ordainerraz almazenetakoa. Jakin nahi nuke...
Alde hemendik manu egin zuen. Alde hemendik! Guk ez diegu purtzileroei erosten.
Ez didazu ulertu esan nion. Kontu bat ireki nahi genuke zure izenean, noski, baina egia esan argibide batzuen bila etorri naiz. Jakin dudanez, Pete Hendrickson izeneko gizon bat izan omen zenuen lanean. Belarretan eta etxeko konponketak egiten. Esango al zenidake, arren, non aurki dezakedan?.
Duda-mudatan egon zen, maltzurkeriaz begiratzen zidan bitartean.
Dirua zor dizu, ezta? esan zidan. Aurkitu egin nahi duzu, zorrak ordainarazteko.
Inola ere ez gezur esan nion. Alderantzizko kasua da, hain zuzen ere. Diru gehiegi kobratu genion eta bueltatu nahi...
Baita zera ere! algaraka barre egin zuen. Deabruak eraman nazala gehiegi kobratu bazenioten mozkor alferrontzi horri! Ez dago inon Pete Hendricksoni aitzakiak eta lotsagabekeriak baino gauza hoberik aterako dionik.
Irribarre egin nuen eta sorbaldak altxa nituen. Normalean, guztiz alderantziz gertatzen da; oso gutxitan ematen dio inork kobratzaile bati norbaiten berri, nahiz eta etsairik okerrena izan. Baina noizean behin tamaina horretako jende zitala topatzen dugu, tipoa lepotik nola harrapatzen dugun ikusi nahiko lukeen norbait. Eta halakoxea zen puta zahar hura.
Gaiztoa eta alferra esan zuen. Ez zuen kolpe zorririk jotzen eta gainera doble kobratu nahi izaten zuen. Isilka hanka egin zuen eta beste lan bat aurkitu zuen, niretzat lan egin ordez. Esan nion damutuko zela...
Peteren helbidea eman zidan, baita nagusiaren izena ere. Lake Drive inguruko negutegi bat zen, ni nengoen lekutik etxadi batzuetara. Itxuraz hamarren bat egun zeramatzan han lanean. Oraindik ez zuen soldatarik kobratuko, baina hortxe-hortxe ibiliko zen.
Kexuka eta erreguka etorri zitzaidan bart arratsean esan zidan. Dolar batzuk eskatu nahi zizkidan soldata kobratu arte. Asmatuko duzu zer erantzun nion!
Pentsatzen dut esan nion. Hara, hemen nagoenez gero, gauza berezi batzuk erakutsi nahi nizkizuke...
Ezta pentsatu ere, jauna! atea itxi nahian hasi zen.
Utz iezadazu behinik behin erakusten esan nion, eta makurtu ondoren maleta ireki nuen. Tapagailuaren gainean zabaldu nituen gauzak, hizketan, gelditu gabe, aurpegia miatzen nion bitartean, interesik ote zuen ikusteko. Zer iruditzen zaizu koltxa hau? Oso prezio egokian utziko nizuke. Eta orrazi sorta hau? Musutruk dela esango nuke, andrea. Eta galtzerdi batzuk? Zapi bat? Eskularruak? Etxeko zapatilak? Ez badira zure neurrikoak, ekarriko dizkizut...
Ezetz ba indarrez eragin zion buruari. Ez dut purtzilkerietarako dirurik, jauna.
Ez duzu dirurik behar esan nion. Oso gutxi, egia esan. Orain egiten badidazu lehen ordainketa hauetako gauza batengatik edo guztiengatik, zerorrek erabakiko duzu gero nola ordaindu nahi duzun gainerakoa. Nahi adina denbora izango duzu ordaintzeko. ,
Baita zera ere barre egin zuen. Pete Hendricksonek bezala? Alde egizu, faborez.
Eta beste andrea? esan nion. Neska gaztea? Seguru nago egongo dela haren gustoko zerbait hemen.
Zer! marru egin zuen. Eta nola uste duzu ordainduko lizukeela horrek?
Dirua erabiliko lukeela pentsatu dut esan nion. Baina beharbada badu gauza hoberik.
Haserretzen hasia nintzen. Ez zitzaidan atsoa gustatzen eta atera niezaiokeen guztia atera nion ordurako. Zertarako hitz goxoak orduan?
Gauzak jasotzen hasi nintzen, bata bestearen gainean pilatuz, traste madarikatu haiek ez baitziren erraz puskatzen. Orduan, berriro hitz egin zidan, eta haren ahotsaren doinutxo limurtzaileak ustegabean harrapatu ninduen.
Gustatzen al zaizu iloba, jauna? Polita iruditzen al zaizu?
Bai, tira esan nion. Oso neska erakargarria iruditu zait.
Esanekoa ere bada, jauna. Zerbait egiteko esaten diot eta egin egiten du. Edozer gauza.
Primeran edo ederki iruditzen zitzaidala, edo antzeko zerbait esan nion. Horrelako egoeran batek esaten dituen gauzak. Salgaien maleta seinalatu zidan.
Hor daukazun zilarreria sorta, jauna. Zenbat eskatzen duzu?
Kaxa ireki eta erakutsi egin nion. Saltzeko asmorik ez nuela esan nion; egundoko mauka zela, eta niretzat gordetzeko asmoa nuela.
Zortzi lagunentzako, andrea, eta mahaitresna bakoitza zilar huts eta sendoz egina dago. Hirurogeita hamabost dolar eskatzen dugu normalean, baina gelditzen zaizkigun azkenekoak hogeita hamabi eta laurogeita hamabostean saltzen ari gara.
Baietz egin zuen buruarekin, keinu maltzurra egiten zuelarik.
Zuk uste ilobak... Zuk uste ordain dezakeela, jauna? Pentsatuko al zenuke moduren bat ilobak ordaindu ahal izateko?
Bai, jakina esan nion. Berarekin hitz egin beharko dut lehendabizi, noski, baina...
Utz iezadazu berarekin hitz egiten esan zidan. Egon zaitez hemen.
Alde egin zuen, atea zabalik utzita. Zigarro bat piztu nuen, eta zain egon nintzen. Eta, benetan, Biblia mordo baten gainean zin egingo nuke, ez nekiela zein zen atso haren asmoa. Zitala zela dudarik ez nuen; ez nuen ordea, halakoa ez zen jende askorik ezagutzen. Andrearen jokabidea barregarri samarra iruditu zitzaidan, baina halakoak ziren Ordainerraz almazenetako bezero gehienak. Zentzuzko jendeak ez zuen gu bezalako tipoekin traturik egiten.
Zain egon nintzen, eta trumoiak jotzen zuen bakoitzean ustegabean harrapatzen ninduen. Noiz arraio atertuko zuen pentsatu nuen nire artean. Euria egin zuen atertu gabe hiru astetan, eta ez zion inolako mesederik egin nire lanari. Salmentak maldan behera zebiltzan, kobratzeak zer esanik ez. Alferrik da atez ate ibiltzea eguraldi kaskarra egiten duenean: jendeak ez dizu aterik zabaltzen. Eta nik ditudan bezeroekin, laborariak eta antzekoak, ez dut ezer onik lortzen atea zabaltzen didatenean. Ez dute lanik izaten eguraldiaren erruz. Mehatxuz eta irainduz hitz egiten badiezu ere, ez dagoen lekutik nekez atera daiteke ezer.
Asteko berrogeita hamarreko soldata nuen, kotxeko gastuak ordaintzeko lain baino ez. Etekinak komisioetatik lortzen nituen, eta aspaldian ez nuen bat ere lortu. Zeozer irabazten nuen, jakina, baina ez zen aurrera egiteko nahikoa izaten. Bezeroen kontuak faltsutzen egiten nuen aurrera, kobratzeen zati bat harrapatuz eta txarteletako datuak aldatuz. Mementu hartan hirurehun dolar baino gehiagoko zorra egina nuen, eta norbaitek sudurra sartuko balu nik zorra kitatu baino lehen...
Madarikazio bat bota nuen ahopean eta zigarroa airean belarretara. Aterantz bira egin nuenean hantxe ikusi nuen neska.
Ez zuen hogei urte baino askoz ere gehiago, nire ustetan, adina asmatzen iaioa ez banaiz ere emakumeei dagokienez. Ile horaila eta kizkurtsua zuen, labankadaz moztu izan baliote bezala, eta begi ilunak. Seguruenez ez ziren neska bati inoiz ikusi dizkiodan begirik handienak, baina aurpegi fin zuri hartan, hala ziruditen.
Mantal zuri bat zeraman soinean, kamarerek eta ile apaintzaileek jazten dituztenen antzekoa. Lepoaldeak V sakona egiten zion, eta ingurune hartan eduki beharrekoa gainezka zuela ikus zitekeen. Baina behealdean, ezerrez. Unibertsitarien artean bezero pare bat nuen bertanmutilek esango zuketen haragitarako ez baina esnetarako zela egokiagoa.
Sarezko ateari bultz egin zion. Maleta lurretik altxa nuen, eta etxean sartu nintzen.
Ordurarte ez zidan hitzik ere esan, ezta ondoren ere. Neskak bira egin zuen eta sarreran barrena desagertu zen ia ni sartu baino lehen. Sorbaldak erori samarrak zituela ibiltzen zen, aurrerantz etzana balego bezala. Jarraitu egin nion; ez zirudien ipurdialdean ere gehiegi zuenik, baina forma aldetik ez zuen akatsik.
Egongela, jangela eta sukaldea zeharkatu genituen. Neska aurretik zihoan, eta nik ahaleginak egin behar nituen atzean ez gelditzeko. Ez zegoen atsoaren arrastorik. Hots bakarrak gure oinarenak eta ustegabeko trumoiarenak ziren.
Sabel barrena bihurritzen hasi zitzaidala nabaritu nuen. Salmenta hura egiteko hain premia larria izan ez banu, berehala alde egingo nukeen.
Sukaldearen alde batean ate bat zegoen. Zeharkatu egin zuen eta nik jarraitu egin nion... gehiegi hurbildu gabe, begirik kendu gabe. Zerbait esan nahi nion, baina ez nekien zer demontre izan zitekeen.
Logela txiki bat zen;, ohe bakarreko gela, egia esan, eta konketa bat, antigualeko azpil eta pitxarrarekin.
Leihosareak itxiak zeuden, baina zirrikituetatik argi izpiak iragazten ziren.
Neskak atea itxi zuen eta bizkar eman zidan; mantalaren gerrikoarekin jolasean hasi zen. Eta orduan antzeman nion zertan ari zen, baina, jakina, beranduegi zen. Beranduegi neska geldiarazteko.
Mantala lurrera erori zen. Ez zeraman ezer azpian. Bira egin zuen.
Nik ez nuen begiratu nahi. Min eman zidan, eta lotsatu egin nintzen... eta, ni, ni ez naiz erraz lotsatzen. Baina ezin izan nuen eragotzi. Begiratu beharra nuen, hura bazen ere bizitzan ikusten nuen azken gauza.
Ubeldu bat zuen, burdina gori batek egina balitz bezalakoa. Edo makila batek. Eskumakila batek... Eta odol tanta bat ikusi nuen...
Hantxe zegoen zutik, burua makurtuta, zain. Hortzak gogor estutzen zituen, baina kokotsa dardarka zuela ikus nezakeen.
Esan nion, «Jainkoarren, polita...» Makurtu egin nintzen eta mantala jaso nion lurretik. Desiratzen bainuen; atean, tximistargiak argitutako argazkia ikusi nuen mementu beretik desiratu nuela uste dut. Baina ez nuen inola ere modu hartan nereganatuko, ordainduko balidate ere.
Mantala edo dena delako harekin hasi nintzen neska estali nahian, baina ez nuen egitekoa behar bezala bukatu. Ez nik nahi bezain bizkor. Gauza arraio harekin borrokan ari nintzela, ez negarrik egiteko esan nion, neska polita eta azukre-koxkorra zela, eta ez niokeela mola ere minik egingo. Azkenean aurpegira begiratu zidan, eta uste dut gustatu zitzaiola ikusi zuena, niri beregan ikusi nuena gustatu zitzaidan bezalaxe.
Nigana hurbildu zen, eta burua kukubilkatu zuen vire bularraldean. Besoekin inguratu ninduen, eta nik gauza bera egin nuen. Hantxe egon ginen, elkarren besoetan; nik burua laztatzen nion eta ez zuela zertan negarrik egin esaten nion. Neska polita zela eta printzesa xarmanta, eta Dolly Dillon zaharrak zainduko zuela.
Barregarria iruditzen zait orain, gogoratzen dudanean. Harrigarria, egia esan. Ni ni bezalako tipo bat logela batean, larrugorritan zegoen emakume bat besarkatzen, eta burutik pasa gabe larrugorritan zegoela. Neska buruan nerabilela, larrugorritasuna kontuan hartu gabe.
Hala zen, ordea. Halaxe, haro zuzen. Biblia mordo baten gainean zin egingo nuke.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea