GAIZKILEAREN
ZOKO ILUNETAN BARRENA
Duela dozena bat urte pasatxo arte ez nuen Jim Thompsonen aditzerik ere. Garaitsu horretan irakurri nuen 1280 arima, Ondarretan hain zuzen ere, liburu arinez beste ia ezer irakurtzeko gogorik izaten ez den egun sargori horietako batez. Bidenabarrean esango dizut eskuartean duzun hau ere ezin aproposagoa dela horrelakoetarako.
1280 Arima liburuarekin, eta Thompsonen beste zenbaitekin, ustekabean, inoren gomendiorik gabe eta egileaz ezertxo ere jakin gabe topo egitea nekez ahazten den gauza da: hasieran irribarre egingo duzu zenbait ateraldirekin, algararen bat ere bai tarteka, eta azkenean, irribarre garratz bat geratuko zaizu ezpainetan seguru aski.
(Ez da erraza aurkitzen literatura beltzaren mundu osoan Nick Corey bezalako pertsonaia bitxi eta siniestrorik, berezko makiabelismoz hain horniturik, oharkabean ere beti aberiaren bat hain erraz asma dezakeenik. Baina aldi berean erdi ergela dirudien sheriff hau, itxurakeriak alde batera utzirik, gauza da boterearen izaera egiazkoa agerian uzteko: giza harremanen katramila askatuezinak gaina hartzen dionean, parean jartzen zaiona aurretik kentzeko joera nabarmena.)
Horrelako nobela guztizko bat irakurri ondoren zaila da idazle berak idatzitako gehiagoren atzetik ez hastea. Eta berehala konturatzen zara Thompsonek ez duela formula bera errepikatzen bere nobela guztietan, baina badirela behin eta berriz errepikatzen diren osagaiak; elkarrizketa bortitzak, fintasuna ezaugarririk nabarmenena ez duen umorea, pertsonaiek besterenganako duten jarrera gupidagabea, nahi baina ezin duen jendea...
Pertsonaia hautsiak dira Thompsonenak, irteerarik gabeak, zeharo galduak, egoerak gain hartu dienak, zer arraio egin ez dakitenak, zinemarako oso egokiak bestalde. Horregatik, Thompson bizi zelarik haren nobeletan oinarritutako filme asko egin ez baziren ere, duela gutxi ikusi ahal izan genuen Los timadores (The Grifters), eta laster izango dugu Ihesaren bertsio berria ikusteko aukera: Kim Bassinger eta guzti.
Emakume demonio honetako Dillon ere pertsonaia inguratu horietakoa dugu: emaztearen eta 'maitalearen' artean ezin erabaki (1280ko Nick Corey bezala, Myra emazteagandik ihesi Rose eta Amy ere apenas aski dituen han eta hemen lardaskan ibiltzeko), diru mordoa eskuratu eta ezin hartaz baliatu, arazoa konponduta dirudienean dena hankaz gora botako dion aluren bat azalduko zaio.
Emakume demonio asko azaltzen dira Thompsonen nobeletan, agian gehiegi. Stanley Kubricken Atraco Perfecto (Clean Break) filmeko emakume hura bezain lotsagabe eta mizto pozoitsukorik Jim Thompsonen gidoiari esker pantailetan gutxi ikusten badira ere, badira franko haren nobeletan. Eta gizonezkoak horiekin izandako eskarmentutik mintzo dira. Hona hemen adibide bat:
«Ikasgai baliotsua izan zen hura, bai, eta etorkizunean onerako izan zitzaidana. Puta txiki hark inoiz ahaztuko ez zitzaidan zerbait erakutsi zidan, zera: emakumeak zenbat eta politago izan eta gozoago jokatu zurekin hainbat eta gutxiago fidatu haietaz. Buruhausteak baino ez dizkizute eman nahi eta. Baliteke hasieran ez konturatzea, baina, konturatuko zara, bai horixe».
(Emakume demonioa, 120 orr.)
Baina ez pentsa Thompsonek pertsonaien artean bereizketarik egiten duenik haien barren ilunak agerian uztean. Ez da inor salbatzen: gizonezko nahiz emakume. Pertsonaiak baino gehiago karikaturak dira, baina karikatura onek bezala, errealitatea (nahi bezain partziala, nahi bezain distortsionatua, nahi bezain aldebakarrekoa), edo haren parte bat behintzat, bere modurik gordinenean agerian jartzeko ahalmena dutela ezin ukatu.
Thompson nobeletako gizonezkoak emakumezkoak baino okerragoak direla esan daiteke: lapur ziztrin, pailazo, psikopata, erdi-txoro-erdi-ergel, astakirten... antiheroez jositako sail amaigabea osatzen duen jendailatik kosta egiten da tajuzko bat aukeratzea.
Irakurleak aurretik ere badaki nobela beltzean ez duela aurkituko egoera, gertaera eta giro idilikorik. Baina jakinaren gainean dagoena ere harritzeko adinako indarra du Thompsonek, eta ez liburu batean bakarrik, baizik idatzi zituen 29 nobeletako askotan. Eta hori ez da merezimendu makala. Harridura horrek baditu bi alde gutxienez: batetik berehala konturatzen zara jeneroko nobela klasikoekin eta haien idazleekin duen lotura aski urruna dela, eta bestetik hark sortutako pertsonaiek normaltasun usain handirik ez dutela.
Chandlerrek esan zuen Hammettek krimena lorontzi veneziarretik atera eta bere benetako lekuan jarri zuela, kale gorrian alegia. Haren parafrasia eginez esan daiteke Thompsonek krimena kale beroetatik atera eta gizakiaren bihotz izoztuan jarri duela, benetan dagokion tokian. Gaizkia ez baita kanpotik datorren zerbait, baizik gizon-emakumeen isurkinei darien berezko hatsa.
Xabier Olarra, 1994-06-24
© Xabier Olarra